'Lasarte-Oriarrak': herritik, herriarentzat

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 14a, 12:30
Berrikuntza eta sorpresaz beteta dator Euskararen 9. Maratoia. Horietako bat da herrian euskal dantzaren inguruan lan eta lan dabiltzan eragileek prestatu dutena: Lasarte-Oriarentzat muxiko propioa. Datorren asteko igandean aurkeztuko dute jendartean, 18:15ean hasiko den ekitaldian. Ideiak eduki dezakeen harreraz baino, prestatze-prozesuaren dinamikaz eta horren balioaz mintzo dira sortzaileak: herriko hainbat eragile elkartu dira, herriarentzat zerbait egiteko. Hitz gutxitan: herritik, herriarentzat.

Oraindik astebete pasatxo falta da muxiko berezia herrian aurkezteko, baina sortzaileengan nabaritzen dira honezkero satisfazio aurpegiak. Ez da gutxiagorako. Euskal dantzaren bueltan herrian lanean diharduten eragileak elkartu eta egitasmo bateratu bat egin dute, aurrenekoz: Lasarte-Oriarentzat propio prestatutako muxiko bat, 'Lasarte-Oriarrak'.

Kukuka antzerki eta dantza eskolako Maider Oiartzabal, Plaza Dantza egitasmoko Dabid Egizabal, Erketz dantza taldeko Ruben Arranz eta Andoni Iparragirre musikariaren artean burutu dute aipatu muxikoa. “Erraza izan da prozesua, gehiago eztabaidatuko genuela uste nuen baina ez da horrela izan; plazera izan da elkarrekin lan egitea”, nabarmentzen du Oiartzabalek.

Guztiek daukate argi, eta horrela esaten dute, “herritik herriarentzat” egindako egitasmoa dela: “Sortutako prozesua eta dinamika izan da baliotsuena: herrian euskal dantzaren inguruan lanean ari diren hainbat zutabe bildu, bakoitzak bere ekarpenak egin eta herriarentzat zerbait sortzea”, aipatzen du Egizabalek. 

Sorkuntza prozesu horren emaitza datorren asteko igandean plazaratuko dute. Dena den, Txintxarrirekin izandako solasaldian behin eta berriro adierazi dutenez, hori ez da garrantzitsuena. “Jakina, gustatuko litzaiguke Lasarte-Oriak muxiko hori bere egitea, identifikatuta sentitzea”, dio Egizabalek. Arranzek gehitzen du “denborak” esango duela egitasmoak “zer nolako harrera daukan herrian”. Emaitza ona edo ez hain ona izanda ere, Iparragirrek dio “pozik” daudela egindako lanarekin: “Gustura aritu gara, betidanik eduki dugu ilusioa elkarrekin lanean aritzeko; prozesu oso polita izan da dantzaren munduan gabiltzanontzat”.

Ideia, duela bi urtetik

Oiartzabalek duela bi urtetik zeukan buruan herriarentzako muxiko propio bat sortzea: “Bururatu zitzaidan ideia polita izan zitekeela, baina hasieran ez nuen irudikatzen noiz izan zitekeen une aproposa horrelako egitasmo bat plazaratzeko”. Euskararen 9. Maratoia bazetorrela ikusi zuen arte: “Euskaltzaleen bilgune oso indartsua da, hunkigarria, oso barrutik bizitzen duguna; ezin egokiagoa da”.

Muxiko berezia aurkezteko dataz gain, beste aspektu batzuk ere oso argi zeuzkan Oiartzabalek: “Muxikoa nik bakarrik sortzeak ez zeukan zentzurik. Herriarentzat zerbait eskaintzen ari garenez, funtsezkoa zen euskal dantzaren inguruan Lasarte-Orian lanean ari diren eragileen arteko proiektu bat izatea: Kukuka eta Erketz dantza taldea, Plaza Dantza egitasmoa eta Andoni Iparragirre musikariaren artekoa, kasu honetan”. 

Gure herriak badauka ezaugarri berezi bat. Oiartzabalek argi esaten du: “Erketzek dantza tradizionalagoa jorratzen du, Kukukak ere bai, baina sorkuntzaren arloan ere lan eginez, plaza dantzak euskal folklorearentzat funtsezkoa den plaza berreskuratu du eta Andonik [Iparragirrek] ere lan handia egiten du bere alorrean”. Iparragirrek berak biribiltzen du esaldia: “Erdi hila dago euskal dantza hainbat tokitan, baina gure herrian aukera denak ditugu eskura”.

Sortze-prozesua

Mahaiaren bueltan biltzerakoan, une jakin batean euren artean hizketan hasi dira Egizabal, Iparragirre eta Arranz: aspalditik ezagutzen dutela elkar, bat egin izan dutela hainbat emanalditan, baina ez direla orain arte denak elkarrekin aritu. “Asko gustatzen zait eurak horrela hitz egiten entzutea, jakitea eurentzat zer izan den proiektu hau: nola erlazio berezia edukita ere, orain arte ez direla elkartu horrelako egitasmo bat egiteko”, zehazten du Oiartzabalek, irribarretsu.

Muxikorako doinua finkatzea izan zen lehenengo urratsa. “Sostengua da musika”, aipatzen du Egizabalek. Oiartzabalek azpimarratzen duenez, “ikaragarria izan da Andoniren mailako musikari batekin lan egitea. Askotan, ikuskizunetan bigarren maila batean geratzen dira; joera horren oso aurkakoa naiz ni, lan izugarria egiten dutelako”.

Arranzen iritziz, “lan zailena” musikariarena da, “ezer ez dagoen lekutik” doinua sortzea. Iparragirrek honakoa dio egindakoari buruz: “Erronka berezia izan da niretzat; sorkuntza alorrean egin dudan lehen ekarpena izan da. Ilusioz egin dut, sortzaile guztiok herritarrak garela ikusita”.

Doinua adostu eta gero, muxikoaren urratsak prestatu dituzte Oiartzabal, Egizabal eta Arranzek. Azken honek zehazten duenez, “musikarekin hobekien bat egiten dutenak” dira. “Ez genuen muxiko oso konplexua egin nahi, baina xumeegia ere ez”, gehitzen du Oiartzabalek. “Kontuan hartu dugu plazako herritar denak ez direla izango dantzariak; uneren batean erritmoa galduz gero, berriro ere hartu ahalko dute martxa”, nabarmentzen du Egizabalek.

Orain, azkeneko xehetasunak fintzen ari dira. Kukuka, Erketz eta Plaza Dantza taldeetako hiruzpalau kide ariko dira oholtzan, Oiartzabal, Arranz eta Egizabal barne. Iparragirre, esan bezala, musikaz arduratuko da. Hiru minutu inguru irauten ditu muxikoak.

Etorkizunera begira, mugarri

“Proiektu honen altxorra eta indargunea da denok herrikoak izatea; gaur egun gu gaude, baina lehen egon zirenak eta hemendik urte batzuetara etorriko direnak ahaztu gabe; erabateko mugarria da prozesu hau, nire ustez”, nabarmentzen du Oiartzabalek. “Sortzaileen izenak hor geratuko dira, baina esanguratsuena da gure herriak jauzi propioa edukiko duela; muxikoa sortu dugu, baina prozesu hau aplika dakioke edozein dantzari. Egin daitezela etorkizunean antzeko egitasmoak; bideari sasiak kendu dizkiogu”, dio Egizabalek.