Boli Kostako gazteei laguntzen

Nerea Eizagirre 2018ko abe. 23a, 10:30
Elkartasun mugimendu handia dago Euskal Herrian. Asko dira motxila hartu eta beharra duten herrialdeetara laguntzera doazenak. Boli Kostako Man eremuan gazteekin lan egin zuten abuztuan Lasarte-Oriako Eliza ebanjelikoko kideek

Abuztuaren bigarren hamabostaldian Lasarte-Oriako Eliza ebanjelikoko dozena bat kide Boli Kostara joan ziren, bertako Jeune Espoir d’Afrique elkarteak Man eremuan duen proiektuan haien harritxoa jartzera. Zentroan 2011. urtean jazotako Guda Zibilaren eraginez umezurtz geratu edo haur soldadu izandako gazteekin egiten dute lan, etorkizunean ibilbide profesionala izan dezaten. 

Urte batzuk dira Lasarte-Oriako Eliza ebanjelikoak proiektuari buruz jakin zuela. "Gure elizara etortzeko gonbita egin genien misiolariei, han egiten zuten lana ezagutzera emateko. Misiolari bikotea etorri zen, emakumea Boli Kostakoa da, eta senarra Madrilgoa. Prozesu guztia azaldu ziguten, eta elizako batzuk bertara joateko ideiari bueltaka ematen hasi ginen," azaldu du Maite Larrañaga Eliza ebanjelikoko arduradunak. 

Orduan bidaiaren ideia alde batera utzi zuten. "Denbora behar da bidaia eta prestaketa guztiak egiteko". Baina beste aukera bat eman zien patuak. "Guk guztia otoitzaren bidez egiten dugu eta Jaunari otoi egin genion seinale bat eman eta aurrera egin ahal izateko. Handik gutxira misiolariak jarri ziren berriro ere gurekin harremanetan, proiektuak eman zituen pausoen berri emateko. Gonbidatu genituen eta haien azalpen berriaren ostean, elizako pertsona talde batek bertara joatea erabaki zuen. Gauza bat dela edo bestea dela, azkenean hamabi bat kide joan ginen".

Proiektua

Boli Kostako Man eremura joan ziren abuztuan, hamabost egunean bertako gazteekin lan egin eta haien egoera ezagutzera. "Gudak gehien eragin zuen hiri eta eremua da hori".

"Espainiako Cercafrica elkartea ari zen bertan lan egiten. Eremu horretan zeuden arazoez ohartu ziren, gudak eragin handia izan zuen bertakoentzat, umezurtz eta haur soldadu asko zegoen. Datuen arabera, eremu horretan 5.000 bat haurrek jazo zituzten gudaren ondorioak. Eskolaratze eza ere handia zen". 

Proiektua martxan jarri baino lehen, ikerketa bat egin zuten hango Eliza ebanjelikoaren laguntzaz. "Orduan udaleku batzuk egin zituzten, eta bi mila bat haurrek parte hartu zuten horietan".
2013an, Jeune Espoir d’Afrique (JEA) elkartea sortu zuten eta gazteekin lan egiteko proiektua jartzen du martxan Dakuople herrian.

Elkarteak misiolarien zentro bateko eremu bat alokatu zuen, bertan bizi eta ikasgaiak eskaintzeko. "Baina bertako pertsona batek emandako eremuan ari dira etxebizitza eta zentro berria eraikitzen. Etorkizun batean bertara joango dira," esan du Larrañagak.

Proiektuaren muina hain zuzen ere, horretan datza, hezkuntza zentroaren eraikuntza. "Gazteak ari dira horretan lanean eta lanaren bitartez, tresnak ematen zaizkie ibilbide profesional bat egin dezaten. Argindarra, eraikuntza…  Talde bakoitzak hiru urteko zikloa egiten du. Gaur da eguna ikasle batzuk irakasle lanetan daudela". 

Lanbideaz gain, frantsesa eta beste oinarrizko ezaguera batzuk  ere irakasten dizkiete zentroan. "Askok ez dakite ez irakurtzen ez idazten, eta bere hizkuntza edo dialektoa hitz egiten dute. Bertan yacouba hitz egiten da nagusiki. Zentroan hiru behintzat bazeuden. Elkarri ulertzeko frantsesa erabiltzen dute". 

Zentroan 40 bat pertsona daude lanean, eta 30 bat gazte dituzte haien gain. "Gazteen artean aukeraketa bat egiten dute, umezurtzek eta haur soldaduek lehentasuna dute. Gazte hauek kalean bizi izan dira eta ez dute jatekorik izan. Zentroan teilatua eta janaria dute.  Lehen taldea 28 bat gaztekoa izan zen". 

