Autobusean ari naiz hitz hauek idazten. Donostiatik Lasarterako autobus berdean. Astean zeharreko azken zerbitzuan, dena esate aldera. Eta guztia aitortzen hasita, zutabe hau entregatzeko ordu gutxi geratzen direnean gainera. Ditxosozko deadlinea… Erretratuak egiten dituzten margolarien gisan, ingurura begiratu dut ikusten dudana paperean jartzeko. Azken hilabeteetan mesanotxean zabaldu gabe izan dudan Michel Houellebecqen « Soumission » liburua irakurtzen hasteko egun egokia iruditu zitzaidan pasa den larunbata eta poltsan daramadanez, berau darabilt papera jartzeko euskarri gisa. 

Eserita nagoen eserlekutik ingurura begiratu eta alboan, parean eta ezker-eskubi ditudan gehienak mugikorrari begira daude, imnotizatuta bezala. Zoritxarrez honek ez du inor harritzen egun. Begirada berriro paperetik altxata halere, mugikorren alienaziotik haratago bada nire arreta erakarri duen beste zerbait ere. Kalkulu azkar bat eginda autobusean goazenon artean laurdena inguru etorkina izango da. Lanetik etxera doazen gizon emakumeak izateko itxura dute denek. Gainontzeko bidaiarien artean ordea… ongi erreparatu eta… ez, ez dago gizonezko bakar bat ere. Gazte, heldu zein adineko, denak dira, denak gara, emakumezkoak.

Kasualitate hutsa dela iruditu zait lehendabizi baina ongi pentsatzen jarrita, edozein autobus bidaiatan jolas hau eginda, agian emaitza ez litzateke hain ezberdina. Aproba egingo dut hurrengoan ere, gaurkoz behintzat nire geltokira heldu naiz eta.