Burujabetzaren aldeko urratsa

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 12a, 16:00
Euskal Herriko berrogeita hamabi herrik izan zuten igandean, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera; horien artean Lasarte-Oriak. Guztira, 2.303 herritar gerturatu ziren herriko auzo ezberdinetan kokatutako sei bozka-lekuetara. Jai giroa izan zen nagusi

Euskal Herriko herri asko harrapatu zituen burujabetzaren aldeko olatuak asteburuan. Lasarte-Orian ere 2.000 pertsona baino gehiago gerturatu ziren sei bozkaletuetako batera Loratu Taldeak proposatutako bi galderen inguruko iritzia ematera. 

Guztira, 52 herritako biztanleei galdetu zitzaien ea Euskal Estatu independiente bateko biztanle izan nahi ote duten. Galdera ezberdinak mahaigaineratu dituzte udalerri bakoitzean, baina guztien funtsa hura da, nazio subiranotasauna gauzatzea.

62.736 euskal herritarrek eman zuten bozka pasa den igandean, errolda osoaren laurdenak gutxi gora behera. Hala, %25,30ko parte hartzearekin, maiatzaren 7ko olatuak aurrekoek edukitako arrakasta antzekoa izan du. Esaterako, Tolosaldean, Oarsoaldean, Hernanin, Astigarragan eta Larrabetzun antolatutako galdeketak deituak zeuden %24,83a bildu zituen.

Oraingoan, berriz, inoiz baino pertsona gehiago deitu zituzte hauteslekuetara. Debabarrena, Durangaldea, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, Uribe Kosta eta Urola Kosta eskualdetako eta Legutio, Orozko, Urkabustaiz, Zeanuri, Usurbil, Zubieta eta Lasarte-Oriako biztanleek eman zuten iritzia igandean. 

Harrera ona izan du galdeketak Zubietan –%54,2– eta Usurbilen –%38,1–. Bietan galdera bera luzatu zuten talde eragileek: “Nahi al duzu Euskal Herria estatu independientea izatea?”. Baiezkoak ezezkoak baino gehiago izan dira nabarmen –239 baiezko, 2 ezezko eta zuri bakarra Zubietan; eta 1.729 baiezko, 53 ezezko eta 61 zuri Usurbilen–.

Datorren hilabetean erabakitzeko eskubidearen aldeko hurrengo olatua Nafarroa Garaiko iparraldera iritsiko da. Basaburuan, Bortzirietan, Imotzen, Mendialdean eta Sakanan egingo dituzte galdeketak ekainaren 18an. 

Etxarri-Aranatzen eta Bakaikuan ez da hautestontzirik izango. Bozkatzen lehenak izan ziren etxarriarrak, eta bakaikuarrek azaroan gauzatu zuten euren eskubidea.

Lasarte-Orian %14,78 

Igandean, 2.303 lasarteoriatarrek gauzatu zuten euren erabakitzeko eskubidea; %14,78koa izan zen parte-hartzea. Dena den,  maiatzaren 7an gertatutakoa zenbakiez harago doa. Lasarte-Oriako Gure Esku Dagoko kide Jose Carlos Carrascok argi asko azaldu zuen: "Goxo, jai giroan plazaratu dugu gaia, ongi egin dugu dena; batzen gaituena ospatu dugu, ez banatzen gaituena. Hasi aurretik bagenekien irabazi egin dugula gaur. Irabazi dugu. Lasarte-Orian".

Goizetik iluntzera arte

Jai giroa izan zen nagusi Lasarte-Orian, goizetik iluntzera arte. 

Bolondresak, antolatzaileak eta berme-batzordeko kideak goizean goiz jaiki ziren, ilusioz beteriko egun bati ekiteko. 

Hauteslekuetako batean, Arrieskalleta elkartean elkartu ziren hainbat antolatzaile, goizeko mezua irakurri eta herritarrak botoa ematera animatzeko. Hortik aurrera ireki ziren gainontzeko hauteslekuak ere, etxafero-soinuek hauspotuta. 

Goizean zein arratsaldean zehar ilarak ikusi ahal izan dira horietan, erdigunekoetan batez ere: Arrieskalletan eta Ostadar SKTren egoitzan. Gainontzeko hautestontziak Lasartearra elkartean, Zabaleta Auzolanen lokalean, Oriako Denda Berrin eta Sasoeta auzoan egon ziren.

Sei gune horietan bezainbesteko (eta une askotan gehiagoko) mugimendua egon zen Okendo plazan. 11:00etan hasi zen Erabaki Fest-en egitaraua, zunba saioarekin. Gorputza astindu zuten lasarteoriatarrek, eta baita Kukuka antzerki eta dantza eskolako taldeek zein Ostadar Ipar Martxako kideek ere, koreografia anitzak taularatuz. 

Eguerdian berriz, 'Hamaika itxaropen' abestiaren sortzaileen doinuek lagunduta, zerurantz altxatako eskuek hartu zuten plaza. Eskuen ostean iritsi zen olatu erraldoia, Porrotx pailazo bihurriak gidatuta.

Ehundaka herritar elkartu ziren Okendon, 'Erabaki' afixak eskuetan zituztela. Goizean zehar gelditu gabe aritu ostean, indarrak hartzera abiatu ziren hainbat herriko tabernetan barrena, pintxo-pote girotuan.

Ordu eta erdi beranduago berriz, Okendora bueltatu eta karpan bazkaldu zuten, norberak bere janaria eramanda.

Bazkalostean lokartzeko gogoa sartzen da askotan, baina igandean ez zen horrela izan. 

