Mukwano Lagun erakundeak Mikel Laboaren Txoria Txori abestiaren bertsio berezia zintzilikatu zuen abuztuan eta geroztik 30 mila bat ikustaldi izan ditu. Irudietan Bugajali eskolako haurrak eta trikitixa eskuetan Urtzi Agirretxe (Lasarte-Oria, 1987) dugu. Agirretxerekin izan gara proiektuari eta bideoi buruz hizketan.
Nola jakin zenuen Mukwano Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundearen proiektuari buruz? Nolatan erabaki zenuen Ugandara bidaiatzea?
Azken urtean, buruan bueltaka neukan Afrikara joan nahi nuela. Lagun bat Etiopian egona zen, eta berarekin harremanetan jarri eta bertara joateko martxan jarri nintzen. Ez nuen erantzunik jaso. Azkenean, beste lagun batek Facebook bidez Mukwano lagun proiektuaren berri eman zidan, eta beraiekin harremanetan jarri eta aurrera egin nuen proiektuan murgiltzeko.
Zein da bertako egoera?
Guk gure begiekin ikusi duguna, egia esan, irribarrearen Afrika da, irribarre asko ikusi ditut, batez ere umeena. Umeak hurbiltzen zitzaizkizun irribarre batekin, galdetzera, ukitzera, jolastera, etab. Bertan haurrek ia jostailurik ez dute, eta edozein gauzekin jostailuak egiteko gauza dira, imajinazio eta kreatibitate gaitasun handia dute. Baina badakigu familia bakoitzaren atzean arazo asko daudela, osasun arazoak batez ere, IHESA, malaria, pneumonia, desnutrizioa etab.
Ugandako gazteenen osasuna eta heziketa bermatu nahi ditu Mukwano Lagun erakundeak.
Proiektu hau Sabin Gabilondorekin hasi zen duela hamar urte Bujagali herrian, eta umeengan arazo hauei guztiei laguntza emateko asmoz sortu zen. Ume asko dago kalean, hezkuntza ez da guztiz publikoa eta asko eta askok ezin diete eskolaratze gastuei aurre egin. Haur bakoitzaren urteko eskolaratzeak 45 euro balio du, eta horrekin hezkuntza, eskolako uniformea, irakasleen soldata, eskolako materiala eta bazkalorduan artoarekin egindako purea sartzen da. Horretan laguntzen du Mukwanok.
Zer da afrikastola? Zer nolako hezkuntza maila dute?
Afrikastola ikastetxe bat da eta bertan 500 haurrek ikasten dute. Afrikastolan ere beraien ama hizkuntzan ikasten dute eta ez dute ingelera hutsean ikasten. Uganda Ingalaterrako kolonia izan zen eta ingelesa hizkuntza ofiziala da, baina badira beste 70 bat hizkuntza ere. Mukwano lagunetik beraien ama hizkuntza (lusogera) indartu egiten da.
Ni pertsonalki, irakaslea naiz lanbidez, eta hasiera batean bertako metodologian laguntzeko asmoa nuen, baina haiek irakasle onak dituzte nahiz eta eskola zaharrekoak izan, ongi lantzen dituzte ikasi beharreko gai ezberdinak. Idazten oso onak dira.
Baina elkartasunezko lanaz gain, herrialdea ezagutzeko aukera ere izan duzue, ezta?
Bai, noski. Hasierako helburua beti izan zen beraien bizimodua ezagutzea, beraiekin bizitzea eta horrela egin genuen. Aste bukaeretan irteerak egiten genituen. Murchison parke naturala ezagutu genuen, bertan safaria eginez, baita Nilo ibaian zehar sei orduko raffting jaitsiera ere. Eta noski, Bujagali herria eta bere inguruak. Nilo ibaia bertan jaiotzen da, eta bizitza asko ematen du. Leku ikusgarriak daude parajeez gozatzeko.
Trikitixa soinean eraman zenuen...
Trikitixa soinean eraman nuen bai, bertan akordeoia deitzen zioten. Trikitixari guk, euskaldunok, deitzen diogu trikitixa, baina, akordeoi bezala Europan eta Latinoamerikan ia edozein lekutan aurki dezakezu. Afrikan, berriz, ez.
Mukwano lagunekoekin harremanetan jarri nintzenean, hasierako galderak izan ziren, "eta zuk zer eskaini dezakezu?" Beste gauza batzuen artean trikitilaria nintzela esan nuen. "Ba primeran! Eramango duzu, ezta?" Gauzak horrela, Ugandara trikitiarekin joan nintzen.
Egia esan beraiek oso pozik zeuden, gehienek akordeoi bat sekula ikusi gabeak ziren.
Gure kultura eta doinuak irakastea zenuen buruan?
Gure kultura eta doinuak ezagutaraztea ez zen gure helburua, ezta pentsatu ere.Helburua hasieratik musikak transmititzen duen poza transmititzea eta musikak mugarik ez duenez beraien kantuekin konektatzea zen.
Konexioa egitea oso erraza izan zen, ni egunero eskolara joaten nintzen trikitiarekin, eta haur hezkuntzatik hasita, gelaz gela pasatzen nintzen ingelerazko haur kantuak abestera.
Lehen hezkuntzako haurrekin hori ezin nuenez egin, azterketa garaian zeudelako, arratsaldeko azken orduan ikastetxeko haurren koral bat egin zuten. Haiek bazituzten abestiak eta ni trikitiarekin poliki-poliki loturak egiten hasi nintzen.
Hor sortu zen konexioa! Eta egia esan, horrelako momenturik ez dut sentitu sekula. Afrikan (Ugandan), haurren koro batekin, trikitia eta ni; hor sortzen zen musika eta konexioa. Ikaragarria. Gauzak horrela, horretan jarraitu genuen lanean.
Interneten oso ezagunak egin dira Txoria txori abestiaren eta trikitiaren doinuan dantzatzen den umearen bideoak. Ezusteko handia izango zen, ezta?
Bideoak grabatzen hasi ginen, eta Facebookeko Mukwano lagunen orrian zintzilikatzen genituen. Arrakasta izan zuten ingeleraz abestutako kantu horiek.
Gauzak horrela zihoazela eta azken astean murgilduta nengoela ikusirik, Mukwano laguneko partaide baten eskutik proposamen bat heldu zitzaidan, "Urtzi eta zergatik ez duzu frogatzen haurrek eskaraz abes dezaten?".
Haien hizkuntza lusogera da eta euskara bezala irakurtzen da. Mikel Laboaren Txoria txori arbelean idatzi eta pixkana, trikitixaren laguntzaz, forma hartzen joan zen bideoan grabatu eta Facebookean jarri genuen arte. 24 ordu baino gutxiagoan 10.000 ikustaldi. Teleberrian atera zen, irratia deika nuen elkarrizketa egiteko... Eta gu, txundituta.
Gauzak horrela, konturatu ginen, Mukwano lagun proiektua ezagutaraztea lortu genuela. Euskal Herrian jende eta erakunde askok proiektu honetan laguntzen du, eta bideoak haiek eskainitako laguntza eskertzeko modu bat izan ziren.