Beharrezkoa den osagaia, odola

Nerea Eizagirre 2018ko uzt. 20a, 12:45
Oporraldi garaia iritsi da, eta gehienek autoz egingo dute bidaia. Horregatik, errepideetan gerta daitezkeen ezbeharrei aurre egiteko, odola emateko deialdi berezia egin ohi dute. Herritarren erantzuna bat-batekoa da; urtean zehar, ordea, erreserbak mantentzeko arazoak daude

Gipuzkoako odol emaileen elkartea 1964. urtean sortu zen. Hau sortzearekin batera, odol beharraren kontzientzia hedatu eta  pixkanaka eremuko herrietan ordezkaritzak sortu ziren. Lasarte-Oriakoa, esaterako, 1972an sortu zen. Egun Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentro-Gipuzkoa fundazioko parte da. Horrek bermatzen ditu Euskadin odolaren eta ehunen hornidura eta erabilera egokia.

Egunero ospitaleek eta klinikek odola eta bere osagaiak behar dituzte. Gaur ezinbesteko bilakatu dira hainbat tratamendu aurrera eramateko, ebakuntzak egiteko edo gaixoak zaintzeko. Gainera, bizi-itxaropenaren igoera dela eta, sendaezintzat jotzen ziren gaixo batzuen etengabeko behar garrantzitsuak dira. Gipuzkoako odol emaileen elkartea lanean hasi zenetik 1.150.000 emari baino gehiago egin dira. 1965ean egin ziren 200 emarietatik egun egiten diren 27.500era garapena handia izan da, baina ez da nahikoa. 2018. urteko Gipuzkoako helburua 31.000 emarikoa da.

Joxe Usabiaga Lasarte-Oriako eta Oria Beheko Odol emaileen delegaritzako ordezkaria da, eta Mari Jose Espinal Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentro-Gipuzkoa fundazioko langilea. txintxarri-k biekin hitz egin du odol eta bere elementuen beharrari buruz.

Usabiaga eta beste herritar talde batek sortu zuten Lasarte-Oriako odol emaileen ordezkaritza duela 48 urte."Hernaniko ordezkaritzako jendearekin harreman handia nuen, eta haien bitartez hasi ginen lanean," azaldu du Usabiagak, Lasarte-Oriako taldearen sorrerari buruz. 

Mari Jose Espinalek, berriz, 30 urte daramatza odolarekin lanean.  Urte horietan guztietan, herrietan zein Donostiako gunean odol ateratzeak egin ditu, eta laborategi lanetan ere ibili da. Egun Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Donostiako gunean aritzen da. Odola, plaketak eta plasma atera eta poltsak Galdakaora eramateko prestatzen ditu. 

Odola eta azterketak

Hilabeteko azken astelehenean izan ohi da Lasarte-Oriako odol emaileen hitzordua. Donostiako gunean, berriz, astelehenetik ostiralera daude egun osoz, eta larunbat goizetan ere egiten dituzte ateratzeak.
Lehenik, odol emaileek baldintza batzuk bete behar dituzte. "Gaixotasun batzuk gainditu dituzten pertsonek ezin dute odolik eman. Zenbait herrialdetara joaten diren pertsonek ere ez. Ohiko odol emaileei galdeketa bat egiten zaie, eta tentsioa eta burnia ongi duten aztertzen da", dio Usabiagak. 

Horrez gain, odol emaile elkarteak urtean zehar emari kopuru bat du zehaztua emakume, zein gizonentzako. Gizonek lau aldiz eman dezakete odola urtean, eta, emakumeek, aldiz, hiru. Odol-emateen artean gutxienez bi hilabete igaro behar dira. 

Odol emaile berria izateko 18 urtetik 65 urtera izan behar da, eta 50 kilo baino gehiagoko pisua. Galdeketa eta kontrol medikua ere igaro behar dituzte.

Odolari ere azterketa zorrotzak egiten zaizkiola esan dute argi eta garbi: "Odol emariak hemendik atera eta laborategira eramaten dituzte. Odola aztertu eta zerbait izanez gero, emaileari jakinarazten zaio. Zenbait gaixotasun detektatuz gero, odol hori ez da erabiltzen. Gaixo bati hori jarriz gero hondamena izango litzateke".

