Lasartetik Uhartera!

unai-munoa 2014ko eka. 13a, 11:20
Euskaldunok gaitasun berezia izan dugu gutarrak bereizteko orduan, bereziki norbere minetan gotortuta bizi izan garen garai gogorrenetan. Orain badirudi kopeta ageri zaigula lubakiaren goikaldetik, guda eremua gainbegiratu eta plazara irteteko behar beste berme ba ote dagoen ziurtatu nahian edo. Baina, nortzuk garen gutarrak eta nortzuk ez argi daukagu, oraindik orain. Mila lasartear inguru ados jarri ziren Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, elkar eskutik heldu eta giza-kate erraldoi baten bidean, herri gisa geure geroa marrazteko eskuak lotzen dizkiguten kateak hausteko ideian. Independentziaren aldeko zein aurkako buru guztiak estaltzen dituen aterkia behar luke, ez baitu helburua aldarrikatzen, erabateko demokrazia ariketa bat, baizik. Ez du gizartea zatitzen, kontrakoa, ia zatituta dagoen herri bati bat egiteko aukera eman nahi dio, gehiengoen zilegitasunez.Kolore anitzeko koadroa osatu genuen, marko bakarrean kabitzen dena, errealitate jakin bat islatzen duena. Gutarrak direnak eta ez direnak batzen dituena. Denok gara herria. Denok gara etorkizunaren giltza. Denona da erabakia eta hitza. Eskuz esku sentitu genuen ilusioa, festa giroa, esperantza, borondatea, errespetua… Ez genuen ondokoari eskua emateko errezelorik, ez eta elkarren idearioa epaitzeko gogorik, herri indarra garraiatu nahi genuen eskuz esku, irriz irri, herriz herri.Etxean geratu zirenak, guztiz inplikatzeko beldur direnak, ukatzen gaituztenak. Denek izan behar dute bidai-lagun. Urte asko joan zaizkigu lubakietan eta galdutakoen minetan. Badirudi Estatuak ez duela treguarik emango, eta esku-burdinekin eten nahi duela demokraziaren giza-katea. Baina, alferrik dabiltza. Gero eta gehiagok argi daukagu: Gure esku dago!