Errugbi zelaietan enbaxadore

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 23a, 10:59
Kirol herria da gurea. Lasarteoriatar ugarik jarri, jartzen eta jarriko dute herria aditu eta zaleen ahotan. Errugbia da adibide garbi bat: hainbat jokalari ari dira estatuko maila altuenetan lehian. Indartsu dator harrobia ere, Beltzak eskolaren lanari esker

Jokalarien arteko giro ona izan da elkarrizketaren ezaugarrietako bat: "Datorren urtean, Zarautz eta Hernaniren arteko derbia, Ohorezko Mailan!", esan dute, irribarretsu. Gure Etxea tabernan elkartu ditugu Jon Ander Puertas, Xabier eta Ander Rekondo anaiak, Xabier Prieto, Unai Urruzola, Julen Aristorena, David Vega, Adrian Apaolaza, Gorka Aristondo eta Ritxar Yurramendi. Lasarte-Oriakoak dira guztiak, eta maila gorenetan ari dira jokatzen. Estatuko liga onenean ari da Puertas, Hernani CRE taldean; beste batzuk, Ohorezko B mailako Babyauto Zarautzen daude; eta, gainontzekoak, Babyauto ZRT-Beltzak taldean, senior mailako Euskal Ligan.

Askorako eman du solasaldiak. Besteak beste, herrian errugbiaren egoera nolakoa den aztertu dute. Ander Rekondok egin du pronostikoa: "Hamar urte barru Lasarte-Oriak talde propio bat eduki dezakeela uste dut". Lan asko dago oraindik egiteke, baina denek diote kirol diziplina hau gero eta gehiago ari dela zabaltzen gurean.

Errugbia eta Lasarte-Oria hitzak dituen esaldi bati ezin zaio amaierako puntua jarri, aurretik Beltzak sartu gabe. Historia apurtxo bat, hau dena kontestuan jartzeko: 1984an sortu zen gure herriko aurreneko taldea. Handik lau urtera hartu zuen gaur egunera arte mantendu duten izena: Beltzak. Logikoa da azalpena: beltzez jokatzen zituen partidak, eta ekipazioaren kolorea hartu zuten izentzat. 1998ra arte 200 partida baino gehiago jokatu zituzten, Ipar Euskal Herrian gehienak.

Taldearen 25. urteurrenean, gazte garaietan errugbian aritutako beterano batzuek pentsatu zuten herrian errugbi eskola bat sortzea. Beharrezko tramiteak egin eta gero, 2010ean jarri zuten martxan. Gaur egun jarraitzen dute lanean, herriko hainbat neska-mutilekin: ostiral arratsaldeetan entrenatzen dute, Michelingo zelaian.

Aurreneko urratsak 
Elkarrizketako protagonistetako asko pasa dira Beltzaketik, aurreneko taldera iritsi baino lehen. Adrian Apaolaza gaztea da adibide garbi bat: harrobiko kategoria guztietan jokatu du, eta Ohorezko B mailan ari da orain. Balentria hori egin duen aurreneko herritarra izan da. 
Bitxikeri bat kontatu du Ritxar Yurramendik. Bera Atletico San Sebastian taldean hasi zen jokatzen, bospasei urte zituela. Beltzak eskolan ere egin izan ditu entrenatzaile lanak. 2008an hasi ziren errugbian Xabier Prieto, Julen Aristorena, Gorka Aristondo eta Adrian Apaolaza. Ritxarrek entrenatzen zuen taldea. Elkarrekin jokatu izan dute askotan, geroago.

Jon Ander Puertasek ere Atletico San Sebastian taldean egin zituen aurreneko urratsak, artean haurra zela. Ordizian ere ibili zen. Gaur egun, esan bezala, Hernani CREn ari da. Gure Etxean elkartu direnetatik, oraindik Beltzak talderen batean jokatu ez duen bakarra da.

David Vegak futbolean jokatzen zuen gaztetxoa zenean. Ordurako errugbian aritzen zen Paola arreba gaztea, eta Daviden lagun batzuk ere bai: "Futbolaz aspertu, eta kirolez aldatzea erabaki nuen. Errugbia probatu nuen, asko gustatu zitzaidan, eta gaur arte".

Lagun eta senideek garrantzia handia dute, baita Rekondo anaien eta Unai Urruzolaren ibilbidean ere. Xabier Rekondo, bietan gazteena, izan zen errugbian hasten lehena. Anaia Ander animatu zen gero. Gustatu, eta Unai Urruzola lagunari proposatu zion. Berak ere egin zuen urratsa. Gaur egun, elkarrekin jokatzen dute hirurek.

Xede indibidual eta kolektiboak 
Hernani CREren helburu nagusia jaitsiera playoffak jokatzetik salbu geratzea da, Jon Ander Puertasek nabarmendu duenez. Hamabi taldek osatzen dute liga, eta azkenaurreko postuan dago taldea, 24 punturekin. Uneotan ez litzateke libratuko, baina aurretik duen La Vilak ere 24 puntu ditu. Denboraldi amaierara arte sufritu beharko dute. 

