"Leku exotiko eta desberdin batzuetara joan nahi genuen"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015ko ots. 23a, 10:00
Ainhoa Ortegak eta Javi Melchorrek duela bizpahiru urte apuntatu zituzten Vietnam hegoaldea eta Kanbodia egin beharreko bidaien zerrendan. Iazko azaroan joan ziren azkenean, hilabete baterako. "Agian, jendeak pentsatuko du horrelako bidaia luze batean diru asko gastatu dugula, baina ez; modu erraz eta merkean lor ditzakezu eroso sentitzeko beharrezko gauzak", dio Ainhoak. "Etxean ibilbiderik prestatu gabe abiatu ginen, egunekoan egunekoa egitera. Esperientzia paregabea izan da", aipatzen du Javik. Diaporama prestatu dute bizipenak herritarrekin partekatzeko; asteazkenean izango da, 21:30ean, Jalgin.

Mekong ibaiaren delta, Ho Chi Minh hiria; Angkorreko aztarnak, Koh Rong irla. Horiek dira Ainhoa Ortegak eta Javi Melchorrek Asia hego ekialdean, Vietnam hegoaldean eta Kanbodian zehar egindako bidaian ikusi dituzten toki adierazgarrienetako batzuk. “Oso esperientzia aberasgarria izan da; herrialde horietan ikusi dugunak liluratu egin gaitu”, aipatzen du Ainhoak.

Vietnamgo hiri populatuena da Ho Chi Minh. “Kutsu mendebaldarra nabaritu genuen hiri horretan, arkitekturan batez ere: etxe orratz ikaragarriak ikusi genituen”, azpimarratzen du Javik. Kulturen arteko kontrastea ere sumatu zuten: “Hiriko kaleetan mugimendu asko sumatu genuen, bertan egiten zuten bizitza herritarrek: saltzaile ibiltariak, azokak, herritarrak jantzi tipikoak soinean zituztela, trafikoa, zarata... Kontrasteak harrigarriak ziren, ikustekoak”.

Ho Chi Minh utzi eta are hegoalderago abiatu ziren, Mekong ibaiaren deltara hain zuzen. Ikustekoak ziren baita ere bertako paisaiak, Ainhoaren hitzetan: “Arroz-soro asko ikusi genituen, basoak ere bai; berde kolore hori ikusgarria zen benetan. Etxola gutxi batzuez osatutako herri txiki asko ere ikusi genituen errepideetako bi aldeetan, autobusa hartzen genuenean. Herrixka batzuetan etxeak uraren gainean zeuden eraikita, literalki”.

Kanbodiako altxorrak

Vietnam Hegoaldetik ondoko herrialdera, Kanbodiara abiatu ziren Ainhoa eta Javi. Bertara joaten diren guztiek dute apuntatuta bisitatu beharreko toki bat: Angkorreko aztarnak. “Ikaragarri politak dira, eta ikusgarriak; zuhaitzen sustraiek eta hostoek hartzen dituzte garai batean tenplu izandakoaren aztarnak. Garbitu eta zaindua dagoelako, bestela ziur asko erabat estalita egongo litzateke tenplua”, azaltzen du Ainhoak. 

Mendebaldeko kulturaren printzak sumatu zituzten Ho Chi Minh hirian, eta guztiz kontrakoa Kanbodiako Koh Rong irletan. “Gure kulturarekin alderatuta desberdina zen lekuen bila joan ginen gu, eta irla horretan nabaritu genuen gehienbat; taberna batzuk eta bazeuden, baina gainontzekoan hemen inguruan aurkitu dezakegunaren guztiz desberdina”, dio Javik. 

Paisajeez harago

Bidaian toki ezin ederragoak ikusi dituzte Ainhoak eta Javik, baina paisajez harago joan da hilabeteko egonaldia: kultura, pertsona eta bizimodu berriak ezagutu dituzte. 

Alor horietan ere kontraste batzuk aipatzen dituzte: “Oso zaratatsua da han eguneroko bizimodua. Hala ere, bertako biztanleak lasaiak dira, patxadatsuak, eta turistekin elkarbizitzera ohituak”. 

Trafikoa, ordea, ez zen herritarrak bezain patxadatsu eta lasaia. "Motorrak ikusten genituen alde batetik bestera, semaforoa gorri jartzean ikaragarrizko ilarak osatzen ziren", oroitzen du Ainhoak. Errepidea gurutzatzeak errespetu handia ematen zien, hasieran batez ere: "Hasieran herritarren aldamenean jartzen ginen errepidea gurutzatzeko. Lasai-lasai joan behar duzu, beste aldera pasako zarenaz konbentzituta. Haiek saihestu egiten dituzte oinezkoak; arriskutsuagoa da alde batetik bestera korrika eta presaka gurutzatzea". 