Zentroan eta herrietan lanean

Lasarte-Oriako taldea Dakauplera iristean, bertako jendeak esku zabalik hartu zituela adierazi du Larrañagak. "Udan boluntario ugari joaten da. Bertako jendeak harrera ona egiten die orokorrean eta prest agertzen da edozertan laguntzeko. Haientzat zuri bat hara joatea harrigarria da".

Ikasturte garaia amaituta, gazteek aisialdi ugari zuten eta Lasarte-Oriako eliza ebanjelikoko kideek hainbat tailer egin zituzten haiekin egunean zehar. " Guk genekiena eskaini genien gaztelania, gitarra, piano, bateria, dantza, dekorazioa, mimoa…"

"Bateria tailerrean esate baterako, haien erritmoak baterian nola jo ikasi zuten," jakitera eman du Larrañagak.

"Dantza tailerra ere asko gustatu zitzaien. Gure elizako kide bat zunba irakaslea da eta elkarri erakutsi zieten dantza bat. Ideia denek elkarrekin dantza egitea zen, baina guk behintzat ez genuen bete," onartu du Larrañagak. "Erritmoa dute barruan sartua. Abestiak, dantza eta danborra... Danbor hotsa zentroan edonon entzuten zen. Giro ederra zegoen zentroan". 

Kirol materiala ere eraman zuten. "Saskiak, erraketak, baloiak,… Kirol tarteak egitea zen asmoa, baina gazteak dira eta batetik bestera dabiltza."

Gauetan, berriz, hezkuntza espitirualerako tailer batzuk eskaini zizkien Larrañagak. "Nik prestatutako hainbat ekimen egin genituen alde espirituala lantzeko, hausnarketa egin, Bibliaren hitzak entzun eta irakatsi, etb."

Inguruko herrietan ere haurrei irribarrea eragiteko astia izan zuten Eliza ebanjelikoko kideek. "Gu han ginela baliatuz inguruko herrietara joan ziren elkarteko kideak. Irteera horietan haurrekin ekintzak egiten genituen: aurpegiak margotu, puxikekin tailerrak… Haurrez gainezka egon ginen".

Horiez gain, botikak eraman zituen Lasarte-Oriako taldeak. "Bertan oso garesti dira. Beraz, hemen kanpaina bat egin genuen Andoain eta Lasarte-Orian. Gure elizan eta farmazietan jaso genituen. Pila bildu genituen eta Andoaingo Udalak ere lagundu zuen. Maleta guztietan sartu genituen. Oinarrizko gauzak izan ziren: antibiotikoak,  bendak…"

Ikasturte garaian joan ez izanak baditu bere aurkakoak."Gu ez gara ikasturte garaian joan, beraz  ,ezin izan ditugu ikusi eraikuntza lanak edo alde psikologikoa nola lantzen duten. Baina gazte bakoitzak arduradun bat du. Pertsona hori da gaztea ezagutu eta harekin lan egiten duena. Lan pertsonalizatu bat da. Guk tailerretan izan genuen haiekin egoteko aukera eta kasuren bat ezagutu genuen gertaera latzak bizitakoa".

Gainera, gazteekin harremana sendotzerako orduan, hizkuntza muga bat izan zela onartu du Larrañagak. "Boluntarioen artean gaztelania erabiltzen genuen, baina gazteekin harremana egiteko itzultzaileak behar genituen. Hori oso frustragarria zen niretzat, haiengana hurbiltzeko eta haien errealitatea zuzenean ezagutzeko ez nuelako aukerarik. Horregatik frantsesa ikasten hasi gara batzuk".

Egoera latza eta tentsioa

Egindako irteeretan herrialdeko egoera ere zerbait ezagutu ahal izan zuen Lasarte-Oriako taldeak. "Kontraste handia dago, batzuk oso aberatsak dira, eta besteak txiroak. Zuriak asko baliatzen gara hango lehengaiez, egoerari buelta ematea zail ikusten dut," adierazi du Larrañagak.

"Bertako jendea nekazaritzatik bizi da. Normalean, lurretan lan egiten egoten ziren. Batzuk badaude, profesionalak esango nuke. Baina gehienak nekazariak. Hortaz aparte, kaleetan emakumeak ikusi genituen fruta, platano txigortua, juka eta beste hainbat gauza saltzen. Arroza han oso garestia da," jakitera eman du Larrañagak. 

