Cookiak

Ados Gure cookieak eta besterenak erabiltzen ditugu zerbitzuak eskaini, publizitatea erakutsi eta informazio estatistikoa jasotzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien erabilera onartzea dakar.

"Elkarrekin, berdintasunean bizitzea merezi dugula uste dut"
Datorren asteazkenean, hilaren 8an Emakumearen Nazioarteko eguna izango da. Lasarte-Orian berdintasunaren aldeko lanketan dihardute ikastetxe eta asialdian

Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko eguna da. Baina ez bereziki ospakizunen eguna, aldarrikapenena baizik.
Geroz eta gizarte parekideago batean bizi garela ospatu beharra dago, noski, baina oraindik ere, lan handia dago egiteko eta generoen arteko ezberdintasun hainbat oso presente daude, oraindik, egunerokotasunean. 

Horri begirada bat bota eta egoeraren errepasoa egin asmoz, herriko gazteen arteko jarrera eta ikuspuntuak, ikastetxeetan egiten den lanketa, eta beste hainbat datu bildu nahi izan ditu Txintxarri-k eta horretarako, herriko eragile ezberdinekin bildu gara gaiaz hitz egin eta egungo egoeraren inguruko informazioa jasotzeko.

Ikastetxeetako lanketa
Berdintasunean oinarritutako baloreen transmisio heziketan dihardute Lasarte-Oriako ikastetxeek; "gaiarekiko interesa  dugu, landu beharrekoa dela uste dugu, baina ez da erraza". Horrela adierazi du Oneski Barandiaran Landaberriko orientatzaileak. 

"Eskoletatik genero berdintasunaren inguruan hainbat balore eta aspektu barneratuak daudela uste dugu, baina errealitatean, hori horrela denik ez dut uste; estereotipo asko oso barneratuak dauzkagu oraindik ere, eta asko dugu lantzeko". 

Honekin batera, Lasarte-Oriako kultur aniztasuna ere ekarri nahi izan du gogora, Barandiaranek. "Lasarte-Oriak kulturalki duen aniztasunak aberastasun handia ekarri du herrira, baina aldi berean, genero berdintasunaren ulermenari dagokionean hemen eman diren aurrera pausuak berriz ere planteatu behar izatea ere ekarri du".

Berdintasunaren bidean, lanketa ezin daitekeela erlaxatu ere argi du ikastetxeko orientatzaileak; "lanketa honetan ardura bat hartzen dugu ikastetxeetatik, baina desgraziaz, oso gordina da begien aurrean dugun errealitatea, eta behar baino tresna eta baliabide gutxiago dauzkagu nahiko genukeen guztia egiteko". 

Egun ikastetxeetan nabari daitezkeen ezberdintasunen inguruan galdetu, eta ikasketak aukeratzeko prozesuaz mintzatu da Barandiaran, besteak beste. 

Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitu eta goi-mailako ikasketetara salto ematerako orduan, oraindik ere generoak markatutako bereizketa handia gertatzen dela nabarmentzen du orientatzaileak. 2014-2015 ikasturteko datuek informazio hori berresten dute; Artea eta Gizarte Zientzietan 3.901 emakume eta 2.483 gizonezko ikasle izan ziren; zientzietako ikasketetan 2.106 emakumezko eta 1.867 gizonezko; osasun zientzietan 6.318 emakume eta 2.142 gizonezko; gizarte eta lege zientzietan 17.920 emakumezko eta 13.017 gizonezko; eta ingeniaritzan, berriz, 4.630 emakume eta 11.812 gizonezko ikasle izan ziren. "Urte luzeetako tendentzia da ikasketena eta arlo honetan ez da aldaketa nabarmenik eman. Honen atzean genero ikuspegia ere badagoela argi izan behar dugu". 

Generoen arteko bereizketa
Lan munduan, kirol munduan, maitatzeko moduan..., hainbat dira egun generoaren ikuspegitik ematen diren bereizketa eta ezberdintasunak.
Orain urte batzuk atzera egin eta arlo horiei erreparatuko bagenie, zerbait aldatu dela esan daiteke; aurrera pausuak eman dira, noski baina oraindik ere nabarmenak dira aspektu horietan ematen diren genero ezberditasunak. 

Azken honekin bat datoz Oneski Barandiaran orientatzailea, eta Oscar Aranda Emakumeen Zentro Zibikoko sexologoa.

Lan arloan, adibidez, "ezberdintasun ugari" daudela gaineratu du Arandak. "Soldaten kasuan, alde nabariak daude oraindik ere gaur egungo emakume eta gizonezko langileen artean". Hego Euskal Herriko emakumezko langileek, batez bestez, 7.710 euro gutxiago irabazten dute urtero. Hortaz, emakumeen batez besteko soldatak %33,6an handitu beharko luke gizonarekin parekatzeko. 

