Laos, Asiako korner batean

jon-altuna-egitegi 2015ko urt. 26a, 11:34
Nork esango zion Rober Gutierrezi (Lasarte-Oria, 1982) bospasei urterekin Zumaburun eta Kontxako hondartzan baloiari ostikoka ari zela, noiz edo noiz Laoseko Futbol Liga profesionalean jokatuko zuela. Mundua borobila da ordea, baloia bezalaxe, eta jiraka ari da etengabe noiz eta non geldituko den ez dakigula. Espainiako beheko futbol mailetan bidea egiten hasi, Italia, Vietnam eta Singapurren geldialdi laburrak egin eta Laoseko Ligan, Asiako ertz batean, zortzi hilabeteko etapa osatu du herritarrak. Harekin bildu gara azken denboraldi honetako esperientziaz hitz egiteko.

Añorga, Norma, Alaior, UPV/EHU, Lagun Onak, Pinatar, Aguilar, Montehermoso, Lucera Calcio, Saingon Xuanthan, Bangkok Glass, AFE, Noja, Hernani eta Lanexang Intra. 2003tik hona Rober Gutierrezen kurrikulumean ageri diren taldeen zerrenda da. Gaur-gaurkoz ordea, ez du talderik. Laosen zuen bi urteko kontratua berak eten zuen Singapurren, ustez, eskaintza hobea zuelako. Ustel atera zaio jokaldia ordea, eta orain, Lasarte-Orian dago zer edo zer sortuko zaionaren esperoan.

Bidaia exotikoa
Zortzi hilabete egin ditu Vietnam eta Tailandia artean dagoen herrialdean, Asia hego-ekialdean. Sarbon agentziako Juan Luis Garcia bere ordezkariaren bidez sortu zitzaion iazko maiatzean hara joateko aukera, eta abendura arte jokatu du Laosen, Lanexang Intra taldean. Bertara primeran moldatu zela azaldu du: “Gauzak asko erraztu zizkidan Francisco Salvador Elá 'Chupe' almeriarrarekin batera joan izanak. Aurretik ezagutzen nuen, Nojan batera jokatu genuelako eta nirekin harreman ona zuen aurretik ere. Aurrekontratua eskutan joan nintzen hara eta bizpahiru entrenamendu egin ostean onartu egin ninduten”, adierazi du Gutierrezek. 

Munduan ehunka herrialde eta milaka futbol talde egonagatik, oihanez eta faunaz josita dagoen eta bataz beste 35 gradu egiten dituen munduko txokora joan zen Rober Gutierrez: “Jendeak uste duenaren kontran, oso leku lasaia da Laos, ez dago inolako indarkeriarik, errespetua gailentzen da beste edozeren gainetik. Bizi kalitatea eskasa da han. Pobre asko eta aberats gutxi batzuk daude, kontraste askoko herrialdea da”.

Beraiek ordea, kanpotarrak, ia-ia “gurtu” egiten zituztela azaldu du. “Pribilegiatuak” sentitzen ziren Laoseko gizartean. “Han bataz besteko soldata 100-200 euro artekoa da eta guk jakina, apartamentua geneukan, entrenatzera joateko txoferra, bakoitzari moto bana ere eman ziguten... Beste maila batean bizi ginen”.

Errespetua, erlijioa eta justiziaren baloreak
Laosera eta frantsesa hitz egiten den sei milioi biztanleko herrialde sozialista da Laos. Hemen ezagutzen ditugun errespetu eta justizia baloreak oso bestelakoak dira han.
“Ez dago delinkuentziarik. Are gehiago, mugikor bat taberna batean ahaztuta uzten baduzu, bihar ziur han egongo dela, ez dizu inork lapurtuko. Hori bai, zuk norbaiti belarria moztuz gero, bihar ez duzu belarririk edukiko eta norbait hiltzen baduzu, bihar bertan akabatuko zaituzte. 'Begia begi truk' antzeko justizia dago, horrek lapurretak eta delituak izugarri jaisten ditu, baina arriskutsua ere bada sistema hori, bertako polizia ustelduta baitago eta min egin nahi badizute, egingo dizutelako. Gure kasuan ez dugu inolako arazorik eduki, txikikeria batzuk kenduta”, esan du Gutierrezek. `Chupe´ lagun beltzari eta berari motoan kaskorik gabe joateagatik poliziak multa txiki bat jarri ziela kontatu du, baina han moto bakarrera bost lagun igota ere ikusi zituela esan du, “poliziak badaki zeini jarri isunak”.

