Tomas Ruti Parra: "Zorionez, gustuko nuen zerbaitetan lan egiten nuen"

Nerea Eizagirre 2019ko urt. 20a, 10:00
36 urte Euskadiko Orkestra sinfonikoko kide izan ostean, erretiroa hartu du Tomas Ruti Parrak. Ez dio musika egiteari utziko, baina beste zaletasun batzuentzat denbora gehiago izango du orain

2018ko abendua hilabete berezia izan da Tomas Ruti Parra (Madril, 1953) fagot jolearentzat. 65 urteak bete eta erretiroa hartu du. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko  kide izan da haren sorreratik, 1982 urtetik. 36 urte hauetan hamaika bizipen pilatu ditu, baina bereziak izan dira abenduan Alemania eta Austriara egin duten bira eta azken kontzertuak.

Denboraldiko abenduko kontzertuan omenaldi txikia egin zizuten.

Lore sorta bat eman zidaten eta negarrez hasi nintzen, orkestra erdia ere. Oso hunkigarria izan zen. Kontzertu osoan emozioa mantendu nuen, baina momentua iristean eztanda egin nuen. Oso pozik nago. Jende asko gerturatu da niregana, espero ez nuen jendea. Lankideak eta orkestra erakunde bezala agur ederra egin didate. Espero nuena baino gehiago izan da. 

Ostean, Alemania eta Austriara egin duzu bidaia, eta azken kontzertuak egin dituzu.

Orkestrako lehen bira egin genuen leku batzuetara joan gara. Linzen eta Munichen jo dugu, esate baterako. Oso polita izan da. Oroitzapen politak ditut.

Azken kontzertua Diario Vasco-ko kontzertua izan da, abenduaren 19an. San Tomas egun bezperan eta nire urtebetetze egunetik gertu. Juanjo Oconek zuzendu zuen. Urte asko dira elkar ezagutzen ditugunak eta nik agurtzea nahi zuen. Baina momentua ez zela esan nion. Bi abesbatza, dantzariak, etb zeuden. Oso kontzertu ederra izan zen, hunkigarria. 

Orain erretiroaz gozatuko duzu, ezta?

Jende askok esan dit orain gustuko dudan zerbait egin ahal dudala, baina zorionez gustuko dudan zerbaitetan egiten nuen lan. 

Ez da gustuko dudan gauza bakarra, Argazkilaritza gogoko dut eta kamarekin eta ordenagailu aurrean orduak egiten ditut, Photoshopen. Irakurtzea ere gustuko dut. Beste ekintza batzuk ere egiten ditut. 
Niretzat lan egitea ez zen nekaldia. Egun batzuk bazeuden etxean lan egiteko gogorik ez nuela, baina hurrengo egunean entsegua nuen eta nire lana zen. Ganbera musikan ere jarraituko dut.

Nola erabaki zenuen musikari izan nahi zenuela? Eta zergatik aukeratu zenuen fagota? 

Nik instrumentuak nire kasa ikasita jotzen nituen. Gitarra, txirula, armonika... orduan eskura nuena. Abestea ere gogoko nuen. 

Baina Orkestra nazional sinfonikoaren kontzertu batera joan nintzen. Lagun batek sarrera bat zuen libre eta berarekin joateko eskaini zidan. Mahlerren lan bat eskaini zuen, gaizki ez badut gogoratzen. Bertan ginela  lagunak esan zuen ze polita izan behar duen hori barrutik entzutea, eta horrek nigan eragina izan zuen. Lehen aldia zen entzuten nuena eta guztiz ulergaitza bazen ere niretzat, hunkitu ninduen. 

Eta momentu horretatik aurrera instrumentuak begira hasi nintzen. Nik guztiak nituen gustuko, baina Vivaldiren fagoterako kontzertu batetako diskoa entzun eta maitemindu egin nintzen. Solfeo ikasten hasi nintzen eta ez nuen instrumenturik. Fagotak 78.000 pezeta balio zuela jakin nuenean, imajinatu dezakezu. Edonork ezin zion aurre egin. Hala ere, urte batzuk geroago, nire gurasoek itsuan erosi zuten.Nigan sinetsi zuten. 

Nola izan zenuen Euskadiko Orkestraren sorreraren berri? 

Espainiako aldizkari guztietan jakinarazi zuten Euskal Herriko orkestra sinfonikoa izango zena sortuko zuela Euskal Erkidegoak. 1981ko abuztua zen. Esango nuke Erkidegoko bateko lehen orkestra zela, gerora sortu ziren beste batzuk.

