Gogoan dut txikitan, herriko denbora eta erritmoa guztiz baldintzatua zegoela garaiko lantegiek inposatzen zuten ordutegi, zein egutegiengatik. Michelingo sirenarekin batera langileek kaleak betetzen zituzten lanerako bidean ilara amaiezina sortuz. Orain tupperrak, baina garai hartan fianbrerak ziren protagonistak, langileek bularra aldean gurutzatuta zeramatzaten poltsetan gordeta. Batzuetan ilara luze horrek harrapatzen gintuen Okendo zaharreko petrilean eserita. Ikusgarria zen. Herria hustu eta bete, mantsotu eta azkartu egiten zen joan etorri horien eraginez. Olatuen antzera sentitzen nituen. Oporraldiek ere guztiz baldintzatzen zuten herriko martxa. Abuztukoak hasterakoan dena hutsik, isilik, geldituta. Amaitzerakoan kaleak berriz beteta, zaratatsu, mugimenduan.
Urte batzuk joanda egoera bestelakoa da. Nabarmenak dira ekonomian edota lan munduan suertatutako aldaketak, Lasarte-Orian, zein mundu osoan. Garai hartako langile gehienak jubilatuta daude. Enpresen tamaina erruz txikitu da. Batzuk desagertu dira. Merkataritzan eta zerbitzuetan gora-behera handiak izan dira… Egun, beraz, zerk baldintzatzen ditu herriaren denbora eta erritmoak? Neurri handi batean umeen mantalak direla esango nuke. Euren ordutegia eta egutegiak, eskolakoak. Txirrinak sirena ordezkatu du, motxilak langileen poltsak, umeen lasterketak euren pausu arinak. Beraiek betetzen dute kalea. Euren joan-etorriak mantsotzen edo azkartzen dute herriko bizitza. Eta hor gabiltza, gutako asko, iraila berotsu honetan, euren atzetik erritmoa hartu nahian…