Ideologiaz beteriko gizarte batean bizi gara, ahoa arrazoiz bete-bete. Ideologiatik begiratzen diogu munduari, eta bakoitzak berea du, errealaren jarraitzaile sutsua izatea bada ere. Kasu askotan, gehienetan ez esatearren, norbere esentziaren lekua betetzeraino.

Pertsonak adina egi daudela pentsatuz gero, arrazoiak ez du horrenbesteko eragina, egiaren zein talaietatik begiratzen dugun baino ez du adierazten .Galdera interesgarriagoa iruditzen zait, zertarako erabiltzen dugun ideologia.

 Zergatiaren zati bat, helburu kolektiboen baitakoa  izan daiteke. Gizakiok, eraginkorrak izatekotan, elkartu eta ametsak bateratu egin behar ditugu, baldin eta beteko badira. Baina bestetik, norberak ere ematen dio funtzio pertsonal bat ideologiari, talde baten gerizpean nor izateko, adibidez.  Horrela, arrazoiketan ona denak besteen onarpena eta begirunea lortzeko erabili dezake, edo taldearen  babesa eta identifikazioa lortzen ditu, edo bere zenbait auzi emozional eta pertsonalen irtenbide bihurtzen du, bereak diren amorruei irteera bat emanez, kasu.

Beraz, bi galdera sakon egin geniezazkioke geure buruari: zer pentsatzen dugun eta zertarako pentsatzen dugun horrela. Zein erabilpen ematen diot ideologiari? zein funtzio betetzen du nire bizitzan? Zein onura dakarzkio komunitateari? Hori geure burua gehiago ezagutzea litzateke. Zeren, ideiak sortu eta eraiki badaitezke, sinestaraztea lortuz gero, edonoren bidea baldintzatu liteke, bai eta bere etorkizuna ere. Besteak diozuna sinestea baino ez duzu behar.

Ez zait iruditzen kontua ideologiak baztertzea denik, egin garenaren sukaldera noiz edo noiz bisitatxoren bat egitea inteligentea dela baino ez dut esaten. Beste hitz batzuetan, gure sistema informatikoa zein programekin osatu diguten eta osatu dugun erreparatzea, askea izaten hasteko premiazko urratsa dela diot. Beti baitago aukera programa zaharrak deuseztatu eta berriak ezartzeko.

Eten gabeko garapenean, gizakia zein gizadia, naturaren mugimendu dinamikoan bizi gara, atzeraka edo aurreraka, egiten dugunaren jakitun edo nora ezean, norberak aukeratutako bideari jarraika edo korronteak garamatzan errekatik …

Dena dela, mugitzea baino ez zaigu geratzen.