16 urte azpiko Beltzak Euskal Ligako Txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 10a, 19:47
Gure Etxea ZRT Beltzak taldeak Euskal Liga irabaztea lortu zuen Irungo Plaiaundin Bera Bera 15-36 garaitu ostean

Urte osoan zehar egindako lan onaren ordaina jaso zuten 16 urte azpiko Gure Etxea ZRT Beltzak taldeko kideek. Fase erregularrean lehenengo postuan bukatu zuten, eta joko onari eutsiz, nagusi izan dira Liga irabazteko kanporaketetan ere. Finalean Donostiako Bera Bera izan zuten aurkari. Lehia bizia izan dute bi taldeek, Gasteizko Escor Gaztedi RT-rekin batera, eta amaieran jokalari lasarteoriatar eta zarauztarrez osatutakoak eskuratu du sari nagusia.

Baloiaren jabetza menperatzea lehenetsi zuten Gure Etxea Beltzak-eko jokalariek lehenengo minutuetatik. Zelaian nagusituz, puntuak pilatzen hasi ziren eta atsedenaldira abantaila nabariarekin joan ziren. Norgehiagokari buelta ematen saiatu zen bigarren zatian Bera Bera, baina ederki eutsi zioten markagailuari 'beltzek'. 

Liga eurenganatu dute, baina erronka handiak dituzte aurretik oraindik ere. Maiatzaren 20an eta 21ean Valladoliden egongo dira Espainiako Txapelketa lehiatzen. Arduradunek adierazi dutenez, "bere onena ematear" dago oraindik taldea.