Udaberriaren atarian izanda, erakusleihoen koloreak nabarmen aldatzen hasi dira. Atzean geratzen ari dira neguko tonuak: beltzak, grisak, marroi zein urdin ilunak… Koloreek urtaro berri bat igartzen dute. Halere, azken boladan badira beste kolore batzuk gurean modan jarri direnak, udaberrian nahiz neguan. Kaleetan, ikastetxeetan, hainbat lantokitan… horia, urdina eta berde iluna paisaiaren parte bilakatu dira jada. Egun, ohiko zaborrak apainduta agertzen dira kolore ezberdineko poltsekin. Kolore bakoitzak esanahi bat du. Ezaguna da: urdinean papera, horian -nagusiki- plastikoa eta berdean ilunean gainontzekoa.

Ez dakigu geratzeko etorri diren edo birziklapenaren garapenak ordezkatuko dituen oraingo ontziak eta koloreak beste batzuengatik. Denborak esango digu. Azken finean, birziklapena gizakiaren historian zehar garatu den praktika bat da. Eta pentsa daiteke gero eta protagonismo handiagoa izango duela gure bizitzan. Birziklapenak bizi iraupenarekin, beharrarekin, aurrezteko nahiarekin du, besteak beste, lotura. Birziklatzen da zaharra berriz margotzen denean, puskatutakoa konpontzen denean, behar ez duguna oparitzen dugunean, eskura ditugun erabilitako osagaiekin zerbait sortzen dugunean… Praktika guzti hauen atzean positibotzat jo izan ditugun balioak egongo lirateke. Baina denborarekin, balio horiek bigarren maila batean uzten joan gara eta beste batzuei eman diegu lehentasuna: distira egiteari, berria izateari, modernoa izateari, modan egoteari, kontsumitu eta erosteari… Bai, baloreaz ari gara, ez bakarrik koloreen kontuaz.