Unai Muñoa eta Ane Labakaren bertsoek, erromeria inprobisatuak eta gure herrian hain ezagun egin den Safri Duo taldearen doinuek eragotzi zuten hori. Bien bitartean, finalerdietara sailkatutako zortzi bikoteek Loratu Mus txapelketako sari potoloenak irabazten saiatu ziren. Azkenean, Aitzol Irazustabarrena eta Jose Manuel De la Serna 'Karrantxo' izan ziren garaile, finalean Xabi Arteaga eta Axular Iparragirreri irabazita. Txapelketako babesleak Noaoa! Bidaiak eta Patxi Larrañaga zein Etxezarreta harategiak izan ziren. Musa eta gero, berriro ere dantza egiteko unea, Zigor Lanpre DJaren eskutik. Ordu eta erdiko saioaren ondoren, Xumela abesbatzako kideek eta herriko txistulariek hartu zuten lekukoa, eta erdigunean ibili ziren kantu-jiran.

Eta, eguna biribiltzeko, azken ekitaldia. Jon Altuna Egitegi kazetariak egin zituen esatari lanak. Oholtza gainetik igaro ziren Tomas Arruti eta Pontxo Morales txalapartariak, Erketz dantza taldeko dantzariak, berme-batzordeko kideak eta baita herri galdeketa antolatu zutenak ere. Bereziki hunkigarria izan zen azken hauek igo zirenean taula gainean, 'Eskerrik asko' esaldiaren hizki bakoitza eskuetan hartuta. Horrez gain, iragarri zute zein izan zen eguneko boto kopurua: 2.303. Plazan bildutakoek txalo zaparrada luzeak jo zituzten albistea jakitean.

Maiatzaren zazpiko galdeketaren balorazioa

 Loratu taldea herri galdeketako talde eragilea

Maiatzaren 7ko herri galdeketaren ondoren, hauxe da Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok igandeko jardunaldiaren eta aurretik egindako lanaren gainean osatutako balorazioa: 

Igandeko kontsulta ariketa demokratiko bat izan da. Erabakitzeko eskubideari buruz hizketan jarraitu ahal izateko tresna da galdeketa eta helburu horretara heltzeko egindako bidea da nabarmendu nahi duguna. Bide horretan, herriko hainbat eragilek eta herritarrek elkar ezagutzeko aukera izan dugu, elkarrekin lan egin eta ikasteko. Elkarrengandik hurbilago gaude gaur. Honez gain, azken hilabeteetako lanari esker, Lasarte-Oriako Gure Esku Dago herri ekimena anitzagoa ere bada nahiz eta oraindik ez den nahi genukeen bezain zabala. Herritarrak ahaldundu egin gara eta honek ilusioa sortu eta jendea aktibatu du. 

Igandeko emaitza oso pozgarri eta baikorra izan da Lasarte-Oriako GEDentzat. Herriak ondo erantzun du eta 2.303 lagunek hartu dute hitza. Herritarren ia %15ak, hain zuzen ere. 2.303 lasarte-oriatar aktibatu dira. Bost kultur etxe betetzeko adina lagun… eta hori, ez da nolanahiko erantzuna. Bestalde, maiatzaren 7ko herri galdeketa jai giroan eta inolako arazorik gabe burutu izana ere azpimarragarria iruditzen zaigu.

Hurrengo pausoak

Aurrera begira, Lasarte-Oriako GEDk bidean hobetzekoak eta egitekoak askoz garbiago ikusten ditu. Printzipio baten bueltan eta elkartzen gaituena oinarri hartuta jarraitu nahi dugu aurrera eta Juanjo Alvarezen hitzek dioten moduan pluraltasunez eraiki behar da nazioa, nire ametsa zure amesgaizto bihur ez dadin. Horrela jarraitu nahi dugu, elkartzen gaituenaren bueltan gero eta adostasun eta harreman-sare zabalagoa osatuz. 

Hurrengo pausoa, eragileen eta herritarren itunak izango dira. Beste herrietan bezala Lasarte-Orian ere eduki pluraleko adierazpena landuko da 2018an eta hori, ekainaren 10ean Bilbon egingo den ekitaldian aurkeztuko da. Instituzioetan erabakitzeko eskubidearen aldeko ekinbideak sustatuko dira eta Lasarte-Orian herritarren arteko elkar ezagutzea eta harreman sarea sendotzen jarraituko dugu. 
Azkenik, 2019an erreferendum orokorrerako deialdia landuko dugu Lasarte-Orian ere.

Eskertzak

Ez genuke balorazio hau amaitu nahi, azken hilabeteetan herri galdeketaren ekimenean modu batera edo bestera parte hartu duten herritar eta eragileak gogoan izan gabe. Bai asteroko bilereten ibili den jendea, eta baita parte hartze puntualagoa izan duena ere. Guztiak izan dira ezinbestekoak bide hau gauzatu ahal izateko. Jendeak prozesuaren parte izan nahi duela ikusi dugu, ilusioa eta poza arnastu ditugu. 

Halere, modu berezian eskertu nahi ditugu hurrengoak:
*Hauteslekuetako lokalak utzi dizkigutenak: Lasartearra eta Arrieskalleta elkarte gastronomikoak, Ostadar kirol elkartea, Zabaleta auzo elkartea eta Sasoeta eta Basaundiko lokalen jabeak. Eta hautesleku bezala erabili ez badira ere, bestelako egitekoetarako lokala utzi diguten Ttakunenea eta Xirimiri elkarteak.
*Pastoral kontseilua
*Noaoa bidaiak
*Gure Etxea taberna
*Globoaren jabea
*Herriko merkatari eta dendak
*Udala, eskaini dizkigun erraztasunengatik
*Maiatzaren 7ko jaian parte hartu zuten herritar eta elkarteak
*Maiatzaren 7ko antolaketa lanean ibilitako milatik gora boluntarioak
*Eta bide honetan hainbeste lagundu duten tutore eta saretuak.