Emakumearen egoeraz ere hitz egin du Gutierrezek. Hemen duela 30 urte bizi zuten egoerarekin alderatu du, eskubideak eduki bai, baina oraindik gizonaren “menpe” daudela adierazi du. 

Erlijioari dagokionez, gehienak budistak dira. Dena den, ez omen da egunerokoan gehiegi antzematen erlijioaren eragina. Pobrezia bai, ordea: “Gehienak txiroak dira, ez daukate ezer, baina ondo bizi dira, alai. Bakoitzak bere negozioa izan ohi du merkatuan eta egunean 10 euro lortzen badituzte nahikoa da beraientzat, badaukate iluntzean zerbezatxo bat hartzeko adina. Hala ere, nik uste dut gobernuak ez duela nahi herrialdea garatzea. Ez du nahi herritarrak irakurtzen, pentsatzen, gauzak zalantzan jartzen hasterik, ez zaiolako batere interesatzen. Pentsa, nire klubeko presidenteak dozena bat auto edukiko ditu, eta han kotxe bakar bat edukitzea sekulako boterea izatearen sinonimo da. Diferentzia sozial horiek zur eta lur uzten zaituzte”, dio herritarrak.

Dena den, bere egunerokoa hemengoaren oso antzekoa izaten zela aitortu du: “Goizetan gimnasioa, eguerdian apartamenduan bazkaria prestatu eta arratsaldean entrenatzera. Lanera joan nintzen ni Laosera, ez oporretara”.

Bertan arroza eta pasta jaten omen dute batik bat, pikante askorekin. Barazkiak eta frutak primerakoak dituztela esan du eta baita patatak, tomatea, letxugak, perretxikoak, arraultzak ere. Dena freskoa, kaleko merkatuan erositakoa. Hori bai, haragia supermerkatuetan eskuratzen zuten, badaezpada ere. Babarrunak eta garbantzuak, potajeak oro har oso garestiak zirenez ez zituzten erosten: “Hemen jokatu edota Laosen, fubolarien menua beti da antzekoa”, jarraitu du herritarrak irribarre batekin. 

Futbola eta Laos
Azal zuria eta futbolaria. Joaten zen lekura joanda ere, Rober Gutierrez albiste iturri zen. Jatetxeetan, kalean, partiduetan... Hori bai, beti izugarri ondo errespetatu zutela garbi utzi nahi izan du. Futbola, kirol moduan, lehen urratsak ematen ari da Laosen. Estadioak eta harmailak baldintza onean dituzte, baina soropilek egoera kaxkarra dute oraindik.

Bere taldea hiriburukoa da, Vientianekoa. Lanexang Intra du izena, 2005. urtean sortu zen eta euren futbol zelaiak 20.000 lagunentzako edukiera du. Joan den denboraldian 5. geratu ziren Laoseko Ligan, 10 taldeko txapelketan: “Iritsi ginenean taldeak soilik partidu bat zuen irabazita lehen itzulian. Bigarren itzulian ordea, bederatzi partidutatik zazpi irabazi genituen. Taldean giro ona geneukan, baita entrenatzailearekin ere”, dio Gutierrezek. 

Umeek estadioetan futbola ikusi eta animatu ere asko egiten zuten arren, hango kirol nazionalak ping-ponga eta borroka tradizionalak direla aipatu du Gutierrezek: “Gogoan dut estreinako partiduan 5-1 irabazi genuela… Jendearen eromena ikustekoa zen, zelaira jauzi egin zuten denek eta errespetu osoz argazkiak atera eta autografoak sinatu genituen. Hemen pentsaezina da halakorik”. 

