Herriko bizitzari eusteko aldarria

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 11a, 11:34
Aterpeak 25. urteurreneko ospakizunak aurkeztu ditu, emozioz beteriko ekitaldian. Ramon Ormazabal presidenteak historiari errepasoa eman dio, eta etorkizuneko erronkei buruz hitz egin du. Herriko eragileei eskerrak eta oroigarri bat eman dizkie

Atzera begiratzea ariketa ona da, norbera nondik etorri den ikusteko, eta, batez ere, nora joan nahi duen zehazteko. Horixe bera egin du Ramon Ormazabal Aterpeako presidenteak. Lasarte-Oriako merkatari eta ostalarien elkarteak 25 urte bete ditu, eta urtemugaren ospakizunen aurkezpena baliatu du herriko merkataritzaren azterketa egiteko. Hastapeneko garaiak gogorrak izan ziren, giro politiko gatazkatsu baten erdian. Gerora ere ez dute bide leuna izan. Urbil merkataritza zentroak kolpe gogorra eman zien dendari txikiei. Etorkizuna ere lausoa ikusten du. Herri ingurua saltoki handiez josi nahi dute. Hori aski ez, eta berrikuntza digitalek erosteko ohiturak errotik aldatu dituzte, bereziki gazteengan. "Interneteko salmenta desleiala da".  

Gertaera berezia da mende laurdena betetzea. Horregatik, denbora darama Aterpeak mimoz eta xehetasunez ekitaldia prestatzen. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendari Juan Andradesek lagundu du Ormazabal. Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua zen etortzekoa, baina azkenean "agenda arazoengatik" huts egin du. Udal ordezkariak ere gonbidatuta zeuden, baina udalbatzarra ordu berberean zutenez, agertu direnak berandu egin dute. 

1993. urtean eratu zuten Aterpea, baina dendarien elkartzeko mugimendua lehenagokoa da. 1970eko hamarkada bukaerako industria krisiak erne jarri zituen. Garai haietakoa da Michelingo 100 eguneko greba. Testuinguru horretan itxi zituzten ATC, Bianchi eta Brunet. Ezinbestean salmenten beherakada sufritu zuten merkatariek, eta horri aurre egiteko batzeko lehen pausoak eman zituzten. 

1986an, udalerri propioa
Udalerriaren sorrera gogora ekarri du Ormazabalek. Haren ustez, giltzarria izan zen 1986an udal propioa eratzea. "Data hori ez da kontutan hartzen, baina oso garrantzitsua izan zen. Kaleak, osasun zentroa, kiroldegia… ditugu horri esker".

Aterpearen estatutuak 1993. urtean onartu zituzten. Lehendik sortua zegoen dendarien mugimendua, baina orduan hartu zuen legezko izaera. 50 bat establezimenduk osatu zuten elkartea lehen urte horretan. Hurrengo urtean 100 baino gehiago izatera iritsi ziren, ostalariak ere barnean hartu baitzituzten. 

Aterpearen historian mugarriak izan diren gertaerak aipatu ditu Ormazabalek. 1998an Eusko Tren jarri zuten Donostiara; oro har,  herriarentzako onuragarria izan arren, hiriburuko dendekiko lehia zuzena ekarri zuen. "Erronka berri bat izan zen guretzat, herrikideak hiriburura ihes egin ez zezaten. Donostiarrak erakartzea aukera are zailagoa zen".  

 Berezia izan zen 2000. urtea. Alde batetik, euroa ezarri zuten. "Jakin genuen aurrera egiten, berriz ere". Bestalde, urte horretan Urbil merkataritza gunea ezarri zuten. "Prestatu behar izan ginen. Kosta zitzaigun, baina lortu genuen, nahiz eta askok itxi behar izan". 

2004. urtean herriko merkataritzaren azterketa egitea enkargatu zuen udalak, berebizikoa sektorean erabaki estrategikoak hartzeko. "Ordura arte Aterpeak ez zuen diru laguntzarik jasotzen, udalean esaten zutelako irabazi asmoa genuela". Enpresa pribatuek osatzen dute Aterpea, baina herriko bizitza suspertzea dute helburuetako bat. Izan ere, Ormazabalek askotan esan du: "Dendarik gabeko herria hilik dago". Hortik dator urtemugako leloa: 25 urte herrigintzan zurekin. 

Eskerrak herriko eragileei
Iraganari buruzko zertzeladak bai, baina etorkizuna marrazten ere saiatu da Ormazabal. Eta hartu dion itxura nahiko iluna da. Ez da harritzekoa; Michelin 2, Leroy Merlin, Belartza 2… Lasarte-Oriako ingurua hartuko dute merkataritza zentroek. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzaren presentzia aprobetxatu du eskaera bat egiteko: behingoz Lurraldeko Plan Sektoriala onartzea. Plan horrek mugak jartzen dizkie saltoki handiei, baina onartu artean lege hutsune moduko bat dago, eta gune horiek eraikitzen ari dira atsedenik gabe. "Lasterketa bat dirudi, ea zein udalerrik erakartzen dituen multinazional gehiago", salatu du Aterpeako presidenteak. 

Eskerrak emateko baliatu du ekitaldia Aterpeak. Urteurreneko ekialdien nondik norakoak eman ondoren, herriko eragileak deitu ditu, oroigarri bat emateko eskertza moduan; ferra bat, elkartearen ikurra. Tartean Ttakun Kultur Elkarteak eta txintxarrik ere jaso dute. "Kirol eta kultur ekintza gehien dituen Gipuzkoako herria da. Horrek ematen dio bizitza".