Zorionak Landaberri!

unai-munoa 2016ko eka. 3a, 10:30

Aurten berrogeita hamar urte bete ditu herriko ikastolak. Inolako zalantza izpirik gabe, Lasarte-Oria euskalduntze bidean izan duen eragina ikaragarria izan da, eta gaur egun dugun osasunaren eragile nagusienetako bat ere bada, beste hainbat eragileren artean. Beraz, ezer baino lehen, eskerrak eta zorionak bidali nahi dizkiet bertan lanean aritu diren eta dabiltzan irakasleei, gurasoei, ikasleei, atezainei... (ospakizunetan ez badaude ere, berdin deritzot herriko gainontzeko ikastetxeen gainean)

Baina zeintzuk dira etorkizunerako erronkak? Nolako ikastola ospatuko dugu berrogeita hamar urte barru? Etorkizunak hartuko al du iraganaren lekukoa? Iritzi artikulu honetan galderak gehiago ditut erantzunak baino, hausnarketa sakon bat eskatzen duen gaia baita hau.

Ikastola omentzen badugu ere, ikastetxe publikoa da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Garai bateko instituzio ofizialen onespenik gabe sortu zena, egungo instituzioen esku dago orain, eta alderaketak balio ez badu ere, eragin handia izango du horrek etorkizuneko proiektu bati begira. Nork emango dio forma eta mamia gure seme-alabak heziko dituen ikastetxeari?  Goi mailako politikari burokratikoek? Zozketa baten ondorioz aukeratutako irakasle talde batek? Gure izaera politiko-soziala onartzen ez duen estatu batek?

Hezkuntza politizatu beharreko gaia dela deritzot. Gure seme-alabak nola eta zertarako heziko ditugun, ikastolak herriarekin zein harreman mota izan behar duen, guraso elkartearen funtzioak zeintzuk izan behar duten, erabili beharreko hizkuntza politika estrategikoak zeintzuk diren… Asko dira zehaztu beharreko gakoak, eta ez badugu gaia mahai gaineratzen, ez badugu hezkuntza sistema egungo beharretara egokitzen, ez bagara prozesu horretan aktibatzen… Noren esku geratuko dira erabakiak?

Aitortzen dut iragana ilusio handiz ospatzen dudala, eta bai eta eskertu ere gaur arterainoko bidea egin dutenen ahalegina eta lortutako emaitzak, baina balio beza urtemuga honek nolako ikastetxeak nahi ditugun herrian eztabaidatzeko, adosteko eta eraikitzeko. Hori bai, denon artean eta denontzat.