Azken aspaldi honetan, krisiak bazter guztiak zipriztindu ditu. Krisia heldu ez den txokorik ez da geratzen, izurritearen gisa hedatu eta zabaldu da denean, han eta hemen.

Murrizketen aroa dela esan daiteke, guraizez batzuk eta aizkorakadaz besteak. Non-nahi gertatu dira kaleratzeak, enpresa handi zein txikitan, soldata jaitsierak, desjabetzeak, hezkuntza eta osasunean murrizketak, etab.

Honek guztiak gizakiongan du eragin zuzena, gugan hain zuzen ere, eta bada nahikoa motibo burumakur egoteko.

Ikusi besterik ez dago autobus geltokia: bertako ilaran zain daudenetatik gehienak, burumakur. Haur parkeetan ere berdintsu: haurrak jolasean dabiltzan bitartean, hainbat guraso, burumakur. Kafetegietan, dendetan edo kalean hara eta hona dabiltzan asko ere, gazte zein heldu, burumakur.

Baina ez da krisia burumakur jartzen gaituen motibo bakarra. Gure etxeetan, edo hobeto esanda, gure patriketan sartu den gaitz kutsakorra baino ez, sakelako telefonoa, alegia.

Uneoro eta non-nahi ikus dezakegu norbait telefonoa eskuan, eta bertara, burumakur. Mezuaren zain agian, salbazioa Whatsapp bidez iritsiko denaren itxaropenez.