16 urte azpiko Beltzak RT Espainiako 8 onenekin lehian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 19a, 15:00
Euskal Liga irabazi ondoren, Espainiako 8 onenen artean dago Gure Etxea Beltzak ZRT

Errugbi eskolan lanak ongi egiten diren seinale da 16 urte azpiko Gure Etxea Beltzak ZRT taldea lortzen ari dena. Euskal Liga irabazi ostean, Espainiako Txapelketa jokatuko dute asteburu honetan.

Lehiaketa gogorra du aurretik talde zarauztar-lasarteoriatarrak. Izan ere, lau partidu jokatu beharko dituzte asteburuan. Norgehiagokak 17 minutuko bi zatiz osatuta daude. Taldeko lehenak geratuz gero, finala lehiatu beharko lukete beste taldeko txapeldunaren kontra. Hala ez balitz, beste postuen borrokan sartuko lirateke.

VRAC Quesos Entrepinares, Alcobendas eta Sitges dira fase honetan edukiko dituzten aurkariak. Hau da, Gaztela-Leongo, Madrilgo eta Kataluniako ligetako garaileak. Arduradunen ustez, "oso aurkari gogorrak".

Bestalde, 14 urte azpiko taldea ere bide onetik doa. Gipuzkoako txapeldun izan ostean, EAEko txapela lehiatuko dute Universitario Bilbaoren eta Gaztediren kontra Gasteizen.