Ostadar Inklusioa: "Kirola egiteko aukera eman nahi diogu edozein umeri"
Lehenengo ikasturtea amaituko dute Ostadar Inklusioko kideak. Baztertuak diren haur eta gaztetxoei kirola egiteko aukera eskaini die Ostadar SKT-ren atal berriak

Kirola, bere hastapen fasean, oso garrantzitsua da ume ororentzat. Hala ere, denek ez dituzte aukera berdinak izaten. Ostadar SKT-n atal berria ireki dute Amaia Cadarsok eta Jurgi Olasagastik arazo horri erantzuna eman nahian. 

Sei gaztetxok osatzen dute entrenamenduetako nukleoa, baina datorren ikasurtean zenbaki hori handitzeko itxaropena dute. Kazetaria gerturatu denean, bi entrenatzaileak bertan zeuden, hiru gaztetxoekin badmintonean ederki jokatzen. Elkarrizketan orain arteko ibilbideari eta etorkizuneko erronkei begirada bota diegu.

Zuek jo zenuten Ostadar SKT-rengana atala sortzeko proposamenarekin. Zer dela eta? 

JO: Eskola kirola modu inklusibo batean jorratuko zuen atala edo kirol egokitua eskainiko zuen kluba sortzeko asmotan gen-
biltzan. Bagenekien horretarako beharra zuten zenbait haur bazeudela eta aukera ezberdinak ikusi genituen. 

Lehena, elkarte berria sortu. Hasieratik oso zaila zen hura.

AC: Hori jarraitzea erronka polita zen, baina zaila aldi berean.

JO: Bigarren aukera, kirol egokituko talde baten barnean atal berria sortzea, eskola kirolari bereziki erreparatuko ziona. Hirugarrena, berriz, elkarte normalizatu batean sartzea. Aukera logikoena eta onena iruditu zitzaigun hau. Hau da, normaltasun batetik, atal ezberdinak dituen elkarte batean sekzio berria irekitzea.

Zergatik aukeratu zenuten Ostadar SKT? 

JO: Gure burua Ostadar SKT-ren barnean txertatzea aukera ona zela ondorioztatu genuen, logikoena. 

AC: Ikusi genuen Ostadar SKT-k kirol desberdin asko lantzen zituela, eta guretzako hori oso positiboa da. Multikirola eskaintzeko aukera gehiago ematen dizkigu.

JU: Gainera, gehituko nuke, estrategikoki, Gipuzkoan, oso ongi kokatuta dagoela Lasarte-Oria. Komunikazio ona du beste herriekin, eta horrek guztiak gure atala kokatzeko gune bikaina bihurtu zuen.

Zein da zuen proposamena? 

JO: Haurrei kirola hastapen mailan egiteko aukera eskaintzen diegu. Askotan, ume asko geratzen dira beraien zentrotan kirola egin ezinik. Hori, eskola kirolean daudenean; behin etapa hori amaituta, bazterketa hori are eta handiagoa izaten da. Kirolean sinesten dugu eta bai osasunaren aldetik baita sozializazioaren aldetik ere ezinbestekoa iruditzen zaigunez, enfoke hori aukeratu dugu: kirol hastapena eskaini, gero kirol ibilbide batean txertatu ahal izateko.

Inklusio hitza nabarmendu duzue, 'kirol egokitua' bezalako terminoak erabili beharrean. 

JO: 'Inklusio' terminoa era askotara uler daitekeela uste dugu. Guretzako, kirola edozeini eskaintzea da inklusioa eta hori da gure helburua, inorri ezetzik esan gabe. Beste gauza bat da guk horri aurre egin diezaiokegun ala ez. Kasu horietan, guk ez diegu ezetzik ematen, baina ezinezkoa zaigu suertatu dakizkigun kasu batzuk nahi bezain ondo jorratzea. Denori gustatzen zaigu jolastea eta horregatik ematen diegu aukera  kirola praktikatu nahi duten pertsona guztiei beste kirol arau batzuekin. Hori da gure filosofia.

AC: Jendeari ateak itxiz gero, guk geuk murriztuko genuke gure lan arloa eta lan egiten dugun pertsonek osatzen duten taldea. Ez dugu hori nahi.Gainera, gu ateak ireki nahian bagabiltza, beste batzuei atea ixtea ez litzateke koherentea izango.  

Kontzientziazioa falta da arlo honetan? 