Eta animatu zinen...

Postu guztiak eskaintzen ziren. 1981ko irailean oposaketak egin ziren, eta aurkeztu nintzen. Espainia guztiko jendea etorri zen, eta zortez hartu ninduten. Lasarte-Oriara etorri ginen bizitzera alokairuan pisu bat aurkitu genuenean. Geroztik hemen nago.

Musikari asko geratzen al da lehen oposaketa horretatik?

Hamar edo hamabi pertsona daude oraindik orkestran. Eta urte horretan orkestra osatzeko egin ziren beste oposaketetako jende asko ere mantentzen da, batzuk Lasarte-Orian bizi dira. Guretzako zorte handia izan zen orkestra zerotik hastea.

Prestakuntza eta zortea izan behar da. Balio handia duen jende askori zortea falta izan zaio, lanbide guztietan bezala.

36 urte hauetan, lankide ugari izan dituzu, beraz.

Bai, horrela da. Batzuk zoritxarrez ez daude gure artean. Gogoan ditut Juan Etxebeste Irungo biolinista, Jose Carrera Tolosako perkusionista… jende oso atsegina. Asko izendatu ahal ditut. Beste asko denbora gutxian egon dira orkestran. 

Baina guztiek utzi dute zerbait, musikari, zuzendari edo bakarlari izan. Gauza txarrak ere uzten dituzte noski, baina horietaz ere ikasten da.

Gainera, taldeko gehiengoa urte batzuk daramatzagu elkarrekin lanean. Oso garrantzitsua da bloke egonkor bat egotea. Izan daiteke noizbehinka kide berriak etortzea, azken urtean bezala, baina oinarri bat dago taldean. Errazagoa da bat atalera moldatzea, bi edo hiru baino. Nire ustez, hori da orkestrak hainbeste urtez maila onean lan egitearen arrazoia. 

Lehen entseguak Miramar jauregian egin zenituzten, ezta?

Bai, horrela da. 1982ko apirilean hasi ziren entseguak. Guretzako luxu bat zen hori. Imajina, Madrilen bulego batean egiten nuen lan. Bulegoa Miramar jauregiagatik aldatzea, Kantauri itsasoa ikusten… Bi saloitan egiten genuen lan. 

Gainera, hasieran ez genekien zein izango zen egoitza, hiru hiriburuetako bat izango zela bakarrik aipatu ziguten. 

Hilabete gutxira, Bellas Artesera aldatu ginen. Itxia zegoen eta besaulki-patioa egokitu zen guretzako. Plataforma batzuk jarri ziren atrilak jartzeko, eta kaleko argiak jarri ziren. Ahal zena ekarri zuten. Zegoenarekin egiten zen lan. Gainera, gehienak orkestra munduan esperientzia gabeak ginen.

Horrek ez du zerikusirik gaur egungo azpiegiturekin edo baliabideekin. Zaila izan zen, baina polita.

Noiz hasi zineten kontzertuak eskaintzen?

Orkestraren lehen urtean, hau guztia guri eskutitzez iristen zitzaigun, formaziorako izango zela esan ziguten. Baina momentua iritsi zenean, gogoak edo irrika zegoelako, guztia aurreratu zen. Guk ere kontzertuetan aritzea beharrezkoa zen. 

Horrela, lehenengo kontzertuak Euskal Herrian zehar egin genituen. Aurkezpen bira izan zen Bizkaia eta Arabatik barrena, Kanpetzu, Aramaioa, Balmaseda… Bidaia pila egin genituen Irunen izan zen lehenengoa, 1982ko ekainaren 24an, Junkaleko elizan Ametsa abesbatzarekin. 

Egitarau bat edo bi genituen. Ez da orain bezala, asteko edo bi astean behin egitarau bat osatzen dugula. Orduan partitura pila genituen atrilean, 15-20 bat eta denak prestatzen genituen. Eta horren arabera osatzen zen kontzertuetako egitaraua. Ilusioa handia genuen.

Eta Hamabostaldian izan zen estreinaldi ofiziala...

Hori esan daiteke. Verdiren Requiem-a eskaini genuen. Ez ditut abeslari guztiak gogoan, baina Carlo Bergonzi tenorea zen horietako bat, eta bere azken kontzertuetako bat izango zen. 
Frakak emanaldi horretarako egin ziren, ordura arte alkandora zuri eta galtza beltz batzuekin joaten ginen. 

Eta urrian eman genuen gure denboraldia lehen kontzertu ofiziala. Nicanor Zabaleta izan zen zuzendaria.

