Patxi Etxeberria: “Egun ezin da herri-bertsolaria izan”

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 30a, 09:45
Azaroaren 6an, 21:00etatik aurrera, Earra! Bertso eskolak eta Arrieskalleta elkarteak antolatuta bertso-afaria izango da elkartean. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariak izango dira bertan, batetik Ane Labaka eta bestetik Patxi Etxeberria. Hauek zirikatzeko berriz, Mailu Arruti arituko da kontu eta zurrumurruak dituzten bakarrizketak egiten.

Etxeko jendearekin antolatu nahi izan dute aurten Arrieskalleta elkarteak eta Earra! Bertso eskolako kideek bertso-afaria. Horretarako, Ane Labaka eta Patxi Etxeberria bertsolariak aukeratu dituzte. Lasarte-Oriako bertso munduaren iragana eta etorkizunaren adibide.

Baina bertsolariak ez dira  bertso-afarian bakarrik izango. Mailu Arrutik kontu eta txismeak oinarri hartuta, bakarrizketak eskainiko ditu, bertsolariei gaia iradoki edo hauei ziria sartzeko asmoz.
Hau aitzaki Patxi Etxeberria bertsolariarekin izan gara eta hainbat gai jorratu ditugu.

Gaizki ikusia
Patxi Etxeberria oso txikitan, hasi zen bertsotan, “ni txikitatik konturatzen naiz, horrelako zomorro bat dudala. Oso umetan gogoratzen naiz, Erniora joateko ohitura zegoela. Gazte jendea joaten zen soinuarekin eta kuadrillan. Gogoratzen naiz gaua zela eta gurera gerturatu zirela, etxeko norbaitek joan behar zuelako eta nik bertso bat bota nahi nuela, baina gure aita eta amak zirenak “ixildu” esaten zidaten. Ordurako hasita nengoen, banuen grina edo gogoa, hor jaiota zegoen”.

Gurasoen jarrera ere azaldu digu. Izan ere, gaur ez bezala, bertsotan ibiltzea gaizki ikusia baitzegoen.  “Lehen ez zegoen baimenik. Fama txarra genuen bertsolariek. Orion behintzat lotsagarria zen bertsotan ibiltzea, mozkorrek egiten zuten bakarrik. Noiz baino noiz mozkor ibiliko ginen, baina askotan ez”. 

Guda osteko garaietan ere, zailtasunak izan zituztela adierazi digu, “Sasoira etorri ginenean gerra ondorengo urteak ziren. Urte txar eta gogor haiek! Eta ez zegoen edonon abesterik, nonbait baten bat zain zenuen eta deskuidatzen bazinen zas. Hori ere ez genuen nahi. Komerik izan genituen”.

Txapelketak
Hala ere, guztia gainditu eta txapelketetan parte hartzen hasi zen Etxeberria. “Txapelketak ez dakit zein urtetan hasi ginen. Villafrancan eta beste lekuetan ere egiten ziren txapelketak ere. Ezer asko egin ez, baina parte hartu bai. Loiola Herri Irratian Joxe Mari Iriondo ibili zen eta ez dakit beste nork “Campeonato de bersolaris noveles” antolatu zuten 1960 inguru horretan, bertsolari gazteentzat. Hara joan, Loiolara eta han kantatzen genuen. Gero Gipuzkoa osoak ematen zituen bozkak eta hor ibili ginen. Nik hirutan edo parte hartuko nuen”.

Euskadiko Txapelketei dagokionez, “67koan edo lehenago zen Uztapidek esan zidan, “Patxi aurten hautan ibili haiz, baina ez haiz sartu. Iparraldetik bat ere ekarri nahi ginin eta Txapun jarri ginun. Hortze geratu haiz izkin izkinean baino”. 

Bertso eskolak
Bere garaian bertso eskolarik ez zegoela eta bertsoei “lagundu zezakeenik edo mesederik egingo zienik” sinesten ez zuela ere onartu du. “Nik buruan eta bihotzean nuen bertsolariak berezkoa zuela eta berez etortzen zela. Nik esan izan det Imanol Lazkano eta Amurizarekin bilera batean, Elgoibar aldean edo, bertso eskoletako gaia ateratzean “ixilik egon zaitez”. Sarasua eta horiek atera zirenean, Arantzazu Loidi eta... Imanolek orduan esan zidan “hauek horrela baldin badatoz, besteak bastoia hartu eta paseatzera joateko moduan gaittun”. Beti sinesten dut eta hala izan da”.