Babyauto Zarautz, aldiz, gora begira ari da. Azken urteetan bezala, kategoriaz igotzeko lehian sartu nahi dute. "Posible izanez gero, igo nahiko genuke, noski, baina printzipioz igoera fasera sailkatzea da gure helburu nagusia", aipatu du Unai Urruzolak. Ez dira batere gaizki ari, momentuz: hemezortzi partida jokatuta, 3. postuan daude, 54 punturekin.

Helburu kolektiboei buruz soilik ez, indibidualei buruz ere hitz egin dute jokalariek. Adrian Apaolaza eta Gorka Aristondo gazteek "esperientzia hartzen" jarraitu nahi dute, eta baita lehen taldean postu finko bat lortu ere. Xabier Prietok jokalari gisa hobetzen jarraitu nahi du, "pixkanaka-pixkanaka". Antzeko mintzo da David Vega: "Gaztea naiz oraindik, beti jarraitu dezakezu hobetzen, ikasten. Ondo pasatzen jarraitu nahi dut ere bai; goraka egin, beti". Ander Rekondok dio "eguneroko errutinatik deskonektatzen" laguntzen diola errugbian jokatzeak: "Taldekideekin ongi pasa nahi dut, errugbiaz gozatu, eta, jakina, jokalari gero eta hobea izan".

Zelai barrukoak...zelai barruan
Errugbiak ongi merezia dauka ospea: kirol oso garbia da, eta balio asko transmititzen ditu. Gure Etxean elkartutako jokalariek ere hala uste dute, noski, baina onartzen dute zelai barruan badaudela lehiak, batzuetan apropos zapaltzen direla elkarri, eta antzekoak. "Kontaktu askoko kirola denez, agian ez dira akzio oso nabarmenak, baina gertatzen dira horrelako azpijokoak. Hori bai, dena zelai barruan geratzen da, dutxa hartu eta hirugarren denboran elkartzen gara guztiok, arazorik gabe", dio Ander Rekondok. "Zelai barruko pikeak ez dituzu eramaten kanpora, eta, adibidez, epaileari ez zaio inor joango protestaka etengabe", azaldu du Ritxar Yurramendik. Apunte garrantzitsu bat egiten du Rekondok: "Txartel horiekin kontuz ibili behar dugu, kanpora joan behar dugulako hamar minutuz; horrek asko kaltetu dezake taldea. Hortaz, burua hotz mantentzen saiatu behar izaten duzu, jokatu bitartean".

Errugbiari emandakoa, bueltan
Orduak, orduak eta orduak pasatzen dituzte Hernani eta Babyauto Zarautzeko jokalariek entrenatzen: uda partean ekiten diote aurredenboraldiari, eta liga irailean hasi. Apirilera arte irauten du, gutxienez, eta luzatu daiteke, igoera zein jaitsiera faseak jokatu behar izanez gero. Gustura egiten dute, maite dutelako kirol honetan aritzea, baina ezin uka errugbiari asko ematen diotela. Hori bai, bueltan ere jasotzen dituzte gauzak.

Babyauto Zarautzen jokatzen duten jokalari denek nabarmendu dute gauza bera: talde giro ona. "Lagun kuadrilla bat bezala gara", dio Urruzolak. "Lagunartera zoaz entrenatzera, eta errazagoa egiten zaizu, gusturago zoaz". Talde kimika indartsu hori nabaritzen dute zelaira lehiatzera irteten direnean: "Badakizu zure alboan dituzun taldekideek nola jokatzen duten, eta elkar ulertzea errazagoa da". Partida egunetan, ordutegiaren arabera, elkarrekin gosaldu edota bazkaltzen dute, eta, norgehiagoka bukatu eta gero, askotan elkarrekin ere afaltzen dute. "Etxekoak baino gehiago ikusten ditut taldekideak ia!", bota du Urruzolak, barrez. Partidatan serio konpetitzen dute, baina zelaitik at umore ona ez zaie falta.

Jon Ander Puertasek azaldu du zer nolako errutina daukaten Hernanin, partiden aurretik. Lan saio suabe bat egiten dute, giharrak aktibatzeko eta kontzeptu teknikoak azken aldiz errepasatzeko. Gero, bazkaldu, eta jokatzen hasteko pare bat orduren faltan, "%100ean" zentratzen dira norgehiagokan. Epailearen jarraibideak entzuten dituzte, eta zelaira irteten dira beroketa ariketak egitera.

Partida eta gero, errekuperazio lana. "Jokalari bakoitzak ahal duena egiten du", dio David Vegak. "Jokalari guztiok ez dugu esfortzu bera egiten partidatan, postu desberdinetan aritzen garelako, gehiago edo gutxiago plakatzen dugulako, hasieratik jokatu edo ordezkoen aulkitik ateratzen gara... Errekuperazio lana ez da berbera", zehaztu du Ritxar Yurramendik. "Gainera, ez gara profesionalak; asteburuan jokatu, eta, astelehenean, lanera joan behar dugu, edo ikasketekin jarraitzera. Punta-puntako jokalariek errugbia dute lanbide".

