Ia 170 herritar iritsi dira Bulebarrera

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko aza. 12a, 20:50
Behobia-Donostia lasterketan parte hartzeko asmoz, ia 200 herritarrek eman dute izena aurten. Datu ofizialen arabera, ia 170 iritsi dira helmugara. Ia 26.000 korrikalarik hartu dute parte, eta mila gutxiago iritsi dira bukaeraraino; azkarrenak Carles Castillejo eta Aroa Merino izan dira, iaz bezala

Korrika egiteko giro aparta egin du gaur: tenperatura freskoa, zeru hodeitsua, eta ia euririk ez (10:30ak aldera bota ditu tanta batzuk, baina segituan geratu du). Ia 31.000 lasterkarik egin dute aurtengo Behobia-Donostia. Marka egitera joan dira asko, eta egunaz gozatzera beste hainbat; tartean, ia 200 herritar (gehienak korrika, eta bi patinekin irristaka). Datu ofizialen arabera, 169 iritsi dira Bulebarreko helmugara. 

Carles Castillejo kataluniarra eta Aroa Merino kanariarra izan dira irabazleak, iaz bezala. Ordubete eskas eta segundo batzuk behar izan ditu Castillejok 20 kilometro pasatxoko ibilbidea osatzeko. Minutu batzuk beranduago iritsi da Merino: erlojua 01:11.05 segundotan geratu du.

Merino baino apur bat lehenago helmugaratu da David Martin, Lasarte-Oriako atleta zaildua. Bera izan da herritar azkarrena: 20 kilometroak 01:10.46ko denboran egin ditu. Jon Presa handik gutxira iritsi da, 01:11.39ko denborarekin. Emakume azkarrena Maite Salazar izan da. Ordu eta erdi pasatxo behar izan du ibilbidea bukatzeko (01:32.17). Herritarren emaitzak hemen ikusi daitezke.

Patinatzaileen modalitatean, aurrez izena emandako bi lasarteoriatarrak iritsi dira Bulebarrera. 35. postuan helmugaratu da Iker Turrillas (53:15), eta 112.ean Iñigo Suberbiola (01:04.28).

Herriko hainbat gaztetxo ere animatu dira Behobia Gaztea lasterketan parte hartzera. Datu ofizialen arabera, hamasei neska-mutilek bukatu dute proba. Sailkapenak esteka honetan daude ikusgai.