Mikel Bermejo: “Ez dut sinesten non nagoen”
Mikel Bermejo herritar gazteak ezin du oraindik sinestu non dabilen lanean ezta zeinen alboan. 'El Hormiguero' saio entzutetsuko lan taldean sartu da gidoilari lanak egiten eta gainera komedia munduko izen ezagunekin batera. Bere ametsa pixkanaka betetzen ari dela sentitzen du gazteak. Madrilen bakarrizketak egiten jarraitzen du eta bi lanak uztartzeaz gain proiektu berriak ere martxan jarriko ditu aurki.

Pozez gainezka dago Mikel lan berriaz hitz egiterakoan. 25 urterekin telebistan dabil lanean gidoilari bezala eta oraindik amets batean bezala sentitzen da. 

Bakarrizketak egiten ikasteko egonaldia egin zuen duela hiru urte Madrilen. Herrira bueltatu eta bakarrizketak eta zerbitzari lanak uztartu ostean, berriz eman du saltoa. Udara bitartean lana ziurtatuta izanda, egonkortu nahiko luke han “benetan gustatzen zaiona egiten”.

Praktikekin hasi zinen eta orain lana behintzat uda arte duzu gidoilari moduan telebista saio ezagun batean…

Bai, momentu honetan Trancas eta Barrancas 'El Hormiguero'ko inurrien gidoilarietako bat naiz. 

'El Hormiguero'z gain, show bat dute Juan eta Damianek eta aldaketak proposatzen dizkiet hau hobetzeko. Amaiera bat ere sortu behar diet ikuskizunerako eta horretan nabil. 

Publizitate asko ere egiten dute eta hainbat testu prestatu behar dizkiet iragarkietarako. 

Bestalde, datozen hilabeteetarako nire lanetako bat euren liburua idaztea izango da. 

Nolatan 'El Hormiguero'n?

Ezagutzen nuen Madrilen igarotako denboratik lantaldeko jendea, egun ez daude bertan lanean, Buenafuente edota Dani Mateorekin daudelako. Baina haiei esan nien praktikak egiteko aukera izango ote nuen. 

Lagun horiek esan zidaten 'Tres Calaveras Huecas' produktorara jotzeko, hau Jorge Marrón, Juan Ibáñez eta Damian Molláren ekoiztetxea da. Esan zidaten nahikoa lan ari zirela egiten eta akaso hauekin errazagoa izango zela praktika horiek lortzea. 

Hasiera batean praktikak 'El Hormiguero'n egin behar nituen baina arazo batzuk medio, beste saio batean jarri ninduten lanean ‘Likes’ saioan Movistar+-en.  

Denboraldia bukatuta, aurrekontu arazoengatik ez zegoen aukerarik urtarrila arte lan egiten jarraitzeko eta orduan Juan eta Damian pozik nire lanarekin, 'El Hormiguero'n lotu zidaten lana bi hilabetez behintzat. 

Ondoren, gauza luzatu da eta proiektu berriak ere proposatu dizkidate. Oso oso pozik nago.

Madrilen Comedy Club delakoan aritu zinen bakarrizketak egiten ikasten besteak beste, esparru honetan jarraitzen duzu? 

Bai, komedia ikastaro bat egin nuen Jorge Segurarekin, monologoak egiteko garaian estrukturak ikasten, nola idatzi, zer bilatu ikuslearen barrea eragiteko, trukoak… Bi urte egon nintzen 2011tik 2013ra eta gero bueltatu nintzen herrira lanera. 

Bakarrizketak baztertu dituzu?

Ez, bi lanak oso antzekoak dira. 

Bi hilabeteko paroia egin dut Madrilgo bizitza egituratu bitartean baita proiektu berrietan pentsatzeko eta dagoeneko, bakarrizketa berriak idazten ari naiz. Bai niretzat baita telebistako lanerako ere. Youtuben zerbait egiteko asmoa ere badut. 

Monologo berria urtarrilean probatzen hasi nahi dut eta dagoeneko lotu ditut saio batzuk Madrilen.