Honekin batera, batez-besteko urteko irabazien datuek ere argi  uzten dute emakume eta gizonen arteko ezberdintasuna; Hego Euskal Herrian, 22.976,66ko irabaziak izan zituzten bitartean, gizonezkoen artean, 30.686,34ekoak izan ziren, hau da 7.709,68 gutxiago emakumeen kasuan.

Etxeko lan eta senideen zaintzari dagokion ardura emakumeek izan badute ere, gaur egun, aurrerapauso eta aldaketa sumatu dela ere adierazten du Arandak. "Emakume eta gizonek, garai batean ez bezala, modu partekatuagoan egiten dituzte etxeko lanak, baina zaintzari dagokionean, oraindik ere emakumeengan dago. Belaunaldi berriak datoz, eta beste jarrera zein balio batzuk transmititzen  ari gara, pixkanaka".

"Gaiarekiko ardura hartzen dugu ikastetxeetan, baina errealitatea oso gordina da"

"Berdintasunaren hainbat balore barneratuak daudela uste dugu, baina ez da horrela"

Bikote harreman sendoak
Harremanen inguruan galdetutakoan, "oso bikote harreman sendoak" egiten direla  irmo adierazten du sexologoak.    "Emakumeek presio ugari jasaten dituzte mutil zein neska batekin baino gehiagorekin egoteko nahia sentitzen dutenean. Hori eginez gero ziur dakite ingurukoen presio eta irainak jasan ditzaketela eta hori guztia ekiditeko, bikote oso sendoak osatzen dituzte, gaztetatik". 

Gizonezkoek aldiz, askatasun gehiago izaten dute harreman horiek izaterako orduan. Ez dute emakumeak duten bezainbesteko mugarik sentitzen emakume batekin baino gehiagorekin egoteko, ez eta nahi duten harremanak sortzerako unean.

Guzti hau ere aldatuz doa pixkanaka, baina oraindik ere betiko joerek pisu handia dute.

Herri mailako lanketa
Zehar lerro moduan, urte guztiko jarduna izaten da herriko ikastetxeetan genero berdintasunaren inguruan egiten den lanketa. "Martxoaren 8a eta azaroaren 25a bezalako egun seinalatuei garrantzirik kendu gabe, gaitasunetan trebatzeko lan ildo bat dugu martxan, eta horren baitan sartzen da, baita ere, hezkidetzaren esparrua", azaldu du Landaberriko orientatzaileak.

Oscar Aranda sexologoaren hitzetan, ikastaroak, tailerrak eta beste hainbat dinamika ere burutzen dituzte gaztetxoekin  gaia landu eta prozesu bat martxan jarri asmoz. "Tailer eta hitzaldi horietan, hezkidetza lantzen dugu nagusiki; maskulinitate berriak, generoen arteko tratu onak, eta beste hainbat alderdi". 

Hezkuntza zentroetako dinamikekin batera, Lasarte-Oriako Gaztelekuan ere sexu-formazio eta aholkularitza zerbitzua martxan du Arandak.

Egin beharreko aldarria
Oraindik ere berdintasuna lortze bidean lan asko dago egiteko eta horregatik, Oscarrek esan moduan, "aldarrikapena beti egon behar da mahai gainean". Sexologoaren ustetan, indarkeria matxistaren aurkakoa da egin beharreko aldarrikapen nagusia, hori baita "izebergaren punta", baina horren azpian beste hamaika arazo badira, eta horien guztien aldeko aldarrikapena eta lanketa beharrezkotzat du. Emakume eta gizonak jendarte berean bizi gara eta berdintasun batean elkarrekin bizitzea merezi dugu”.

Gaztetxoei buruz solasean
Gaztetxoen artean genero indarkeriari buruzko kontzientziarik baden aztertzeko Kuadrilategi ekimeneko begiraleengana jo dugu. 13 eta 16 urte bitarteko gaztetxoekin egiten dute lan, eta gertuko ikuspegia eman digute. Jon Pello Artetxek eta Sara Pavok, zehazki, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin egiten dute lan astero.

Azaldu dutenez, genero indarkeriaren arazoaz jabe dira, baina ez dute "bereziki gertukoa" sentitzen. Hala ere, ez dute uste gai honekin soilik gertatzen denik. "Gizartean pil-pilean dauden beste zenbait arazo ere ez dituzte komentatzen". Dena den, gaztetxoak zuzenean eragiten ditu genero indarkeriak. 

Oso urrutira joan gabe, Euskal Herrian azken hilabetean eman den bortxaketa biktima bat nerabea da. "Halako kasu bat gelan edo oso gertu ikusiko balute, beste sentsibizazio bat sumatuko genuke. Bestela, albistegietan ikusi daitekeen albiste latz asko bezala ikusten dute. Bertan dago, baina ez dute alboan sentitzen".  

