Taxio Arrizabalaga: "Orain herritarrek jai hobeak egiten dituzte"

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 2a, 13:00
Taxio Arrizabalaga da Festak arloko zinegotzia. Bilera ezberdinen bitartez azken legealdi honetan festak herritarrekin batera antolatzeari ekin zitzaion eta Inauteriekin egin bezala, San Pedroetako egitaraua prestatzeari ekin zaio. Egun hauetan etxeetan jasoko dituzte herritarrek euren proposamenak egiteko orria. Hauek udal eraikinetan dauden parte hartze postontzietan utzi beharko dira. Arrizabalagak argi dauka jaiak hobetu egin direla azken urteetan eta herritarrei aukera emanda, bileretara gogotsu hurbiltzen direla.

Egun hauetan udalak San Pedro jaietarako proposamenak egiteko eskuorriak banatu ditu etxez etxe. Hauek bete eta parte hartze postontzietan utzi behar dira. Taxio Arrizabalagak zinegotziak herritarrak animatzen ditu parte hartzera. Azken urteetan jaiak asko hobetu direla azpimarratzen du eta hori, hain zuzen, herritarrek osatutako egitarau bat izan dutelako izan da. 

Abian da San Pedro jaiak antolatzeko prozesua. Zein balorazio egiten duzu orain arteko esperientziaz?

Orain arteko esperientzia oso aberasgarria izan dela esango nuke. Urtez urte, San Pedro jaiak antolatzeko prozesuak eboluzio bat izan du, pixkanaka hobera eginaz eta herritarrei festak antolatzeko tresna berriak eskainiz. Lehen urtean proposamenak jasoaz ekin genion prozesuari; hurrengoan festen ezaugarriez ere mintzatu ginen, nolako festak nahi genituen zehazteko; eta azken urtean berriz (2014an), ezaugarri eta proposamenez gain, herriko elkarteek hartu zuten indarra. Beraz, balorazioa ezin hobea dela esango nuke, atzerapausorik ez duen bide bati ekin baitiogu Lasarte-Orian: festa gero eta herrikoiago eta zabalagoak denon artean antolatzeari. 

Aldatu al dira jaiak bilera hauei esker?

Nire iritziz, izugarri. Esan bezala, 2012. urtetik hona festa benetan herrikoiak ditugu Lasarte-Orian. Herriko elkarte eta mugimendu ezberdinek antolatzen dituzten jarduera guztiak borobilduta daude orain San Pedro jaien programaren baitan, guztia osotasun bat da. Udalak festak herritik herriarentzat landu behar direla ulertu du, eta hori nabaritu da azken urteetan zehar. 

Herritarrek gogoa zuten bilera hauetan parte hartzeko? 

Azken hiru urteetan antolatutako 'Jaietan Blai!' parte-hartze prozesuek erakutsi digute, herritarrek, aukera emanda, gogotsu parte hartzen dutela. Hiru urteetan zehar 150etik gora pertsonak parte hartu dute foroetan, denetariko proposamenak eginaz: batzuek festetan ikusi nahi duten musika taldea aipatzen dute; beste batzuek, haien elkartean ideia berri bat izan dutela eta festetan gauzatu nahi dutela esanaz bertaratu dira; beste batzuek festetan haien iritziz zer hobetu daitekeen adierazi dute…

Festak antolatzeko ideia berriak izan al dituzte? 

Noski, hiru urtetako lanak fruitu izugarriak eman ditu. Adibide gisara, prozesuetatik ateratako ideia berri batzuk honako hauek izan dira: haurren txupinazoa eta helduena bereizita egitea; kaleko musika eta ikuskizunak indartzea; zezen suzkoa gauero atera-tzea; correfoc edo castellers bezalako ikuskizunak herrira ekartzea; Atsobakarreko xexenak kentzea eta gainontzeko programazioa indartzea…

Herritarrekin hitz egiterakoan, konturatu al zarete ohiko egitarauaren baitako zerbaitek ez zuela funtzionatzen? 

Ekintzaren batek ez funtzionatzeaz baino, jendearen proposamenekin, ekintza zaharrak momentu berrietara egokitzearen beharraz ohartu izan gara urtez urte. Adibidez, Sorgin Dantza oso ekitaldi jendetsua izan ohi da; txupinazoa ere bai. Beraz, biak elkartu eta bata bestearen ondorengo gisara planteatzea oso ideia ona izan zen. Edota, elkarte ezberdinek egitarau oparoa antolatu ohi dute San Pedro jaietan zehar; guzti hauek prozesu bakarraren baitan koordinatuta ordea, egitarau osoak eta elkarte guztien lanak proiekzio handiagoa lortzen du. 

Zein zen bilera hauen hasierako helburua?

Festak herritarrek, herritarrentzat eta herriarentzat lantzeko aukera zabaltzea izan da. 

Bete al da helburu hori?

Bete-betean gainera. Herriak festak berezko zerbaiten gisara ulertzen ditu orain, propioak direnak, bakoitzak bere ekarpentxoa egin ostean sortuak. Horrek kualitatiboki pauso handi bat suposatu du. 

Uste al duzu jendearentzat jai hobeak egiten direla? Kalean zein iritzi jaso duzu?

Jendearentzat baino, orain jendeak, herritarrek jai hobeak egiten dituztela uste dut. Hortxe dago koxka. Kalean, orokorrean, oso iritzi positiboak jaso izan ditut urte hauetan zehar, nahiz jendeak beti hobetzeko zerbait dagoela ere esan izan didan. Niretzat, hori da garrantzitsuena, beti proposatzen jarraitzeko eta gauzak hobeto egiteko kontzientzia hori jada zabalduta dagoela. Horrexegatik diot atzera bueltarik ez duen bide bati ekin diogula Lasarte-Orian, herritarren parte hartzearen bideari, hain zuzen. 

Bidean zailtasunak ere egongo ziren… Beste modu batera egin al da lan udalaren barruan ere?

Egia esan, udalaren aldetik, azken 4 urteetan festei eskainitako aurrekontua urtero mantendu da: 120.000 euro. 

Hala ere, proposamen ezberdinetan oinarrituta, urte bakoitzean ekintza mota bat gehiago indartu behar zela adostu izan da, eta hori dela eta adibidez, urte batzuetan su artifizial gutxiago bota dira, xexenak kendu dira, kontzertu handiago edo txikiagoak ekarri dira, etab. 

Prozesu honetan parte hartzeko nola animatuko zenituzke herritarrak? 

Irudimen pixka batekin, festetan zer ikustea gustatuko litzaiekeen galdegingo nieke; zer antolatuko luketen 2015ean lehengo urtean baino hobeto pasatzeko. Ariketatxo erraz hori eginda, etxe guztietan jasotako eskuorrian ideia hori idaztea eta parte hartze postontzietan uztea nahikoa da. 

Animatu eta parte hartu! Lasarte-Oria Jaietan Blai!