Umorea egitea zaila da eta asko landu behar da. Kontrasteak bilatzea da gakoetako bat eta premisa ostean remate edo punch bat bilatu behar duzu. 

Jendeak ez badu barre egiten zer?

Ba horretarako daude frogak. Nire kasuan, urtarrilean hasiko naiz 10-15 minutuko bakarrizketa aurkezten eta hor ikusiko dut erantzuna. Horren arabera aldaketak egingo ditut. 

Hala ere, txiste batek ez badu funtzionatzen, inprobisatzea da geratzen zaizun baliabide bakarra. Egia esan, zorionez erraz tasuna daukat inprobisazioak egiteko. 

Zeintzuk dira zure erreferentziazko komikoak?

Ez dira oso ezagunak baina komedia munduan niretzat hoberenak dira Jorge Segura eta Kikin Fernandez, niretzako maisuak. 

Dagoeneko adin bat dute eta telebistan arituak izan arren, ez da euren gustuko mundua. Telebistan ez daukazu erabateko askatasuna gidoiak idazteko orduan, beti moldatu beharra dago eta bi hauek eurentzat egiten dute lan eta nahi dutena idazten eta egiten dute egun.

Niretzat komedia munduan maisuak izateaz gain bizitzako maisu ere kontsideratzen ditut batez ere Jorge Segura. Madrilen egin nuen beste etapa hartan aita bat bezala izan zen niretzat.

Nolakoa da telebistaren mundu hori barrutik?

Oso lehiakorra bada baina momentuz denek eskua bota didate. Jose Juan Vaquero komiko oso famatua denarekin, oso harreman ona daukat, ataskatuta ikusten nauenean, etortzen zait eta berarekin hitz egin ostean berriz martxan jartzen naiz.

Orokorrean gidoilari guztiekin ondo moldatzen naiz.  

Hasieran esan zidaten pazientzia edukitzeko. Zaila zela hasieratik sekzio bat edo testuak hartzea saiorako baina nire kasuan, sartu eta sekzio oso bat hartu zidaten Whatsapp-ekoa. 

Horrek kriston poza eragin zidan eta azkenean zure buruari esaten diozu, “jo ba igual mundu honetan lan egiteko balio dut!”

Zuzenean atera zara saioan, labur izan bada ere nolako esperientzia izan da? 

8 segunduz atera nintzen Mannequin challenge delako proba egiten. Nik twitterren ikusi nuen erronka hau modan jartzen ari zela eta erredakziora iristean komentatu nuen. Akaso ideia ona izango zela saioan zuzenean egitea oraindik estatu mailan ez zegoelako zabalduta eta lehenengoak izateko edo. Lankideei ideia ona iruditu zitzaien baina erabakiak hartzeko eskumena dutenek ez zuten argi ikusi agian berriaren ideia izan zelako…

Handik egun batzuetara, moda zabaltzen hasita, beste gidoilari batek proposatu zuen eta aurrera. Ateratzeko proposamena egin zidaten eta ezin ezetz esan, saskibaloian jokatzen atera behar nintzen hasieran…

Lan talde handia da?

110 laguneko taldea da 'El Hormiguero'koa, gidoilariak soilik 14 gara. Oso lan talde handia da baina egia esan denak oso jatorrak. Nirekin behintzat orain arte denak primeran portatu dira.

Zure burua kamara aurrean ikusten al duzu etorkizunean? 

Bai, goiz da oraindik baina bai nire burua kamara aurrean ikusten dut. 

Nire inguruan momentu honetan 35-40 urte inguruko jendea daukat kamara aurrean azaltzen dena eta horretarako lan asko egin duena. Ni ikasten ari naiz eta iritsiko da. 

Urduritasun gehiago sentitzen dut elkarrizketa hau egiten bakarrizketa bat kamara aurrean egiten baino.

Madrilera joan behar al da gidoilari edota bakarrizketalari bezala lan edota karrera bat egiteko?

Egia esan ni hemen telebistan ez naiz saiatu. Monologuista bezala hemen badago aukera, karrera bat egin daiteke bai.