AC: Batzuetan bai. Baina kontzientzazioa soilik ez, baliabideak eta tresnak ere bai. Errekurtsoak faltan botatzen ditugu batzuetan. Egoera jakin batzuei nola aurre egin jakin behar da, eta zentro askotan ez dakite, askotan, zer nolako erantzuna eman behar duten.

JO: Sentsibilizazioaren aldetik ere, gabeziak somatzen ditugu. Urritasuna, lesioak edo ezgaitasuna bezalako terminoei buruz hitz egiten denean, gizartean konotazio negatiboak ematen zaizkiela iruditzen zaigu. Nahi gabe egiten da, gehienetan eta nahasmen handia sortzen da gai honen inguran.

AC: Ezintasuna hitzak berak sortzen du nahasmen handia. Nork ez du ezintasunik edo ezgaitasunik? Denok ditugu gure abileziak eta ahuleziak, egin ditzakegunak eta egitea zailago egiten zaizkigunak.

JO: Jende askorentzat kirola bizitzako zati bat da, ez arlo edo eremu konpetitiboa bat soilik. 

Kirol hastapenari eman diozue garrantzia. 

JO: Bai. Guk ditugun ume batzuk ez dute aurretik inongo kirol esperientziarik.

AC: Denetarik dago eta asko baztertuak izan dira kirola egiteko garaian haien ikastetxeetan.

JO: Hori kontuan izanda, gure jarduerak eskola kirolak duen garrantzia berbera duela uste dugu. Urritasun ezberdinak ez dituzten umeentzako bezain garrantzitsua  da kirol hastapena. Beraz, gure ustez, kirola hasieratik bultzatu beharreko ohitura da, eta teorian hezkuntzan ere pentsamendu hori dago txertatuta. Hala ere, guretzako sinesgaitza bada ere, adin txikiko pertsona asko ez dira hezkuntza plan horietan sartzen.

Zergatik gertatzen da hori?

JO: Arestian aipatu bezala, baliabide falta izan daiteke arrazoi nagusietako bat, baina ez bakarra.

AC: Formakuntza falta izan daiteke beste bat. Hezitzaile asko ez daude prest arazo hauetako askori aurre egiteko. Beldurra ere izan daiteke beste faktore bat. Askotan errazagoa izaten zaie umea baztertzea, funda-
mentuzko erantzuna eman aurretik edo behar bezalako baliabideak eskuratu aurretik. Bide errazena bilatzen da askotan, baina horrek ez du esan nahi egokiena denik, inondik inora.

Ze adinetako haurrekin egiten duzue lan momentu honetan? 

AC: Gazteenak zazpi urte ditu eta zaharrenak hamazazpi bete ditu aurten.

JO: Gerturatu zaizkigun 13 pertsona ezberdinekin lan egitera iritsi gara orain arte. Sei pertsonako nukleo batekin egiten dugu lan asteazkenero. Ez ginen urtearen hasieran hasi eta horrek, ume batzuk gurekin entrenatzen hastea zaildu zuen. Izan ere, beste ekintza batzuetan emanda zuten izena. Alde horretatik begiratuta, datorren ikasurtea hasieratik hasiko dugu, eta horrek haur gehiago gerturatzea ahalbidetuko du.

Herri ezberdinetako ikasleak batu dituzue. 

AC: Hala da. Irungo, Errenteriako, Zarauzko, Donostiako, Ataungo eta Lasarte-Oriako haurrekin egiten dugu lan. Esan bezala, Gipuzkoan ondo kokatuak gaude, eta jende ezberdina batzeko itxaropena dugu.

Nolakoak izaten dira zuen entrenamenduak?

JO:  Lehen aipatu dugun moduan, eskola kirolaren ikuspuntutik enfokatzen ditugu entrenamendu guztiak, ahalik eta kirol gehien landuz. Helburua da umeek gaitasun ezberdinak ezagutu eta lantzea. Bide horretan, uste dugu kirol aniztasunak asko lagundu dezakeela. 

Ibilbide eta modalitate ezberdinak egin ditzatekeela ikus dezaten nahi dugu. Askotan, ez zaie aukera hori ematen edo ez zaizkie bide horiek erakusten. Guri, egia esan, ez zaigu gehiegi inporta ze kirol aukeratzen duten. Garrantzitsuena da kirola gustuko izatea, praktikatu dezaketela ikustea eta, aurrera begira, ibilbidea izan dezaketela ikustea, gurekin edo beste batzuekin.

Zenbat entrenatzaile zarete? 

JO: Amaia eta biak aritzen gara  asteazkenetan entrenamenduetan. Batzuetan, Ostadar SKT-k laguntzaileak jarri izan dizkigu eta alde horretatik, babestuta gaude.

