Arerioek majo izerditu beharko dute Ostadar SKTri irabazteko. Ez dituzte puntuak oparituko Asier Aizpurua eta Ander Rekondoren mutilek. Hori bai, eurek ere gogotik egin beharko dute lan puntuak zakuratzen hasteko. Hori da Erregional Preferentea: maila berdintsuko hamasei talde. Detaile txikiek erabakitzen dute nora doazen puntuak. Atzoko hiruak Donostia aldera joan ziren. Detaile txiki batzuengatik, esan bezala. Michelinen aurrenekoz aritu ziren atzo urdin-beltzak ligan. 0-1 galdu zuten. Lanean segi behar. Inork ez zuen esan erraza izango zenik.
Lerro gutxitan laburbildu daiteke lehenengo zatia. Aukerei dagokienez bai behintzat. Bi taldeetako batek ere ez zuen jaurti atera. Eta, horrela, zaila da gola sartzea. Indarrak neurtu zituzten bi taldeek, bestearen ahuleziak zeintzuk ziren aztertu. Eta bertuteak itzalpean uzten saiatu. Lortu zuen hori Ostadar SKTk, aurreneko minutuetan batez ere. Baloia atzeko lerrotik jokatzen saiatzen da Martutene, eta ongi egiten du. Presio itogarria egin zuten urdin-beltzek. Horrenbeste, etxeko taldeko jokalariak eurak ito zirela. Baina eman zituen fruituak, eta donostiarrek ezin izan zuten eroso jokatu. Konturatzerako, aldageletara erretiratzen hasi ziren bi taldeak. Markagailuan, 0-0ekoa.
Detaile txikiak, ondorio handiak
Berdin jarraitu zuen partiduaren gidoiak atsedenalditik bueltan. Bi taldeek nekez lortzen zuten baloiarekin arerioaren ate ingurura iristea. Horrelakoetan, geldikako jokaldiak dira golak sartzeko lanabes onenak. Martutenek jakin zuen baliatzen, eta 55. minutuan sartu zuen 0-1ekoa. Polemikoa izan zen gola: etxekoek protesta egin zuten, Martuteneko jokalariak falta egin zuela errepikatuz behin eta berriro. Hortik aurrera, hautsi egin zen neurketa eta errazago hasi zen iristen kanpoko taldea Iñigo Otaegiren ate ingurura. Ostadar gogotik saiatu zen norgehiagoka berdintzen, baina ez zuen arriskua sortzen asmatu. Villarejok area kanpotik egindako jaurtiketa bat izan zen herritarren aukera garbiena. Gainera, hamabost minuturen faltan, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Ostadar, Egoitz kaleratzea erabaki baitzuen epaileak.
Korner jaurtiketa horrek erabaki zuen partidua, eta Donostia aldera joan ziren hiru puntuak. Detaile txikiak, ondorio handiak.
Talde oso gaztea
Azpimarratzekoa da Erregional kategoriako taldearen aurtengo itxura aldaketa. Jokalari beterano gehienek taldea utzi dute, eta gazteek hartu dute lekukoa. Atzoko hamaikakoaren batez besteko adina 20,36 urtekoa izan zen. Etorkizuna badago herrian. Geroa badago, baina orainetik hasten da eraikitzen. Material garrantzitsuenetako bat falta zaio Ostadarri, oraingoz: puntuak. Bi partidu, eta bi porrot. Baina onak dira sentsazioak. Iritsiko dira golak eta garaipenak.
Ostadar SKT: Iñigo; Dani, Navarro (Joaquin), Urruzola, Martin (Masa); Iribar, Artetxe, Bermejo (Villarejo); Egoitz, Korta (Andoni) eta Ivan (Beni).