Aritz Solano txapeldun lau t'erdian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 24a, 13:41

Ekialdeko faseko finala jokatu dute Intzako Aritz Solanok eta EPLEko Donibane Zangituk. Herritarra gailendu da, 22-17. Axier Arteaga lagunak eman dio txapeldunaren kopa.

Hasieraratik bukaerara arte sinetsi du eta jaso du merezitako saria. Aritz Solanok irabazi du lau t'erdiko ekialdeko fasea. Errenteriako EPLE taldeko Donibane Zangiturekin neurtu zituen indarrak atzo arratsaldean, Michelingo pilotalekuan. Lan asko eginda, 22-17 irabazi zuen lasarteoriatarrak. Axier Arteaga lagunak eman zion txapeldunaren kopa.

Ongi sakatzen dakien pilotariak abantaila duela esaten da katedran. Atzo ikusi zen zergatik: galtzen hasi zen Solano, 0-1, baina sakea eskuratu zuenean sei tanto egin zituen jarraian. Hor lortu zuen partiduko aurreneko tanto alde esanguratsua. Zangituk gorriak eta bi ikusi zituen herritarraren sake zitalak erantzuteko.

Txanponaren beste aldea ikusi zuen segidan Solanok. Ezin izan zion eutsi Zangituren pilotakadari eta sakea galdu zuen. 6-2 une horretan. Handik minutu gutxitara, 6-9. Zabalean maisuki utzitako pilota batekin moztu zuen odol jarioa lasarteoriatar gazteak eta atsedenaldira joan zen. 7-9. Izerditzeko asko oraindik.

Dagoeneko famatu bilakatu den animo oihua entzun zen atzo ere frontoian: "Segi pelotan!". Atzo Aritz Solanok entzun zuen hori. Makina bat alditan kantatu izan dio baita ere Axier Arteaga koadrilako lagunari, frontoiz frontoi.

12. tantotik aurrera, gorri

Atsedenalditik bueltan are gehiago orekatu zen partidua. Berdinketa edo tanto bakarreko aldea Zangituren alde. Markagailuak 10-10ekoa islatzen zuenean EPLEko pilotariak lau tantoko aldea ireki zuen, 10-14. Solanok ez zuen amore eman ordea, inola ere, eta bi tantora gerturatu zen. Hamabosgarrena egin zuen segidan Zangituk.

Hori izan zen luzaroan egin zuen azken sakea, Solanok 8-0eko partziala sartu ziolako. Bere errepertorioko onena erakutsi zuen herritarrak Michelinen: sake zitalak, txokoan zein zabalean ederki utzitako pilotak, hormabikoak... Zangituk ezin izan zuen haize erauntsia geratu, eta borrokatzen jarraitu bazuen ere, pare bat tanto gehiago ez zituen egin, eta Lasarte-Orian geratu zen txapela.