'Kirola denentzat' ekimena egin zenuten apirilean. Zer moduz joan zen? 

AC: Oso ondo, egia esan. Polita izan zen. 24 pertsona gerturatu zitzaizkigun guztira Maialen Chourraut kiroldegian egin genuen ekimenera. Familiak ere gerturatu ziren ekimena ikustera. Lehenengo aldia zen halako zerbait antolatzen genuena eta nahiko ondo atera zen. Gure balorazioa positiboa da.

JO: Herrian proiektua erakusteko ere balio du. Aurkezpen nagusia Michelin lantokian egin genuen, gure babesle nagusia delako. Okendo plazan ere beste ekitaldi handi bat egin genuen abenduan. Ostadar SKT elkarte osoak erabat lagundu gintuen, eta asko eskertzen dugu atal ezberdinetako kideek egun horretan egindako lana eta agertutako konpromisoa.

Unibertsitateko ikasle talde baten laguntza ere izan zenuten 'Kirola denentzat' ekitaldian. Begirale bezala aritu ziren. Nola sortu zen bien arteko elkarlana?

AC: EHUko IKD taldeko lagunak izan genituen gurekin. Unibertsitateko ikasleei proiektu erreal batean parte hartzeko aukera ematen zaie. Hasiberriak izanik, pentsatu genuen aukera polita izan zitekeela gurekin egun horretan egotea eta gu laguntzea.

Guretzat laguntza hori oso aukera ona zen hasiberriak izanik, eta benetan eskertu genuen. Horregatik erabaki genuen, gehienbat, proiektu horretan sartzea.

Ostadar SKT-ko beste kirol atalekin elkarlanean aritzeko edo proiektu ezberdinak garatzeko asmorik duzue?

AC: Bai. Jadanik egin ditugu batzuk. Esaterako, saskibaloiko atalarekin edo futbol eskolarekin. Bolo jokoan ibili gara eta baita batera entrenatu ere.Aurrerantzean halako ekintza gehiago egiteko gogoz gara.

Pixkanaka aurrera goaz. Klubeko jaia ospatuko dugu ekainean eta aukera polita da Ostadar SKT osatzen duten beste sekzioekin zerbait bateratua egiteko. Esan bezala, hainbeste atal edukitzea abagune interesgarria da denontzat.

JO: Aldi berean, herriko eskola kirolean aritzen diren taldeekin harremana estutu nahiko genuke. Agian, oraindik ez dugu auke-
rarik onena izan, baina badakigu aurrerantzean izango dugula.

Herriko kirol instalakuntzak zuen jarduerarako behar bezala egokituta daude?

JO: Ez litzateke egia izango behar bezala egokiturik daudela esatea. Baina esan dezakegu egun dauzkaten aukera horiei zuku handia atera dietela. Eraikinak eta instalazio asko orain dela urte askotakoak dira, eta eraiki ziren garai hartan irisgarritasunari ez zitzaion hainbesteko garrantzia ematen. Hori kontuan izanik, esfortzu handia egin dute kiroldegia eta bestelako instalazioak ahalik eta ondoen egokitu ahal izateko.

Kirol instalazio berrietan kontuan hartzeko ezaugarria da.

AC: Bai. Irrisgarritasuna errespetatzen bada, instalazio osoagoak dira, dudarik gabe.

JO: Hala ere, garrantzitsua iruditzen zait bereiztea irisgarritasunaren kontzeptua eta eraikina ondo egokituta egotea. Lehena oraindik haratago doa.

Material garestia erabiltzen duzue. Baduzue laguntza nahikoa?

AC: Neurri handi batean laguntza pribatuak baliatu ditugu. Erakundeen aldetik, esaterako Lasarte-Oriako Udalaren aldetik,  ere laguntza jaso dugu. Hala ere, lanean ari gara gehiago eskuratu ahal izateko.

JO: Material bakoitzak kostu handia dauka, eta horri aurre egiten lagun gaitzakeen edozein ekarpen asko eskertzen dugu.

Ikasurtea amaitu bitartean zein erronka dituzue?

JO: Gustatuko litzaiguke gure gaztetxoek Lasarte-Oriatik kanpora esperientzia gehiago bizitzea. Beste batzuek partiduak edo lehiaketak izaten dituzten bezala, beraiek ere bizipen horiek izatea nahi dugu. Hartara, beste herrietako pertsona batzuekin harremanak eduki ditzakete. Egunero entrenamenduetara bertaratzen diren jendeaz gain, sarea zabaltzen joateko.