Zaleen indarra
Bakoitzak egin dezakeen lan guztiaz aparte, jokalariek badute energia dosi estra bat, etxeko partidatan batez ere: zaleen indarra. Babyautok Zarauzko Asti zelaian jokatzen du; Hernanik, berriz, Landaren. Etxean jokatzen dituzten norgehiagoketan "giro oso ona" sortzen da, Yurramendik kontatu duenez. Urruzolak ere hala dio: "Afizio handia dago, jende asko joaten da, eta asko laguntzen du horrek errugbian. Ni, pertsonalki, oso gustura aritzen naiz".

Zaleen inguruan dioten guztia ez da positiboa, hala ere. Jokoan kontzentratuta egoten diren arren, zelai barrutik nabaritzen dute gero eta gehiago protestatzen dutela zaleek partidatan. Lehen errespetu gehiagoz jokatzen zutela uste du Jon Ander Puertasek: "Aldatzen ari da zale batzuen jarrera, okerrera. Gehiago errespetatzen ziren epaileak lehen, ez zituzten horrenbeste protesta entzun behar izaten".

Errugbia Lasarte-Orian
"Hazten ari da zaletasuna herrian: lehen baino jende gehiago ikusten da Michelinen jokatzen diren partidatan. Egia da futbola bezalako kirolek erakargarritasun handia dutela, baina gero eta gaztetxo gehiagok errugbian jokatzen jarraitzearen alde egiten dute, kirol bat edo beste hartu behar dutenean". Ander Rekondoren analisia da hori. Elkarrizketako gai nagusietako bat izan da: errugbiaren egoera Lasarte-Orian. "Neska-mutil lasarteoriatar gero eta gehiago ikusten ditut nik errugbian jokatzen", esan du Julen Aristorenak. "Taberna bat eta guzti daukagu [Gure Etxea]!", dio Rekondok.

Halere, oraindik lan asko dago egiteko. Ondorio hori atera daiteke jokalarien hitzak entzun eta gero. Kirol "estereotipatua" da oraindik. Yurramendik hala uste du behintzat: "Guraso askok uste dute errugbia dela jende mordo bat elkarri kolpeak ematen, plakajeak egiten, etengabe, eta ez da horrela". Julen Aristorenaren aburuz, herriko jendeak badaki errugbian jokatzen dela Lasarte-Orian: "Seguru asko ez daki nola jokatzen den, baina badaki errugbian egiten dela hemen". 

Horri lotuta, errugbia gehiago ikusarazi behar dela uste du Jon Ander Puertasek. "Jendeari erakutsi behar zaio, ulertu dezatela nola jokatzen den, ikusi dezatela zer nolako balioak transmititzen dituen errugbiak". Ildo beretik jo du Ritxar Yurramendik: "Egia da kultura falta dela, baina ez da gure errua jendeak kirola ezagutzeko interes nahikorik ez jartzea, duela bi urtetik Babyauto ZRT-Beltzak taldeak Michelinen jokatzen dituelako partidak, eta baita harrobiko taldeek ere askotan. Aukera, egon, badago. Halere, Michelin gero eta beteago dago".

Michelin gero eta beteago egotearen erantzule handiena da Beltzak errugbi eskola. "Txalotzekoa da azken urteotan egin duten lana, oso ona", nabarmendu du Puertasek. "Asko aldatu da egoera: beteranoek lan izugarria egin dute errugbia herrian sartzeko, eta hor daude emaitzak: eskolan gero eta ume gehiagok ikasten dute jokatzen, herritarrak ikusten duzu kaletik Beltzaken kamiseta zein txandalekin, errugbi baloiekin... Hori lehen ez zen gertatzen". Ritxar Yurramendiren hitzak dira.

Errugbiak, etorkizunean, are dimentsio gehiago har dezake herrian. Hala uste du behintzat Ander Rekondok: "Kirol honek ez du goia jo oraindik, inondik ere. Etorkizunean jokalari oso onak edukiko ditugu herrian, txiki-txikitatik hasi direlako errugbia ikasten. Gutako asko, esate baterako, geroago hasi gara. Hamar urte barru, herriak eduki dezake talde propio bat, nire iritziz".

Elkarrizketa bukatu eta mahaitik altxa aurretik, behin eta berriro errepikatu dute jokalariek zenbateraino zaintzen den segurtasuna errugbian, hasi harrobiko taldeetatik eta elitekoetaraino. "Oso zorrotzak dira neurriak, ikaragarri zaintzen da hori gaur egun, asko aldatu da hori ere. Seguru medikuak dituzte jokalariek, kaskoak erabiltzen dira, buruko kolpe gogorrak saihesteko lan handia ari dira egiten, adibidez", jakinarazi du Puertasek.

Horri lotuta, aipatu dute kirol diziplina honek balio oso garrantzitsuak erakusten dituela: errespetua, talde lana, taldean batuz helburu baten bila joatea guztiak batera edota irabazi zein galtzen ikastea, esate baterako.

Errugbiaren bultzada gero eta jendetsuagoa da Lasarte-Orian. Etorkizuna, herrian behintzat, ez dirudi beltza izango denik.