Ostadar garaile lehen itzuliko derbian (0-6)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ots. 5a, 13:32

Iaz gertatu bezala, 1go erregional mailako Kopa irabazteko lehian ari dira herriko bi taldeak, Texas Lasartearra eta Ostadar SKT. Multzo berean daude biak, eta atzo arratsaldean jokatu zuten elkarren arteko lehenengo derbia. Ostadar nagusitu zen, 0-6.

Bigarren zatian erabaki zen Texas Lasartearra eta Ostadar SKTren arteko atzo arratsaldeko derbia: 46. minutuan ireki zuen markagailua Julen Lopezek, eta 78.era bitartean beste bost gol sartu zituen Ander Rekondok eta Asier Aizpuruak zuzendutako taldeak. Gauzak horrela, 1go Erregional mailako Kopako euren multzoko liderrak dira, 9 punturekin. Texas ere multzo berean dago, eta txapelketa honetako lehen fasea ederki hasi bazuen ere, azken jardunaldietan ez du lortu garaipenik, eta 7. postuan dago 3 punturekin.

Derbiak beti dira derbi, eta hasi baino lehen bi taldeko jokalariak elkarri animoak ematen aritu ziren etengabe. Epaileak norgehiagokari hasiera eman aurretik, bi taldeetako kideak elkartu, eta, kirol-legez, argazkia atera zuten guztiek elkarrekin.

Texas, bat gutxiagorekin

Orekatua izan zen lehenengo zatia. Ostadarrek aukera garbi bat izan zuen hasi eta berehala, baina Egoitz Rodriguezek ez zuen atezainaren aurrean asmatu. Hortik aurrera, ordea, ez zuten abagune argirik sortu bi taldeek. Oreka Michelinen.

30. minutuan aldatu egin zen norgehiagoka: Texas hamar jokalarirekin geratu zen, epaileak txartel gorria erakutsi ziolako taldekide bati, baloia jokoan egon gabe aurkari bat kolpatzeagatik. Baldintzatu egin zuen horrek norgehiagoka, baina Ostadarrek ezin izan zuen golik sartu lehenengo zatian, Texasek lan defentsibo ona egin baitzuen atsedenaldira bitartean, eta kontraerasoren batean gola sartzea bilatu, arrakastarik gabe.

Gol-erauntsia bigarren zatian

Bigarren zatia hasi eta berehala sartu zuen Ostadarrek 0-1ekoa, 46. minutuan; Julen Lopez izan zen goleatzailea. Handik bederatzi minutura arratsaldeko bigarrena erdietsi zuen Lopezek berak, eta neurketa erabakita utzi zuen Kevin Wensesek handik gutxira: 56. minutua, eta 0-3 markagailuan.

Zama astunegia izan zen hori Texasentzat; saiatu ziren markagailuari eusten eta golen bat sartzen, baina ezin izan zuten. Ostadarrek, kontrara, aukerak sortzen jarraitu eta gol gehiago sartu zituen: Egoitz Rodriguezek bi eta Jon Kortak bat.

  • Texas Lasartearra: Lester Ordoñez; Asier Alonso, Sergio Barrado (Alfredo Varela, 48. minutuan), Aritz Hernandez (Miguel Angel Gomez, 56. min.), Enetz Hernandez (Iosu Garcia, 48. min.); Eddy Espino, David Diaz (David Castro, 86. min.), Asier Avila, Ander Iñigo Tarrero; Jon Ander Cespedes eta Eder Juanes.
  • Ostadar SKT: Julen Ormazabal; Dani Lopez, Xabier Herrero (Joakin Ramos, 59. minutuan), Asier Sanchez, Josue Aguilera; Jon Mikel Arin (Alex Fernandez, 28. min.), Iban Vazquez, Kevin Wenses (1) (Iker Artetxe, 59. min.), Egoitz Rodriguez (2); Julen Lopez (2) (Jon Korta, 62. min. (1)) eta Mikel Gonzalez.

Multzo bera, joera desberdinak

1go erregional mailako Kopako bigarren multzoan ari dira lehian Texas Lasartearra eta Ostadar SKT. Zuri-urdinek ederki ekin zioten lehen faseari Euskaldunari 1-3 irabazita, baina hurrengo hiru neurketak galdu egin dituzte eta lehenengo postuetatik urrundu dira. Datozen jardunaldietan alde hori murrizten saiatuko da Texas, historikoki zeresan handia eman izan baitu konpetizio honetan.

Ostadar SKT, berriz, ederki ari da: lau partidutik hiru irabazi ditu, gol asko sartuta gainera, eta multzoko lidertzan da, bederatzi punturekin, Euskalduna eta Lazkaorekin berdinduta. Datozen asteetan postu horiei eustea eta Kopagatik borrokatzea dituzte helburu urdin-beltzek.