Noiz egin zenuten lehen nazioarteko bidaia?

1984ko ekainean izan zela esango nuke. Ez nago ziur, agian Bordelera joan ginen kontzertu baten bat ematera. Baina lehen bira luzea Alemaniara izan zen. Alemaniara autobusez joan ginen eta 18-20 bat eguneko bidaia izan zen. Orduan ez zeuden gaur egungo azpiegiturak eta autobusez joan behar izan ginen. 

Odon Alonso zen zuzendaria eta solista ere eraman genuen. Bira horretarako egitarau ikusgarria zen. Manuel de Fallaren Sombrero de tres picos laneko suitea, Euskal Melodiak, Concierto de Aranjuez
Arrakasta duten lanak ziren eta jendeak espero dituenak. Bira polita izan zen eta herri askotan egon ginen.

Alemania eta Austriara behin baino gehiagotan joan zarete...
Bira asko egin ditugu, orain ez ditut guztiak buruan. Musika eskaera handia dago herrialde horietan. 

1984ko iraila-urria aldera, Patrick Juzeau frantziarrarekin, gure bigarren zuzendari titularrarekin joan ginen. Schuberten 9 sinfonia, D 944, Handia genuen egitarauan. Salzburgon, Festpielehausen, bi kontzertu ere eskaini genituen, ballet nazionalarekin eta Sombrero de tres picos osoa egin genuen. Arrakasta handia izan zen eta ikusle asko hurbildu zen, nahiz eta orkestra ez ezaguna izan. 

Passaura, Alemania, askotan joan gara Europäische wochen jaialdira. Berta behin, Mischa Maisky txelo jole letoniarrarekin joan ginen Dvorak-en txelo kontzertua jo genuen. 

Bira luzeena eta arrakastatsuena 1992ko urria azaroa izan zen. Kontzertu asko egin genituen, hogei egunetan hamazazpi kontzertu, ia kontzertua eguneko. Miguel Angel Gomez-Martinez zen orduan zuzendari titularra eta Pepe Romero gitarra jolea izan zen solista, oso trebea. Concierto de Aranjuez jo genuen, aurretik Ravelen Rapsodie espagnole... Egitarau borobila zen eta arrakasta handia izan zen. Munich, Hamburgo, Viena, hiri handietan izan ginen.

Euskal Herria saltzeko ere baliatzen ziren lehen bidaia horiek. Diptikoak edo informazioa jartzen zen aulkietan. Gerora Ven y cuentalo eta horrelako kanpainak egin dituzte. 

Gerora, beste herri batzuetan ere izan gara. 2000 urtean Italia eta Argentina; 2017an, Argentina eta Brasil.

Donostian dago egoitza, baina Euskal Herriko beste hiriburuetan ere kontzertuak eskaintzen ditu.

Orkestra oso bidaiaria da. Jendeak Donostiakoa dela esaten duen arren, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen ere asko jotzen dugu. 

Egia da Donostian bazkide gehien dagoen lekua dela. Hemen ez dago lekurik hainbeste jenderentzat, Kursaal aretoa bitan betetzeko haina dugu.  Horregatik ohikoa da orkestrak Donostian egun gutxitako epean bi kontzertu eskaintzea. Beti dago beteta.

Iruñean ere jende asko dago. Gasteizen gero eta entzule gehiago dago. Orain Principal antzokian jotzen dugu. Lehen ez dut izena gogoratzen, zinema antzeko batean zen eta familia giroan jotzen genuen. Eszenatokian besaulki-patioan baino gehiago ginen. Baina hori asko aldatu da. 

Bilbon ere, nahiz eta bere orkestra izan, jende asko izaten da gu entzuten. Musika eskaera handia da gaur egun.

Zenbat denbora behar du orkestrak kontzertu bat prestatzeko?

Lehen entsegu aste bat egiten zen eta hurrengo astean kontzertuak egiten genituen. Orain aretoen arabera, zuzendari eta solista gonbidatuen arabera finkatzen dira kontzertuak. Beraz, horretara moldatu behar da. Kontzertu bat prestatzeko hiru edo lau egun izaten dira normalean. Egun batzuetan entsegu bikoitza egin behar da. 

Hala ere, guztia prestatzeko denbora dago. Kontzertuen egitarauak eta partiturak aurretik izaten ditugu eskura. Artxiboan dago guztia. Estreinaldien kasuan larriago ibili gaitezke. Horrela lanak eskatu eta etxean lan egin behar dugu.

Zuen lanean ikusten ez den lan asko dago, ezta?

