Lasarte-Oria bihotzean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 11a, 10:40
1957. urtean iritsi zen Pako Aizpitarte Lasarte-Oriara, “26 urterekin seminariotik atera berria, 1957ko irailean” gogoratzen du Miren Zubeldia herritarrak. Azpeitiarra jaiotzez, Lasarte-Oria bihotzean zeramala esaten zuen beti Pakok. Euskararen esparrua izan zen bere borroketako bat, Landaberri ikastolaren sorreran guraso talde batekin batera gogor lan egindakoa. Apaiz lanak utzita, IRALEko idazkari eta zuzendari jardun zuen erretiroa hartu arte. Urte luzeak eman zituen Ttakunen laguntzen, zehazki Txintxarrin.

Abuztuaren 2an 81 urte zituela hil zen Pako Aizpitarte. Azpeitiarra jaiotzez, Pako seminariotik irten eta Lasarte-Oriara bidali zuten 1957. urtean. 'Don Francisco' deitzen zioten herritarrek orduan. Miren Zubeldiak kontatu bezala, euren etxean izan zen estanko gaineko pisura mugitu arte. Bertan izebarekin egon zen hau hil arte eta ondoren herrira bidalitako beste apaizekin bizitzen egon zen atari bereko beste etxean. 

Apaiz lanez gain, lantxo ezberdinak ere egiten zituen Pakok eta ateratzen zituen xoxa horiekin ordaintzen zuen etxebizitza edota elizarako beharrezkoak ziren gauzak. San Pedro parrokian eskaini zituen bere lehenengo mezak eta ondoren, Kotxerasen zabaldu zen San Francisco parrokian jardun zen. Obra amaitu gabe bertan lehenengo meza ematera animatu zela gogoratzen du bizilagun batek. Gaztea zen orduan Pako eta berehala harreman estua egin zuen herriko gazteekin. Garai politiko mugituak ziren eta gazteekin batera lan asko egin zuela gogoratzen du Felipe lagunak. “Pertsona ona izateaz gain, tenple handia zuen, edozein ekaitzaren aurrean lasaitasuna jartzeko gai zena”. 

Herrian egin zituen urteetan, 20 inguru, oso lotura estua izan zuen herritarrekin baita hauen arazoekin ere. Langileen borroka eta greba garaiak izan ziren eta ez zuen alde batera egin. Ahal izan zuenean bileretarako eliza utzi, edota langile zein euren familien ekintzetan laguntzen jardun zuen. Eskola partikularrak ere eman zizkien auzoko haurrei. 

Ikastola mugarri
Horretaz gain, euskararen aldeko lan handia egin zuen “euskara asko maite zuen”. Guraso batzuekin elkarlanean, Landaberri ikastolaren sorreran buru belarri aritu zen. 1966tik 1981era herriko ikastolara lotuta egon zen, hamaika kontutan laguntzeaz gain, ikastolako idazkaria izan zelarik. “Hasieran oraindik elizarekin lotura zuen ikastolak eta bera zen nolabait ikastolako apaiza eta haur eta gaztetxoen katekista”. 

Hainbeste urtetan borrokatutako ametsa egi bihurtu zen Zubietako lurretan Landaberri ikastola eraiki eta martxan jarri zenean. Hura izan zen Madrilera egindako bidaia eta burokrazia neketsuaren saria. 1981. urtean “ikastola utzi zuen Gasteizen bere euskal filologia ikasketak amaitzeko” gogoratzen du Consuelo Unanuek.

Apaiz izatea utzi eta ezkondu egin zen herria utzita. Nekane emaztearekin Hondarribiara joan zen bizi-tzera. IRALEko idazkari eta zuzendari lanetan jardun zen erretiroa hartu arte. Han ere ez zion lanik egiteari utzi eta Hondarribiko portuko parrokian lagundu zuen urteetan.  Esan behar da, Andoni Arozena lasartearraren inguruan liburua idatzi zuela Mikel Atxagarekin batera, “Andoni Arozena, idazle eta kazetari” izenekoa.

Lasarte-Oriako lagunekin Saustatxo elkartean batzen zen ostiralero afaldu eta mus partida jokatzeko: “Musean ere inoiz ez zen haserretzen”, kontatzen du Felipek. 

Ttakunen laguntzaile
Hain zuzen, Nekane emaztea hiltzean bueltatu zen gurera. Bere samina arintzeko, etxetik irteteko aitzakiak bilatu zituela kontatzen zuen. Lasarte-Oria eta euskara uztartuta, Ttakunera hurbiltzea bururatu eta bertan azaldu zen 2001.urtean zeregin bila, baita aurkitu ere noski. Bereziki Txintxarrin eman zuen laguntza. Bidalketak prestatu, Correosera joan… halako lantxoak egokitu zitzaizkion eta beti prest azaltzen zen edozein eginkizunetan esku bat botatzeko.

Azken urteetan, astelehen goizetan puntual etortzen zen espetxe zein beste erakunde eta norbanakoei egiten zaien Txintxarriaren bidalketa prestatzeko. Bulegoko lagunekin kafea hartu eta Beasainera joaten zen hurrengo astelehenera arte. Beasainen ilobarekin eta honen seme-alabekin egotea gustatzen zitzaion eta.

Hala agurtu zen ekaineko azken bidalketa egin ostean: “Irailean, uzten badidazue, zuekin egongo naiz berriz ere”. Gero arte hura betiko agur bat izango zela ezin pentsa genezakeen burua argi eta oraindik osasuntsu zegoen lagunaz. 

Azken agurra herrian
Hondarribian egin zitzaion hileta abuztuan baina Lasarte-Oriako herritar eta lagunek antolatuta, agurra emango zaio ere gurean bihar larunbata 19:00etan San Pedro elizan.