Toño Gutierrez eta Diego Gil: "Kontzeptua gailendu dugu ikusgarritasun plastikoaren gainetik"

maddi-noriega 2018ko eka. 24a, 11:00
San Pedro jaiak iragartzen dituen kartelaren egileak Burgosekoak dira. Horrexegatik, ezinbestekoa izan zaie dokumentazio lana egitea marrazten hasi aurretik

2018. urteko San Pedro jaiak iragartzen dituen kartelaren egileak dira Toño Gutierrez eta Diego Gil. Ohiko diseinuetatik aldendu eta lan "kontzeptuala" egitera ausartu dira Burgoseko egileak. Ezustea izan da lehiaketa irabaztea, baina saria eskuratuta Lasarte-Oriara bisita egingo dute orain.

Ez zarete Lasarte-Oriakoak. Nola jakin zenuten lehiaketaren berri? 

Lehenengo aldiz parte hartu dugu lehiaketa honetan. Normalean ez gara askotara aurkezten, nahiz eta aurten batean baino gehiagotan parte hartu dugun. Izena emanda gaude horrelako lehiaketen berri ematen duten web orrialdeetan, eta horren bitartez jakin genuen.

Egon al zarete inoiz San Pedro jaietan? Eta Lasarte-Orian?

Herriko festak ez ditugu ezagutzen, baina bai Lasarte-Oria. Gastronomia turismoagatik ezagutzen dugu. Dena den, materiala hartu aurretik, azterketa bat egiten dugu, marraztu behar duguna ikertzeko. Jaien kartel bat egin behar badugu, festa horien inguruko informazioa biltzen dugu, bertako ohiturak eta ezaugarriak jaso; hori guztia dugunean hasten gara marrazten.

Zertan oinarritu zarete sortu duzuen lanarekin jaiak irudikatzeko? 

Sorgin Dantza izan da kartela egiteko abiapuntua. Festetako ekintza adierazgarria dela ikusi dugu, eta hortik abiatzea erabaki genuen. Behin hori finkatuta, kontzeptua gailendu dugu ikusgarritasun plastikoaren gainetik. Ideia kartel bat da. Ohikoagoa da festak iragartzeko kartel koloredunak, su festa irudikatzea… Baina gurea kontzeptualagoa da.

Zibak erabili ditugu Sorgin Dantzako dantzariak irudikatzeko. Zibek dantza egiten dutenez, elementu horiek uztartzea erabaki genuen. Ludikoa da. Mugimendua, akzioa eta dinamismoa transmititzen dute, eta dantzari egiten diote erreferentzia.

Horrez gain, badago ere beste ikuspegi bat, eta Lasarte-Oriako Sorgin Dantzari keinu egiten dio. Jakin genuen gizon eta emakumeek rolak aldatzen dituztela dantza horretan, eta hori ere ekarri dugu gure lanera. Horregatik ez diegu aurpegirik jarri dantzariei; dantzariak ordezkatzen dituzten elementuak asexualak dira. Ez da errebindikazioa egiteko kartel bat, baina genero berdintasunaren aldeko mezu garbia ere badu atzean. Hori izan da elementu bereizgarrietako bat.

Nola izan da sorkuntza prozesua? Adostasunera iristea lan zaila izan al da?

Elkarrekin aurkezten gara ia beti. Sorkuntza lanean bakoitzak bere ideiak botatzen dizkiogu elkarri.  Biok egiten dugu lanketa, baina gero Diegok lan teknikoa egiten du. Lasarte-Oriakoa egiteko, ohikoenak izan daitezkeen Photoshop edo Illustrator programak erabili beharrean, Autocadekin egin dugu lan. Ideia nahiko garbi geneukan, baina zerbait ezberdina egin nahi genuen.

Zein estilo du kartelak?

Kontzeptuala: ideia da garrantzitsuena kartelean. Islatzen dena ez da figuratiboa, ez da errealista. Kasu honetan zibek pertsona batzuk sinbolizatzen dituzte; horregatik da kartel kontzeptual bat.

Diozunez, normalean ez dituzue kartel mota hauek egiten festak iragartzeko.

Festen kartelak normalean ez ditugu hain kontzeptualak egiten. Badakigu horrelako lanak aurkezteak badituela bere arriskuak. Ez dira ulertzeko errazak, jendea beste kartel mota batzuetara ohituago baitago.Aurten lauzpa bost kartel lehiaketa irabazi ditugu, baina Lasarte-Oriakoa irabazi izanak bereziki harritu gaitu, uste baigenuen ulertzeko zaila izan zitekeela. Ausarta iruditu zait epaimahaia.

Zer iruditu zaizkizue lehiaketara aurkeztu diren gainerako lanak?

Diseinuaren munduan badaude gustuko lanak eta horren gustuko ez direnak. Hori bai, gustukoak ez diren lanak teknikoki lan onak izan daitezke. Lehiaketa honetan ikusi da hori. Teknikoki ondo dauden lanak aurkeztu dira, baita amateurrak ere. Gurea gainerako lanekin alderatuta oso desberdina zela konturatu ginen.

Irabazteko aukera ikusi zenuten? Zer egingo duzue sariarekin?

Ez, inolaz ere. Sanpedroetara gerturatuko gara, eta sariaren zati bat bertako gastronomian gastatuko dugu.