Nahi baino lehenago iritsi da oraingoan ere. Ezin diogu aurpegiratu abisatu gabe etorri denik, urte hasietatik baitzuen tren txartela erosia eta etorriko zenaren jakitun ginen. Sukaldeko horman zintzilik dugun egutegian apuntatuta izan dugu hitzordua urte osoan eta halere, ezustean harrapatu gaitu. Badu horretarako besteek ez duten gaitasun bat. Besteek baino isilagoan egin ohi du gureganainoko bidea. Ez digu aurrez mezurik bidali prestatzen joan gintezen eta aterik ere ez du jo lotsagabeki barrura egin aurretik.

Horrela sartu zaigu, sukalderaino, baimenik eskatu gabe. Urteroko tokian utzi du agendaz, orri zuriz eta konpromisoz betetiko bere larruzko maleta handia eta bere etxean balego bezala atera dizkigu armairutik jertseak, txaketak eta lepokoak. Inoiz baino lehenago itzaltzen digu argia iluntzetan, osasunerako ona den aitzakian hotza pasarazten digu tarteka eta hori gutxi ez eta tabernaren batean ahaztu genuen aterkiaren ordezkoa erosteko garaia ere badela gogorarazi digu. Eta guk, badaezpada ere, ameto. 

Urterokoa izan arren, beti egiten zait astuna bisita hau. Ez dut maite eta esango nuke berak ni ere sobera ezetz. Bai, tarteka izaten du detaileren bat; kultur ekitaldi interesgarriren batera gonbidatzen nau edo Kontxako estropada egunean bere aurpegirik xamurrena erakusten dit,… baina orokorrean ez gara ondo moldatzen. 

Alde on bat du, etorri den bezala joango dela. Zaratarik egin gabe. Bitartean… pazientzia Maider, poliki baina Iraila badoa eta.