Enprendedoreei buruz ari naiz. Lehengo astean, enpresarien elkarteko presidenteak hautsak harrotu zituen ekintzarako senik gabe ikusten zituelako oraingo gazteak. Etorkizuna dugula jokoan, gaineratu zuen. Erabili zituen hi-tzen gordintasuna aparte utzita, funtseko gaiari heltzea kostatu egiten zaigu. Esango nuke arazoa ez dela gazteena bakarrik, gizarte osoarena baizik. Gazte, heldu eta erretiroan gaudenona. Oro har, guztion erantzukizuna badena, tajuzko herrigintza garatu nahi badugu.

Baina, ekonomiaren arlora itzuli nahiko nuke. 2014ean, gure Elkarte Autonomoan ekintzailetzak izan duen indarraren azterketa orain egun gutxi aurkeztu dute. Bertako Unibertsitate guztiek elkarlanean egindako ikerketa dela ikusteak sinesgarritasun handia ematen dio lanari. Datuak 2013koak baino hobexeagoak dira. Enpresen desagertzea gelditu egin omen da eta ekintzaile gehiago dagoela diote. Hala ere, ingurukoen bataz besteko ekintza mailaren atzetik gaude. Gizarteak ekintzaileekiko duen iritziak ere okerrera egin duela dio ikerlan honek.

Hartsuaga antropologoak honelaxe dio: “goitik edo kanpotik inork ez baditu gure arazoak konponduko, gerok konpondu beharko ditugu”. Gauzak gure esku daudela aho beteka aldarrikatzea oso ondo dago, baina gure bizibidearen berma bakarra lana sortzen duten ekintzak bultzatzea da. Ekimena duen herria bezala ezagunak izan gara mendeetan. Eta horrek lagundu digu XXI menderarte herri bezala irauten. Susta dezagun ekintzailetza gure artean, eta babes ditzagun gure ekintzaileak, etorkizunean gure buruaren jabeago izan nahi badugu behintzat.