Baina bertso eskolan hasi zen eta lagundu egiten duela deritzo orain, “Pablo Suberbiolak eta bultzatuta hasi nintzen, “baina nik zer egin behar det bertan?” “Ze egin! guri asko erakutsi” esan zidan. Hasi nintzen eta orain, zori txarrez ez daukat asko joaterik eta pena dut. Hamar edo hamabi urte dira. Ba al dakizu zein ondo pasatzen dudan? Halako lagunak eta gazteak bertsotan ikustea. Ez da hori bakarrik, neroni ere asko lagundu didala ikusi det. Gauza polita da eta aldi berean asko ikasten duzu. Gazteak entzuten dituzu eta gazteek asko dakite. Eta zuri ere zerbait geratzen zaizu. Lagundu egiten du. Eta nik ez nuen sinesten.”

Honetaz gain, “nik orain 85 urte ditut eta bertsolaritzarekiko ilusio handia dut. Hau marka. Hori nolabait odolean dago sartua eta horrek hor segitzen du,” onartu du.

Berezkotasuna galtzear
Bestalde, gaurko bertsolaritzak zerbait galtzear duela azpimarratu du, “bertsolaritzak badu bere berezkotasun bat. Bazkari batera joan eta bertsolaria sasoiko badago di-da hasten da. Orain oso nekez hasten dira, orain behar dute gai bat jartzea. Berezkotasun hori atera behar da. Baina orain bertsokera horrek ez du luzitzen. Orain dena buelta emanda dago, bertsotan eta txapelketan egon nahi duenak, horri jarraitu behar dio eta bestelako bertsokerak, bertso luzek, etab. abestu behar ditu”.

Eta honen harira, “gaur herri bertsolariak izateko aukerarik ez dute. Hauek igual-igual egingo dute bertsotan edozein lekutan, baina aukerarik ez dute. Gu taberna batera joaten ginen eta norbait pixka bat toreatu eta bertsotan ibiltzen ginen, orain ez dago aukerarik, taberna batera zoaz eta musika dela edo, ez daukazu bertan egiterik. Areto zehatz batzuk dituzu edo txapelketak edo afari konkretu batzuk eta milaka gauza prestatuko dituzte. Baina hartarako prestatzen dira. Lehen edozein lekura joaten ginen gu, edozein ermita ondora,” aipatzen du.

Etxeberriak adierazi digunez, “orain asko ikasten dute eta liburuak irakurtzen dituzte eta gauzei berrogei mila buelta ematen dizkiete. Nik ez dut inoiz horrelakorik egin. Nik ez nuen pentsatzen horrek balioko zuenik, baina hala da. Orduan Basarri zen eskolatu zana, etxean lan pila egin eta nabaritu egin zen, han, hor, hemen eta txapelketetan”. 

Bertso-afaria
Hurrengo ostiralean, 21:30etik aurrera, Arrieskalletan izango den bertso-afaria ere hizpide izan dugu. “Norbaiten burutazioa izan da. Esan zidatenean, “zer egingo det nik Ane Labakarekin bertsotan?” galdetu nien eta haiek “saio earra egin!” esan zidaten. Herrian zaude, herrian bizi zara eta herriko jendea duzu eta denak ezagutzen zaituzte. Ane eta denak lagunak dauzkat eta asko maite ditut gainera. Alde batetik pena ematen dizu ez joatea edo ezetz esatea ere,” onartu du. 

Eta ahal duena egingo duela azpimarratu du, “ez dakigu zer egingo den, ahal duguna egingo dugu eta gehiago ez dago egiterik. Horrela gara, nire izakera horrelako da”. Honetara joan nahi dutenek azkar ibili beharko dute, txartel gutxi batzuk geratzen baitira Jalgi Kafe-antzokian. Hauek 20 eurotan daude salgai.