Madrilen ezagunak edukita, banekien lan giroa ere ona zela eta zuzenean jo nuen hauengana. Pablo Motos jefe ona dela jakinda… 

Jende famatuagatik galdetuko dizute, zer moduz Juan, Damian, Marron, Pablo Motos, eta kuadrilla horrekin?Gonbidatuak ere lehen mailako aktoreak izaten dira batzuetan… 

Ba Pablori buruz asko entzuten da eta ez beti ona baina nirekin behintzat oso jefe ona da eta pertsona ona iruditzen zait. 

Jende oso ona dago taldean eta ni gazteena izanda, oso ondo tratatzen naute, oso babestuta sentitzen naiz…
Pilar Rubio behin ikusi dut eta kamara atzean oso guapa da eta jatorra iruditu zitzaidan Ana Simon ere telebistan bezala ‘pertsonaje’ xamarra da. 

El Drogasekin egon nintzen eta Arkano raperoa ere ezagutu dut. Will Smith ezagutu nahiko nuke… egunero daude famatuak baina oso gustukoak ez badira, ez zara jaisten kamerinoetara. Ni hiru hilabetetan bitan soilik jaitsi naiz.

Etorkizunera begira, zein litzateke zure ametsa?

Oraingoz behintzat Madrilen geratu nahiko nuke asko ikasi behar dudalako. 

Pauso txikiak emanez aurrera egiten ari naiz eta gauza gehiago egiteko ateak irekitzen. Telebistan hemendik hamar urtera edo bost urtera edo sekzio bat edukitzea… eta ondoren akaso nire saio propioa gidatu. 

Umorezko telebista saio bat egingo nuke 'El Hormiguero'ren antzekoa baino txiste hobeekin. 

Izen bat egitea zaila al da?

Lan asko egin eta mantentzea da giltza. Mundu zaila da, asko gustatu behar zaizu. 

Ordenagailuaren aurrean 8 ordu pasa eta etxera joan eta idazten jarraitzea beste bi hiru ordu ba neketsua da…baina ametsak egia bihurtzeko lan egin behar da eta ez etsi nahiz eta bidea luzea izan. 

18 urterekin hasi nintzen zerbitzari bezala eta urte betez aritu nintzen, Madrilen ere ikasten egon nintzenean sei hilabetez lan egin nuen zerbitzari bezala eta gero bueltatu nintzenean herrira 2013an, 2016ra arte egon naiz barra baten atzean. 

Lana, ikasketak eta ateratzen ziren boloak uztartuz aritu naiz.

Etxekoek zer diote orain?

Ba hasieran ez zuten asko sinesten baina orain ba oso pozik daude.

Imajinatu semea iristen dela etxera esanez lehenengo mailako futbolari dela, ba ez da oso normala… Hasieran oso harrituta zeuden, ez zuten espero baina orain ondo eta nigatik pozik.

Ni oraindik harrituta nago ere, oraindik askotan ezin dut sinestu erredakzioan zein pertsonekin nagoen. Lehenengo egunetan, esaldi bat idatzi eta albotara begiratzen nuen ezin guztiz sinestu non nengoen eta zeinen alboan. Luxu bat da.

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Odol-ateratzea
    Hilabeteko azken astelehenean, maiatzaren 29an, eman ahal izango da odola Osasun Zentroan, arratsaldeko 17:30etik 20:30era. Anima zaitezte, odola ordezkaezina da eta odol falta dago!
  • 1960. urtean jaiotakoen afaria
    1960. urtean jaiotako guztiak daude gonbidatuta maiatzaren 27an egingo den afarira. Interesa duten guztiek, deitu 692988897 telefonora (Carmen)
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
EIDER
Familia guztiaren partez 14 muxu haundi haundi zure egunean!!
AZKEN PDFa
1380 ( Maiatzak 19 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Urbistondo ( Asteartea)
San Frantzisko 1
Tel: 943 366567
ASTEA
    • Gandarias-Uribe ( Asteazkena )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Orue ( Osteguna )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • De Miguel ( Ostirala )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Gil ( Larunbata )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Gil ( Igandea )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Lasa ( Astelehena )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48