"Oinez doaz gehienak batetik bestera, kotxe bat duena zorteko da. Errepideak ere ez daude egoera onean, zulo handiak dituzte. Zur-industriako kamioiek daramaten kargaren pisua dela eta, hondatzen omen dira. Horrek ere bidaiak egitea zailtzen du, batetik bestera mugitzeko denbora behar da" . 

Bestalde, guda osteko tentsioak eta beste herrialdeetako muga gertu izateak eremuan eragina duela adierazi du Larrañagak. "Herrietara bisitak egiteko orduan, batera joatea arriskutsua zela azaldu ziguten. Egunean zehar joan eta buelta egin behar genuen. Eremuan lapur taldeak daude eta herri horretan gainera, hiru komunitate ezberdin bizi dira". 

Horregatik, militarren kontrolak ohikoak direla esan du. "Geratzen zaituzte eta denetarik galdetzen dute. Gainera, ez dakizu gu, zuriak bertan egotea ona edo txarra den. Ez genuen arazorik izan, baina herri arriskutsura joatean ere geratu gintuzten eta horrek larritu egin gintuen".

Hori guztiaz gain, sorginkeria eta sinesmenen eragina handia dela jakitera eman du. "Biolentzia eta sorginkeri asko dago. Mendekuaren ideia oso errotua dago. Afrikarren biolentzia gauza espirituala da. Zerbait kaltegarria gertatzen bazait, beste herri bateko norbaitek espiritu gaizto bat bidali duelako da eta hil behar dut. Sorginkeriari dagokionez, bertan ginela, aztitzat zuten ume bat jaso genuen eta zentrora eraman. Haurra jaio eta ama hil zen, beraz, umea sorgindua zegoela uste zuten bizilagunek. Etxe bateko teilatuan bizi zen eta pertsona batek bakarrik zuen harremana berarekin jaten emateko. Kalean ikusten zutenean jipoitu egiten zuten". 

Gauza hauek guztiak badaude ere, bizitzaren ikuspuntu baikorra dute Man eremuko herritarrek. "Beste bizitzeko era bat da. Dagoenarekin bizi behar dira. Ez dituzte gure milikeriak. Pozik bizi dira dutenarekin eta poztasun horrekin ere, egoera zailei egiten diete aurre". 

Eliza ebanjelikoko kideek hurrengo urteetan Boli Kostara joateko asmoa dutela jakitera eman du Larrañagak. Horregatik,  bidai ahorietan beharrezkoak dituzten gauzak eramateko kanpainak egingo dituztela aurreratu du.

Elkartasun kutxak, irriak banatzen

Lasarte-Oriako Eliza ebanjelikoak nazioarteko proiektu batekin bat egin zuen duela bi urte, Operación niño de Navidad. Senideei, ezagunei eta lagunei jakitera eman ostean, gainontzeko herritarrei proiektuaren berri eman diete azaroan zehar erakundeak Okendo plazan jarri duen karpan. 

"Lasarte-Oriako Eliza ebanjelikoko kideak duela bi urte hasi ginen parte hartzen egitasmo horretan. Ingurukoei ere horren berri eman genien eta aurten kalera ateratzea erabaki dugu. Nahiz eta ebanjelistak ez izan, jendeak ere ilusio handiz parte hartu dezake horrelako ekimenetan," esan du Eliza ebanjelikoko arduradun den Maite Larrañagak. 

Samaritan’s Purse elkarteak darama egitasmoa, baina Espainian, Decision erakundea arduratzen da kutxen kudeaketaz. Parte hartzen duten pertsonek kutxa bat prestatzen dute edo Internet bidez, erosten dute. "Kutxa horien bitartez inoiz oparirik jaso ez duten haurrei amodioa banatzea" da helburua Maite Larrañagak azaldu moduan. Izan ere, horietan haurrei baliagarriak zaizkien gauzak eta oparitxoren bat sartzen dira. "Kutxan zer sartu daitekeen zehazten dute egitasmoko sustatzaileek. Ideia jostailu bat jartzea da, baina baita beharrezkoak dituzten beste gauza batzuk: eskola materiala, higienerako gauzak, etb".

Abenduaren 3a baino lehen, Eliza ebanjelikoak kutxen bilketa egin eta Madrilera bidali zituzten. Bertan kutxak gainbegiratu eta beharra duten herrialde ezberdinetara bidaliko dituzte bertako haurrei Gabonetan irribarre bat eragiteko. "Bidalketa egin baino lehen ez dakigu nora joango diren kutxak. Gerora, erreportaje bat egiten du elkarteak zein herrialdeetako haurrek jaso dituzten jakinarazteko. Iaz Ukrania, Togo, Ekuatore Ginea eta Saharar kanpamentuetara bidali zituzten opariak".