Ongi etorri Arnaldo

unai-munoa 2016ko mar. 18a, 09:42

Arnaldo Otegi berriro ere gure artean izateak ilusio apur bat ekarri du.  Elgoibartarrak berezkoak dituen baikortasuna eta aldarte politikoak etorkizunari ateak zabaldu balizkio bezala, eta hori zalantzarik gabe albiste ona da. Oraindik orain, iraganeko minari kateatuta sentitzen gara asko eta asko, besteak beste, bake nahia eta elkarbizitzarako apustua alde bakarrekoa baita. 

Konfrontazio militarrak utzitako oinaze zein nekeak ugariak  dira, eta ekaitzaren ostean barealdiak beharbeharrezkoak diren moduan, geuk ere behar izan dugu hausnarketarako tartea. Baina, zeintzuk dira etorkizunerako erronkak?

Nire uste apalean, kulturgintzak egiteko asko du bide horretan. Herri koloretsu bat eskaini behar diogu gizarteari, egungo arazo sozio-ekonomikoei erantzungo dien proiektu politiko zehatza eraiki eta proposatu  behar dugu,  balore ezkertiarrak sustatu, euskararen ekosistema aberastu, herritarrak euskal nortasunaren jiran antolatu, kaleak kantuz, bertsoz, antzerkiz, literaturaz, musikaz, aldarrikapenez …bete, kartzelak hustu… 

Beste mundu bat posible dela sinetsi behar dugu, eta mundu berri hori txikitik handira marraztu, guretik mundu zabalera kutsatzeko. Asko dugu eskaintzeko, asko dugu esateko eta asko dugu egiteko. 

Galdera berrien aurrean, ezin dugu erantzun zaharrekin jarraitu. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zait belaunaldi berriei lekukoa ematea, azken batean, gaur egungo gazteok ditugun arazoak eta baldintzak oso ezberdinak direlako. 

Hartu dezagun arnas, amestu dezagun etorkizuna eta eraiki dezagun denon artean Euskal Herri koloretsu hori. Ez dakit Arnaldo izango den gure hurrengo lehendakaria, nahiko nuke. Baina, hala izan edo ez izan, herri honek badu nahiko indar aurrera egiteko. Atera gaitezen kalera eta egin dezagun irri, Otegik esango luken bezala, irabaziko dugu-eta.