Atzegi: estereotipoak gaindituz

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 13a, 10:30
Estereotipoak haustea da 2015erako Atzegiren ‘Horrelakoa Da Nire Bizitza’ kanpainaren helburua. Adimen urritasuna duten pertsonen egunerokotasuna islatu nahi du, beste edozein herritarrek bezala; betebeharrak eta aisialdia normaltasunez uztartzen dituztela azpimarratuz. Herrira bideratu ditugu begiradak eta zenbait lasarteoriatarrekin hitz egin dugu, euren bizimoduak eta zaletasunak parteka ditzaten.

Sarri esan ohi da adimen urritasuna duten pertsonak lanerako gaitasunik ez dutela, maitagarriak edota umeak bezalakoak direla. Horrekin hautsi nahi du aurtengo Atzegiren kanpainak. 

Azpimarratu nahi dute norbanako bakoitzak besteengandik bereizten gaituzten ezaugarriak ditugula, errepika ezinak garela. Askotan, ezjakintasunak, nahi gabe, topikoak indartzen ditu eta pertsona talde bat estereotipatu egiten da. Hori izaten da elkartearen urteroko borroka: bisibilizazioa eta ezagutza sustatzea.

2014ean sarea selfiez josi zuten. Atzegiko kideekin argazkiak ateratzera gonbidatu zituzten gipuzkoarrak, eta erantzun ona jaso zuten. Hasi eta urtebetera, oraindik ere argazkiren bat iristen da #ElkarriOn traolarekin. Gizartean, lan giroan, aisialdian eta egunerokotasunaren arlo guztietan adimen urritasuna duten pertsonek egiten dituzten ekarpenak azpimarratzea zen helburua. Izan ere, laguntza edota zerbitzuen hartzaile gisa soilik irudikatzen dituzte sarritan.

Aurten ere, argazkiak izango dira kanpainaren indargunea. Helburua adimen urriko pertsonak euren eguneroko bizimoduan erretratatzea da. Twitter, Facebook eta Instagram bitartez parteka daitezke #HorrelakoaDaNireBizitza hashtaga erabiliz. Dagoeneko, badira batzuk ikusgai haien webgunean. Urtebetetzeak, ezkontzak, oporraldiak... denetarik ikus genezake sare sozialetan bilaketa eginez gero.

Dantza, aerobika, lagunak...

Aitor Carrasco 34 urteko gazte lasartearrak Manuel Lekuona kultur etxeko liburutegian egiten du lan. 2013ko urrian hasi zen eta, dionez, oso gustura dabil. Mota guztietako lanak egiten ditu. Egunero egunkarien bila joaten da liburu dendara, eta aurreko egunetakoak ordenatu egiten ditu. Bazkide fitxen ordenaz ere arduratu egiten da. Halaber, umeen aretoko liburuak bere tokian ipintzen ditu.

Liburutegian goizean egiten duen lanaz gain, arratsaldean Gureak taldeak Orian duen tailerrean aritzen da. Gehienbat kableei estalkia jartzen die. Aitortu duenez “liburutegikoa baino gogorragoa” egiten zaio, baina biak atsegin ditu. Izan ere, desberdinak izanik, dituen abilezi anitzak praktikan jartzeko aukera ematen dio egunero.

Arratsaldeko bostak eta erdietan bukatzen du bere lana, eta ondoren, Jalgune aisialdi taldean “lagun artean ederki pasatzen du”. Bertan, txangoak, antzerkiak eta bestelako ekintzak egiten dituzte. Igandetan, lagunekin geratzea du gustuko.

Donostiako Easo plazako ileapaindegi batean egiten du lan Nerea Astarbek. Eginbehar ugari ditu 22 urteko gazteak. Eskuoihalak, mantalak eta bestelako materialak jaso eta txukuntzeaz arduratzen da. Garbigailua ere hark jartzen du. Bestalde, bezeroen ilea garbitzen irakatsi diote. 10:00etan hasi eta 14:00ak arteko ordutegia du eta adierazi digunez, “oso pozik” dabil. Bere lankideak ere gustura daude Nerearekin. Primerako lan giroa dutela eta bezeroekin harremana bikaina dela aitortu digu.

Astelehen eta asteazken arratsaldeetan aerobik egiten du. Larunbatetan, aldiz, dantza garaikidearekin gozatu egiten Donostiako Verdini taldean. Oso atsegin ditu bai bata eta bai bestea, batez ere emanaldiren bat daukatenean. Denbora librean lagunekin paseatzera ateratzen da. 

Asteburuak koadrilan

Atzegik zuzentzen duen Txolarte programaren eskutik, koadrilan igarotzen dituzte asteburuak. Bolondres moduan lau gazte lasartear aritzen dira: Maider Berraondo, Irune Casado, Julene Illarramendi eta Jon Olasagasti. Aitortu dutenez, ez dute uste “inor laguntzera” joaten direnik ezta “lan boluntariorik” egiten dutenik ere. Galtzagorri –haien taldea– beste lagun talde bat besterik ez da. Azken batean, edozein koadrilan egiten direnak egiten dituzte. Esaterako, hondartzara eta mendira joan, adiskide artean afaldu eta beste hainbat ekintza gehiago. Donostia inguruko gazteekin ibiltzen direla diote, besteak beste, Maria Tetuan eta Jon Roncero lasartearrekin.

Lanean hasi ahal izateko bultzada

Lan munduan integratzeko helburuarekin sortu zen Pauso Berriak ekimena. Gureak eta Atzegi dira proiektuaren kudeatzaileak. Inklusio prozesuak hainbat fase ditu.

Lehenik, formazioa jasotzen dute, lan ingurura eta lan egingo duten sektorera moldatzeko oinarrizko abileziak lortzeko. Ondoren, enpresan edo erakundean praktika ikuskatuak egiten dituzte. Normalean, hamabi edota hamahiru hilabetez. Azken batean, testuinguru laboralera era normalizatuan egokitzea da helburua. Horretarako, kasu bakoitzean komeni den kontratazio formula bilatzen dute.