Abenduak 24, arratsaldeko 19:00ak. Okendo plaza jendez gainezka dago. Neska-mutilak, adin orotakoak, herriko auzo guztietakoak. Musika entzuten da. Giroa ezin hobea.
Mugimendu guzti honen artean gauza batek deituko dio bereziki arreta bertaratzen denari: ilara luze batek zeharkatzen du plaza punta batetik bestera. Txukun-txukun, bata bestearen atzean, umeak eta helduak. Domino pieza zutituen antzera. Porrotxek muxuak banatzen ditu kantoi batean. Mari Domingik ilaran daudenen itxaronaldia arindu nahian edo, bere burua eskaintzen du gutunak jasotzeko. Izan ere, gutxienez umeak bezain beste gutun daude errenkada horretan. Behintzat, gutun-azalak daude agerian, barruan, seguruena, amestutako jostailuen zerrenda, hitzez edo margotuta; agian kontakizunen bat, urte osoko balantzea: “txintxo portatu naiz” edo… Amets horien zerrenda bezain luzea da Olentzero agurtzeko lerroa. Desioen segida bezain geldoa da Olentzerok ume bakoitzarekin duen elkarrizketatxoa.
Denbora guztiz mantsotu da: artisauaren erritmoa irudikatu daiteke: umeak pentsatu, irudikatu, erabaki, idatzi, marraztu, kartazalean sartu, berau itsatsi, gorde. Gabon bezperan kartazala hartu, eskutik heldu (gogor, sendo), Okendora joan, ilaran jarri, itxaron, itxaron, …. Itxaron gehiago. Azkenik oholtzara igo, gerturatu, begiak zabaldu, zabaldu gehiago, ahoa ireki, ireki gehiago. Olentzero agurtu. Muxua eman.
Gauza batzuk bere denbora behar dute. Eta begira gaudenok (gurasook), behingoz, ez gaude gauzak azkartuko lituzkeen teknologia berriren baten zain.