Pili Bodegas: "Duela 15 urte eroek bakarrik egiten genituen triatloiak"

Adrian Garcia 2018ko abe. 21a, 13:00
Lasarte-Oriako kirolariaren urteetako lana eta emaitzak saritu ditu udalak, haren ibilbideari egindako omenaldian. Ohartarazi du oraindik urte asko geratzen zaizkiola

Pili Bodegasen (Lasarte-Oria, 1973) bizitzaren zati garrantzitsua da kirola. Tonifikazio eta estalpeko bizikletaren monitorea da lanbidez, baina ogibidea bakarrik ez, haren pasioa ere bada kirola. Triatloietan hasi zen oraindik oso ezagunak ez zirenean, eta egun erreferentzia bat da Euskal Herriko zirkuituan. Geldirik egon ezin den horietakoa da;  horregatik kosta egiten ari zaio txorkatilako bihurduratik errekuperatzea. Herrenka igo behar izan ditu Ttakun Kultur Elkarteko eskailerak TXINTXARRI-k elkarrizketatzeko. 

Pozgarria izan behar du zure herrian aitortza hori jasotzea, ezta? 

Oso pozik nago. Entrenatzeko egiten ditugun sakrifizioak, goiz jaiki garen egunak, emaitzak atera ahal izateko egin ditugun ahalegin guztiak... Hori guztia aitortzea ekitaldi publiko batean oso polita, benetan eskertzekoa. 

Ondo ibili zara denboraldi honetan ere. Azken urteetan Euskal Zirkuituko sailkapenaren goiko zatian egon zara. 

Egia esan, aurten espero baino hobeto ibili naiz. Laguntza handia dut, Yepa! triatloi taldeko kideei esker. Bizikletan ateratzen naiz haiekin, ahal dudanean. Adriana Campoyrekin bikain moldatzen naiz. Nire antzera dabil igeri eta bizikletan, eta elkarri laguntzen diogu. Gero korrika bakoitzak ahal duena egiten du. 

Olinpikoa eta esprint distantziakoak egiten dituzu. Gustatuko litzaizuke luzeagoak egitea? 

Bai, baina nire belaunengatik ez dut egiten. Berez egin ahalko nituzke, baina nire kirol ibilbidea ahal bezainbeste luzatu nahiko nuke. Zarauzko Triatloia gustatuko litzaidake egitea. Eta lortuko nuke bukatzea. Baina dortsal bat jartzen badut, ezin dut parte hartze hutsagatik atera. Lehiatu egin behar dut. Eta prestaketak nire kirol ibilbidea laburtuko luke. 

Euskal Herritik kanpo ere lehiatzen al duzu? 

Proba tentagarriren bat edo beste egiten dut nire senarrarekin [Andoni Ilarramendirekin] batera; Andorran egon gara, Alpe d' Huezeko triatloian... 

Zure bikotekideak kirol berbera egitea lagungarria izango zaizu, ezta? 

Ikaragarri, bai. Elkar ulertzen gara. Hark ez balu triatloia egingo nire kirol ibilbidea ez litzateke horren luzea izango. Laguntza behar duzu; askotan gogorik ez dugu entrenatzeko, eta elkar animatzen gara. 

Talde desberdinetan aritzen zarete. 

Bai, baina asko entrenatzen dugu elkarrekin. Ez du nire taldera etorri nai [kar, kar, kar]. 

Nola hasi zinen triatloiak egiten? 

Igerilaria izan naiz gaztetatik. 18 urterekin alde batera utzi nuen, eta mendian hasi nintzen, baina ez diot utzi inoiz kirola egiteari. Iñaki nire anaia duatleta da, eta hark korri egitera bultzatu ninduen. 

Arraunean ere ibiltzen zinen. 

Garai hartan denboraldi-aurrea prestatzeko korrika gehiago hasi nintzen egiten. Euskadiko txapelketak, Espainiako azpitxapeldunak... Ia dena irabazi genuen arraunean; orain dela hogei urte nesken arraunak ez zuen gaur egungoarekin zerikusirik, maila gutxiago zuen.  Azkenean, arrauna utzi eta korrika hasi nintzen. Lasterketa batzuk irabazi nituen ere. Baina min hartu eta bizikleta gehiago hasi nintzen sartzen, eta bete-betean sartu nintzen horrela triatloietan. 

Zenbat urte daramatzazu kirol horretan? 

Orain 15 urte egin nituen lehen probak. 

Asko aldatu da kirola denbora horretan guztian. Nolakoak ziren orduan triatloiak? 

Orduan eroek bakarrik egiten genituen triatloiak. Ez zen horrenbeste entzuten. Baina dortsala janztean, ardurarekin egiten genuen. Hori galdu egin da. Mundu guztiak uste du triatloiak egin ditzakeela, eta ez da horrela. Lehen ez zenuen  horrenbeste parte hartzaile kaskarrik ikusten. Jende gutxiago zegoen, baina maila askoz ere altuagoa zen. 

Parte hartu behar ez lukeen jendea ikusten al duzu probetan? 

Bai, nahiko prestatuta ez dagoen jende gehiegi ateratzen da. Dortsala jartzeari errespetua galdu zaio. Gure osasunarekin ari gara jokatzen, arriskutsua da hori. 

Gero eta lasterketa luzeagoak egiteko joera ere ari da nagusitzen. 

Bai. Lehen Ironman bat egiten zuena munduko zororik handiena zen. Orain triatloi esprint bat prestatzen ari naizela esaten dudanean lotsa eta dena ematen dit. Nire ustez jendea burua galtzen ari da. 
Gauza asko aldatu dira. Orain jendeak baliabide gehiago ere baditu kirola egiteko. 

Jende gehiago dago, eta emakume gehiago. Hori oso pozgarria da. Orain entrenatzaile asko dituzu, izkina guztietan aurki dezakezu bat; kiroldegian, Interneten... Lehen ez zegoen ezer, eta askoz ere zailagoa zen. 

Zenbat egun entrenatzen dituzu? 

Ariketa fisikoa egunero egiten dut, nire lana da eta. Baina horrek ez dit uzten kalitatezko entrenamenduak egiten, horregatik zaila da podiumera igotzea. Bi ordu estalpeko bizikletan ibili eta gero, ezin dut kalitatezko entrenamendu bat egin. Etxea, haurra... eta beste gauzak ere egin behar ditut.  

Igeriketa Lasarte-Orian entrenatzen duzu? 

Bai, Buruntzaldea IKTko masterrekin egiten dut, astean hirutan. Asko laguntzen dit horrek. 

Herrian ere jende askok egiten ditu triatloiak. Trinko taldea sortu zuten orain ez asko. 

Oso albiste onak dira horiek. Futbolaz harago badago beste mundu bat, eta pozgarria da.