Eta ordezkaritzako lehen urteak dakartza ahora. "Beharra zegoen orduan, garai haietan erresidentzian egiten ziren emariak, eta zuzenean jartzen ziren. Inongo kontrolik gabe," esan du.

"Orain lehengaiaren kalitatea lortzeko kontrol gehiago dago. Lehen guk begiz edo poltsa ikutuaz neurtu behar genuen odol kopurua, eta guk mugitu behar genuen odola poltsetan. Egun makinak erabiltzen dira lagungarri gisa, eta zehatz mehatz egiten dute lana," adierazi du Espinalek. 

Osagaiak

Ostean, odola erabilgarria bada, hiru osagai bereizten dituzte: hematiak edo globulu gorriak, odol-plasma eta plaketak. Beraz, gutxienez hiru gaixorekin erabil daiteke emari bakoitza. 

Hala ere, Espinalek jakitera ematen duenez, plaketak edo plasma emateko aukera ere badago. "Odola ematea da ohikoena. Plaketa eta plasma eman daitekeela jende gutxik daki. Ezagun batek esanda edo Donostian makinak ikusita animatzen dira asko. Hala ere, edonork ezin ditu plaketak eman, baldintza batzuk bete behar dira. Plasma emateko ez dago hainbesteko arazorik".

"Odolak 42 egun irauten ditu, baina plaketek bost egun. Odol beharra dago, baina beste elementuena ere," gaineratu du.

Baina nahiz eta zientzia eta medikuntzaren garapena handia izan, oraindik odol-emateak beharrezkoak dira. "Oraindik odolaren ordez ez dago ezer, eta ikertzen ari dira. Baina gu hilko gara, eta oraindik horretan jarraituko dute. Nekez ikusten dut odolaren ordezko beste elementuren bat ateratzea oraingoz. Seruma egin dute, baina odolaren elementu guztiak sortzea zaila izango da. Odol beharra nahitaez egongo da," azpimarratu du Usabiagak.

Odol emaileen elkartean Gipuzkoako ordezkaritza bakoitzak autonomia osoa duela azaldu du Usabiagak. "Bizkaia eta Araban autobusak daude, eta herriz herri joaten dira," esan du Espinalek.

Talde bakoitzak bilatzen ditu lanean jarraitzeko funtsak eta azpiegiturak. Odol ateratzeetan jartzen duten luntxa, esate baterako, ordezkaritza bakoitzak prestatzen du.

Ordezkaritzen garrantzia

Usabiagaren aburuz, ordezkaritzek sortzen duten berotasuna oso garrantzitsua da. "Ez da autobusean bezala, odola eman, pintxoa hartu eta listo. Hemen harremana dago, berotasuna, goxotasuna; asko nabari da. Herritarrek ongi hartzen dute. Gipuzkoa mailan hori daukagu ona, Bizkaian ez dago horrelakorik".

Horri esker, 70 bat pertsona etortzen da hilabetero. "Baina gora beherak daude opor garaietan," jakitera eman du Usabiagak. Espinalen esanetan, berriz, Gipuzkoako herrietako odol ateratzeak eta Donostian egiten direnak ez dute zer ikusirik. "Herrietan lortzen den odol kopurua handia da. Guk egunean hogei bat ateratze egiten ditugu. Herrietan hiru orduetan 80 bat egiten dituzte. Odol emaileen elkarteetako ordezkaritzek lan handia egiten dute," adierazi du. 

Espinalek tamalez, odol emaile berriak mantentzea zaila dela ohartarazi du. "Beteranoak daude gehien, baina horiek zahartzen doaz. Gazte jendea hasten da, baina ikasketak, amatasuna… gauza askorengatik ez dute jarraipen batekin odola ematen. Lehengoan ni baino neska gazteago batek 60 emari egin zituela aipatu zidan, baina hori ez da ohikoa. Aurpegi berriak behar dira".

Lasarte-Oriako emaileen artean ere berdin gertatzen da, baita ordezkaritzako lantaldean ere. Lau pertsonek osatzen dute egun.  Baina egun adinan gora doaz boluntario horiek, eta belaunaldi aldaketa behar dela azpimarratu du Usabiagak. 

Horregatik eta odol eta bere osagaien beharragatik, herritarrak eta batez ere gazte jendea gonbidatu nahi dute emariak egitera.