Mota guztietako produktuak saltzen zituzten herritarrek kaleetan, Vietnamgoetan batez ere. Jan ere han egiten zuten askotan, Ainhoak zehaztu moduan: “Begetarianoak gara Javi eta biok. Saltzaileei zehazten genien hori, bertako hizkuntzan 'begetarianoak gara' idatzita. Guk eskatutakoa eskaini ezin baziguten, haiek gomendatzen ziguten norengana joan; lehiakortasun senik ez dago han, halaxe iruditu zaigu guri behintzat”. 

Adeitsuak dira oso herrialde horietako biztanleak, Javik kontatu duenez: "Beti zeuden guri laguntzeko prest. Dena dela, ez zeuden uneoro gure gainean; turistak izanagatik eta dirua edukitzeagatik ez ziren jatorragoak gurekin. Vietnamgoak ez behintzat, Kanbodiako herritarrak apur bat gehiago".

Arroza eta 'noodle' pasta dira han oinarrizko elikagaiak. Barazki eta fruta mota ugari daude baita ere. Hala nahi duenak haragia eta arraina ere jan ditzake, noski. 

Asia hego ekialdera apropos joan ziren azaroan, monzoiak bukatu eta gero. “Klima ona izan da guretzat, nahiz eta bero handia egin”, zehazten du Javik. 40 gradutarainoko tenperaturak egin zituen haien egonaldian. Hala ere, pinu elurtu artifizialak ikusi izan dituzte hainbat herri eta irletan. "Gabonetako festak sakratuak dira haientzat; mendebaldearen eragina ere nabaritu dugu detaile hortan". Pinu elurtuak eta 40 graduko tenperaturak. Hori bai kontrastea. 

Eta, kontrasteez hitz egiten hasita, generoen artekoak ere nabarmenak dira Vietnam hegoaldean eta Kanbodian, bidaiari herritarrek gogoratzen dutenez: "Askotan, kalean, kafea hartzen ikusten genituen gizonezkoak; emakumeak, bitartean, lanean aritzen ziren". 

Merke eta eroso

Ainhoak dio abenturan ez dutela diru asko gastatu: "Vietnam hegoaldean eta Kanbodian hilabetez egon gara, eta seguruenik jendeak pentsatuko du oso garestia izan dela bidaia. Ba ez, ez da horrela izan". Eroso sentitzeko baldintza "minimo" batzuk oso prezio "merkean" lortu dituztela ere azpimarratu du: "Pentsio eta hotel txikietan igaro ditugu gauak, eta diru gutxigatik gela on eta garbiak lortu ditugu, hozkailu, aire girotu eta abarrekin". 

Wi-fi konexioa ere nonahi topatu dute Vietnam hegoaldean, herritarrek zehaztu dutenez. Autobusetan, pentsio eta hotel txikietan, furgonetetan... "Guk ez genuen horren beharrik, baina atentzioa deitu zigun; wi-fi konexioa zegoen toki guztietan".

Garraio publikoa "oso ongi" antolatuta dago Vietnamen, Javik zehaztu moduan. "Sarea zabala da eta merkea prezioz, alde batetik bestera mugitzeko garraiobide egokia". 

Autobusean sartzearekin batera vietnamdarrentzat atentzio-gune bilakatzen ziren Ainhoa eta Javi: "Hasieran harriduraz begiratzen gintuzten, herri txikietakoek batez ere, haiek ez baitaude hain ohituak turistak ikustera. Hala ere, oso adeitsuak ziren denak", azaltzen du Ainhoak. 

Hizkuntza

Hilabete pasa joan ziren hara; “leku gehiago” bisitatuko zituztela uste zutela aitortu du Ainhoak. Pena ere badute: “Hizkuntzarengatik, ezin izan dugu bertako herritarrekin nahi beste komunikatu, ezin izan dugu gehiegi jakin haiei buruz. Ingelesa bazekiten batzuek, baina turistekin egunerokotasunean tratua dutenek bakarrik: gidariek, agentzietako langileek...”. 

Hizkuntzak aipatuta, AEK-Muntteri euskaltegira joaten da Javi klaseak hartzera. Eta, hara non, Vietnamgo irla txiki eta exotiko batean, herriko klasekide batekin egin zuen topo. "Ikusi nuenean ezin sinetsi geratu nintzen. A zer kasualidadea!", kontatzen du irribarretsu. 

Hurrengo urteetan herritar gehiagok egingo dute topo irla horietan, beharbada. Ez litzateke harritzekoa izango, Ainhoak eta Javik prestatutako diaporama ikusten badute behintzat. Asteazkenean izango da hitzordua, 21:30ean, Jalgi Kafe Antzokian.