Sentsibilizazioaren gogoeta ez litzateke, halere, gazteetara soilik mugatu behar. Izan ere, gertutik ukitzeak beti edukitzen du eragin handiagoa.

"Beldurragatik gauean taldean etxeratzea normaltzat" hartzen den jarrera dela azpimarratu du Pavok, aurreko belaunaldikoek egin ohi duten bezala. Mutilak, berriz, "ez dira ikara horren guztiz jabe. Lapurtuak izateko beldurra eduki dezakete, baina ez da sentsazio bera". 

Hizkera eta komentarioak
Kuadrilategiko begiraleak ez daude bereziki kezkatuta gaztetxoen hizkerarekin. Noizbehinka komentarioren matxistaren bat entzuten badute ere, "ez da ohikoena izaten". Artetxek aipatu du institutuetan zehar eman duen ikastaroren batean egokitu zaiola halakoak entzutea, behin edo behin. "Gehienbat, kirolari eta indarrari lotutakoak". Zentzu horretan, ez dute uste okerrera egin duenik egoerak. Are gehiago, euren perzeptzioa da gaur egun "kontu handiagoa" dutela komentario horiek egiteko garaian.

"Ez dira leloak. Gazteek badakite zer dagoen ondo eta zer gaizki". Hala ere, nabarmendu dute gauza bat dela eskolan edo eskolaz kanpoko ekintza antolatuetan duten jarrera eta beste bat, denbora librean. "Guk ez dakigu aisialdian eta lagun artean zer nolako jarrerak erakusten dituzten, eta ez dugu informazio handirik haien arteko erlazio ereduez".

"Beldurragatik gauean taldean etxeratzea normaltzat hartzen da"

"Egun, komentario matxistak egiterako orduan kontu handiagoa izaten da"

Kontrolaren inguruko kezkak
Aditu batzuek kezka agertu dute sare sozialek eta teknologia berriek gaztetxoen artean eragiten dituzten erlazio ereduak direla eta. Komunikatzeko formak aldatu dira, eta, horiekin batera, gaztetxoek bikote harremanetan izaten dituzten joerak.

'Genero indarkeriaren perzeptzioa nerabezaro eta gaztaroan' izeneko ikerketa plazaratu zuen CISek 2015ean. Elkarrizketatuen herenek azaldu zuten kontrol jarrerak "onargarriak" edo "ekidinezinak" zirela. Hala, landu beharreko esparru gisa identifikatu zuten.

Telefono mugikorren gehiegizko erabilera bai, baina  kontrol egoera nabarmenik ez dute topatu Kuadrilategiko begiraleek.Hala ere, saiatzen dira, ahal den heinean, gailuak euren saioetatik kanpo uzten.
"Hasi aurretik, telefonoak kutxa batean gordetzeko eskatzen diegu, bestela ez dute jaramonik egiten", nabarmendu du Pavok. "Horregatik, zaila zaigu ikustea, bikote harremanen bat badute, zer nolako jarrerak dituzten horietan".

Arriskuan dauden ume eta nerabeak laguntzen dituen Anar Fundazioko adituen ustez, kezkagarriena da emakume gazte askok kontrol egoera horiek ez dituztela "arriskutsu" bezala ulertzen. Esaterako, bikotekideari mugikorra erakutsi behar izatea "konfiantza" zeinu bezala ikusten dute "konfiantza ezakoa" baino.

Lotsa ala intimidazioa?
Oraindik ere, orokorrean, gizonezkoak irekiagoak direla edota parte hartzeko joera handiagoa dutela uste dute askok; emakumeak lotsatiagoak direla argudiatuz. Egoera horien atzeko jarrera matxista naturaltzat hartu izan dira gizartean.

Halakoak topatzea, askotan, "zaila" da Artetxeren eta Pavoren ustez. Izan ere, zuzentzen dituzten taldeak ez dira proportzionalak neska eta mutilen kopuruari dagokionez.

"Batzuetan, mutilek hartu izan dute ekintzaren 'zentralitatea', baina gehiago direla eta euren artean harreman handirik ez duten koadriletan aritzen direla kontuan hartu behar da".

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
AITOR
Zorionak Aitor! Muxu asko asko aitona Alfredo eta amona Pepiren partez!
AZKEN PDFa
1376 ( Apirilak 21 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Gil ( Osteguna)
Kale Nagusia 24
Tel: 943 361529
ASTEA
    • Lasa ( Ostirala )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • De Miguel ( Larunbata )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • De Miguel ( Igandea )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • De Miguel ( Astelehena )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Acha-Orbea ( Asteartea )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Urbistondo ( Asteazkena )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48