Bakarkako lan asko dago. Ez da plaza ateratzea eta listo. Guk egunero 4 ordu entseatzen ditugula dirudi. Baina ordu horien atzean bakarkako lan asko dago. Bakoitzak obrak ikasi behar ditu, noski. Zerbait ez baduzu ongi egiten, zure lana da konpontzea, ez dizu inork lagunduko. Lan hori orkestraren lanean eta mailan antzematen da. Zuk maila horrekin bat joan behar duzu, bestela ipurdia agerian duzu. 

Eta lan guztietan bezala eguneratzea ere ezinbestekoa da. Oposaketa berri bakoitzean sartzen den jendea prest dator, eguneratuagoa hainbat alorretan eta zuk ere maila bera eman behar duzu. Zure lana da. Baina hori normala da.

Baina zuen lana besteak baino atseginagoa dela esan daiteke.

Zorionez, gure lanean ongi egiten baduzu, jendeak txalotzen zaitu. Beste lanbide batzuetan zailagoa da hori. 

Musikariek badugu handikeria puntu bat, eta jendeak entzutea eta txalotzea gustuko dugu. Eta horrek asebetetzen gaitu. Zergatik ukatu. Bestela ez ginateke jendearen aurrean jarriko. Jende ugarik beldur dio. Beldur eszenikoa ere izan dezakegu. Artista guztiok izan dugu momenturen batean. 

Aipatu duzu ganbera taldeetan jarraitzeko asmoa duzula...

Carlos Rosat, Mario Telenti piano jolea, Tomas nire semearekin biolin jolea dela, edo Itsasne Fernandez Irungo klarinete jole batekin hiruko taldeak osatzen ditut. Gogoko ditugun gauzak egiten ditugu eta gehienetan musu-truk. Danok Kide eta Jesus Mari Egizabalen eskutik Ama Brigitarren komentuan behin baino gehiagotan jo dugu, baita Atsobakarreko erresidentzian ere. Guretzat gogobetegarria da, jendeak eskerrak ematen dizkigu, baina guk ere ederki gozatzen dugu. Horrelako gauzak egiten dituzunean, betebeharra ez denean, gozatzen dugu. Bestela ez genuke egingo.

Orkestran ere, haize instrumentuetarako ganbera taldeetan parte hartu dut, Mozart edo Haydn zortzikoak edo seikoak egin ditugu, Beethoven ere asko jo dugu. Taldean gozatzen duzu eta giro ona egon ohi da horrelako taldeetan. 

Irungo kontserbatorioan ere irakasle lanetan ibili zinen. 

Hamazazpi ikasturte egin nituen. Niretzat esperientziarik politena izan zen. Zorte handikoa izan nintzen eta ikasle paregabeak izan nituen fagot eta ganbera gaietan. Lan egiteko gogo handiak zituzten gazteak ziren. 

Lanbidea maitatzen irakatsi nahi izan nien. Edozein irakaskuntzatan bezala, ikasleak motibatu behar dira, oinarrizkoa da. Ez dira ikasleak gutxietsi behar, ez zaie horretarako gai ez direla esan behar. Bakoitzaren trebetasunez baliatu behar zara. 

Ikasle askok bere ikasketak amaitu dituzte edo Musikenera joan dira edo nazioartean dabiltza. Nire lehen ikaslea Amezti Gojenola Bilboko Musika eskolan dago eta Cristian Garcia oposaketak egiten ari da Europa osoan zehar. Beste batzuk ez zituzten goi mailako ikasketak egin, baina momentu onak izan zituela esan daiteke. Izan ere, ez da irakaskuntza arlo profesionalera bakarrik mugatu behar. Nire ustez hezkuntza musikala pertsonaren garapenerako garrantzitsua da. Koordinazioa lantzen da, batez ere. Taldean jotzea, beste gazteekin egotea... sozializazioa garatzen da. Ikasketak hasi eta gutxira kontserbatorioko bandan daude eta ganbera taldeetan. Gero agian ez dira musikariak izango, baina positiboa da.

Hezkuntza musikala ere asko aldatu da. Nik izena eman nuenean, egun batetik bestera izan zen eta ez zegoen ia ikaslerik. 40 urte pasa dira. Orain eskaintza zabalagoa dago eta eskaria ere handia da. Baina egiten den guztia nire ustez gutxi da. Batxilergoan, DBHn… Pena bat da beste herrialdeetan egiten dena ez kopiatzea. Ez dut esan nahi guztiek piano bat edo biolin bat erosi behar dutenik. Baina musika sustatu behar da.