Jokalari asiarren bizi-ohiturak bestelakoak direla ere kontatu du lasarteoriatarrak. Taldeko kanpotarrak entrenamenduetatik kanpo kafea edota zerbezatxo batzuk hartzeko geratzen ziren, baina laostarrek nahiago izaten zuten etxera joan. Ez zitzaien gehiegi harremantzea gustatzen, antza.

Futbolean jokatzeko klima benetan txarra zen. Tenperatura altua da oso bertan eta partiduetan etenak ere egin behar izaten zituzten, gorputzari buelta eman eta ura edateko. “Sekulako beroa egiten du. Bi jertse eraman nituen Laosera eta zortzi hilabetez, egun bakar batean ere ez ditut galtza motxak eta sandaliak kendu, pentsa”.

Bidaiak ere ikusgarriak izaten ziren, talde gehienak Vientiam hiriburu ingurukoak izan arren, talde pare baten aurka jokatzeko 600 km jo behar izaten zuten hegoaldera: “Autobusean 15 orduko bidaiak izan ohi ziren, hango errepideak ez baitira hemengoak bezalakoak, gurdi-bideak dira gehienak. Hiritik aterata oihana da nagusi, paradisua da, bere zailtasun guztiekin. Hegoaldera egindako bidaia horietan Tailandia bisitatzeko aprobetxatzen genuen. Phuket hondartza ezagunak benetan harrigarriak dira, ur gardenarekin... oso ederrak”, adierazi du jokalari lasarteoriatarrak.

Etorkizunerako asmoak
Arlo profesionalari begira, zelai erdian jokatzen du Rober Gutierrezek, erasoko erdilaria da, teknikoa, 1,87 metro neurtzen duen arren. “Futbol maila baxua da Laosen, Espainiako 2.B kategoriako mailarik ere ez du. Jokalariak onak dira, azkarrak, baina ezin da taktikoki eta estrategikoki hemengo ezerekin alderatu. Ez dira koadrila bat, baina talde askotan entrenatzailea eta presidentea pertsona bera izaten da eta horrek hamaikakoetan eragina dauka, jakina. Gauza arraroak ikusten dituzu, baina isildu egin behar duzu jaten ematen dizun eskua delako”. Euren partiduak telebista nazionalean botatzen dituztela kontatu du eta Lasarte-Orian bere familiak zuzenean ikusten zituela Internetez.

Soldatez ere hitz egin du: “Sekula ez didate hain egunean ordaindu, diru-sariak duinak ziren Laosen, ongi bizitzeko adinakoak. Espainian beheko mailetako futbol taldeek bizi duten egoera zein den ikusita, ezin gara kexatu”.

Gaur-gaurkoz ordea, langabezian dago Rober Gutierrez. “Gustura joango nintzateke berriro ere kanpora, baina ez ero-eroan. Egia da, 32 urte dauzkat eta ez dut inolako konpromisorik. Nire ustez, futbolean aritzeko pare bat urte on badauzkat oraindik. Ez daukat inolako familia-loturarik eta eskaintzaren bat ere izan dut Espainiako beheko mailetan, baina bi aldiz pentsatu behar da soldaten ordainketak ez direlako egunean egiten. Ez naiz batere damutzen Laosera joan izanaz, orain ate bat itxi zait, baina ziur beste batzuk irekiko direla”, dio jokalari lasarteoriatarrak.

Txarrenean, beti geratuko zaio etxeko taldea. Ez du baztertzen etorkizunean elastiko urdin-beltza jantzita Ostadarren jokatzea, Ohorezko Erregional Mailan, Xabi anaia eta Gorka Brit lagunaren alboan.Izan ere, baloia borobila da, etengabe ari da jiraka. Batek jakin non egingo duen hurrengo geldialdia Rober Gutierrezen futbol ibilbidean. Asiako kornerretik aterata, orain, beste gol batzuen bila doa.