Eta datorren denboraldira begira ze asmo duzue?

AC: Hurrengo urtera begirako programazioa orain hasi gara lantzen. Familiekin ere orain bilduko gara, eta aukera ezberdinak landuko ditugu. Nahiko genuke ahalik eta egutegi osoena prestatu. Ideiak baditugu, behintzat.

JO: Kirol ezberdinen aukera zabaldu nahi genuke, hasteko. Hortaz gain, beste urritasun profil batzuekin egin nahiko genuke lan, oraindik ez baikara denetara ailegatu. Nolabait, ate gehiago ireki nahiko genituzke.

Zer egin daiteke Lasarte-Orian bertan proiektua zabaltze aldera?

JO: Orain arte egiten ditugun entrenamendu eta ekintzaz gain, praktika ireki gehiago egin ahal genituzke. Hedabideetan zabalkundea edukitzea garrantzitsua da, halaber.

Azken batean, guk nahi duguna da umeek jakitea eta sinestea kirola praktika dezaketela inongo arazorik gabe. Noski, horretarako metodorik eraginkorrena beraiekin lanketa zuzena egitea da. Kasu horiek identifikatzen dituzten pertsonak, normalean, gizarte langintzan daudenak dira, eta horregatik, haiekin ere lankidetza estutu beharko dugu. Haiek ere zuzenago iristen direlako.

Nola baloratzen duzue proiektuak orain arte izandako harrera?

AC: Orain arte jaso dugun erantzuna oso ona izan da. Balorazio bat egin genuen familiekin. Gehienbat, lana ondo egiten ari ote ginen ikusteko, eta oso emaitza onak lortu genituen. Galdeketa, gainera, ez genuen guk geuk egin; beste pertsona bati eskatu genion gure partez egin zezan eta, hartara, gurasoek lasaiago erantzun zezaten. Egia esan, oso erantzun positiboak jaso genituen. Ondorioa, gure ustez, garbia da: kirola hastapeneko fasetan modu inklusiboan lantzeko beharra dago; uste dugu, iritziek hala diotelako, bide onetik goazela.

Izena eman nahiko lukeen haur batek, zer egin beharko luke?

AC: Interesa duen edonork ateak irekiak ditu. Esan bezala, guk ez dizkiogu ateak inorri itxi nahi. Horregatik, gurekin froga egitera gerturatu nahi duten gaztetxoei gonbita luzatu nahiko genieke. Ostadar SKT-n informazioa eska daiteke. Guk ere posta elektronikoa dugu zalantzak argitu ahal izateko: 
ostadar.inklusioa@gmail.com. Hori bai, guregana gerturatu aurretik eskertzen dugu gurekin harremanetan jartzea telefonoz edo posta elektronikoaren bitartez. Izan ere, beharrei hobeto erantzungo diegu modu horretan.

Sare sozialetan ere bagaude: Twitter,  Facebook eta Instagram kontuak ditugu. Beraz, gure ekintzen berri edo argazkiak ikusi nahi izanez gero, bertan daude.

Azkenik, lagundu gaituzten erakunde, elkarte eta enpresak eskertu nahiko genituzke: Michelin, Ostadar SKT eta Lasarte-Oriako Udala, besteak beste. Haiek gabe ez litzateke proiektua aurrera aterako.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Odol-ateratzea
    Hilabeteko azken astelehenean, urriaren 30ean, eman ahal izango da odola Osasun Zentroan, 17:30etik 20:30era. Anima zaitezte, odola ordezkaezina da eta odol falta dago!
  • Ostiraletan egin ahal izango dira sexu kontsultak, Gaztelekuan
    Sexu informazioa, eta aholkularitza bulegoan kontsultak egiteko eguna aldatu da. Hemendik aurrera, ostiraletan izango dute kontsultak egitera joateko aukera herriko gazteek, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etarako ordutegian.
ZORION AGURRAK
OLAIA
Zorionak wapa!! 12 urte, disfrutatu. Muxu handi bat amona, aita eta amaren partetik.
AZKEN PDFa
1396 ( Urriak 20 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Orue ( Igandea)
Jaizkibel plaza 2
Tel: 943 362652
ASTEA
    • Lasa ( Astelehena )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Gil ( Asteartea )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Acha-Orbea ( Asteazkena )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Urbistondo ( Osteguna )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Gandarias-Uribe ( Ostirala )
      IƱigo de Loyola 9
      943 019521
    • De Miguel ( Larunbata )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48