Euriak eta lokatzak ez dituzte pedalkadak gelditu

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko api. 2a, 20:52
Goizean goiz ohetik altxa eta eguraldiari begiratuta, bat baino gehiagok egingo zuen seguru asko etxean goxo-goxo geratzeko plana. Ez dute hori pentsatu Lasarte-Oriako BTT proban parte hartu duten 403 txirrindulari ausartek. Euria euri eta lokatza lokatz, pedalkadaz pedalkada osatu dituzte 28 zein 38 kilometroko ibilbideak.

Goizeko 09:25. Antonio Mercero plazako lurra ez zen ikusi ere egiten ordurako: laurehun txirrindulari baino gehiago zeuden Lasarte-Oriako 7. BTTa noiz hasiko zain. Une horretan oso argi geratu da eguraldiak ez zuela lasaitasunerako tarterik emango: pedalei eragiten hasi baino pare bat minutu lehenago sekulako euri-jasa hasi du. Dena den, hori ere ez da oztopo izan, eta abiada bizian ekin diote probari parte-hartzaileek. Guztira 403 animatu dira aurten (435 zeuden izena emanda), iaz baino ehun inguru gehiago. 

Euriarekin hasi baino lehen busti dira mendi-txirrindulariak. Lokaztu, handik gutxira, Andatza mendian barrena ibiltzen hasi direnean. Halere, 28 zein 38 kilometroko ibilbideak trebeziaz burutu dituzte (bata edo bestea egiteko aukera 19. kilometroko anoa postuan hartu dute txirrindulariek), eguraldi txarrari entzungor egin eta pedalkada bakoitzaz gozatzen. 

Antonio Mercero plazan zain zituzten lagun eta ahaideak. Egun euritsuak tarte bat eman eta gehienek ateri zeharkatu ahal izan dute helmuga. Irteera-lerroko mailotek kolore ugari zeuzkaten, baina helmugan, bakarra: marroia. Hori bai, lokatzak ezin izan du estali parte-hartzaileek proba amaitzean aurpegian josita zeramaten poztasun eta satisfazio irribarrea. Bizikletak ahal zuten tokian utzi, eta antolatzaileek goiz-goizetik prestatzen hasi diren jaki eta edari desberdinak dastatu dituzte indarrak berritzeko. Ondoren, hala nahi izan duenak, bizikletak mangerarekin garbitu eta Maialen Chourraut Udal Kiroldegian dutxa beroa hartu du etxeratu aurretik.

Kronika bukatzear dago eta ez zaie lerro bat bera ere eskaini emaitzei eta sailkapenei. Hori ez da garrantzitsua. Baina, aipatzekotan, gauza bakarra, labur-labur: kirolak irabazi du, beste behin.

Argazki galeria