Maria Mendibe: "Pozik eta harro nago aurtengo emaitzekin"

martin-vicioso 2017ko mai. 5a, 13:00
Egindako hiru frogetatik bi irabazi ditu aurten Maria Mendibek. Sopelako duatloia batetik, eta Benidormeko triatloia bestetik. Denboraldia indartsu amaitu nahi du

Duela bost urte hasi zen Maria Mendibe triatloietan parte hartzen. Zarauzkoa ikustera joan, eta frogak txunditu zuen lasarteoriatarra. Ordutik, makina batean hartu du parte eta batzuk irabazteko aukera ere izan du. Sopelako duatloiean onena izan zen urte hasieran eta duela bi aste Benidormekoa irabazi zuen. Harekin izan gara denboraldiaren orain arteko balorazioa egiteko eta datozen erronken inguruan solasteko.

Benidormen irabazi berri duzu. Nola joan zen froga?

Oro har hartuta, nahiko ondo. Arazo mekanikoak direla medio, bizikletako katea atera zitzaidan eta lurrera jausi nintzen. Denbora pixka bat galdu nuen hor, izan ere, lasterketa burua harrapatzear negoen erori nintzenean.

Triatloia zirkuitotan banatatua egoteak lagundu zintuen? 

Atzetik aurrerako lana egiteko, bai. Bizikletan egin beharrekoa zazpi bueltako zirkuitoa zenez, kontrolatzeko erraztasunak eman zizkidan. Erori arren, lasterketaburua non zen kalkulatu ahal izan nuen. Azkenik, korrika egiteko tartean harrapatu nuen. Lau buelta eman behar genizkion ibilbide bati, eta ondo neurtu nuen bien arteko aldea.

Lehen aldia duzu Benidormen?

Duela urte pare bat ere han lehiatu nintzen, eta beraz, ezagutzen nuen lasterketa eremua.

TriWhite kopako froga zen. Hurrengoetan parte hartzeko asmoa duzu?

Ez. Oso urruti geratzen dira gehienak. Lana eta familia direla eta, ezingo naiz han egon. Gustatuko litzaidake froga gehiagotan parte hartzea, baina ezinezkoa zait.

Aurten irabazten duzun bigarren froga. Otsaileko Sopelako duatloiean ere garaile atera zinen.

Hori da. Aurten soilik Sopelan, Benidormen eta, aurreko astean Getarian atera naiz. Euskal Herrian kriston maila dago. Zailagoa da hemen irabaztea , eta ni igeriketan makalagoa naiz. Taldea jarraitzeko arazoak izaten ditut uretan. Bizikletan lekua irabazten dut, baina egia da aurrekoak ez ditudala harrapatzen.

Aurten egindako hiru frogetatik bi irabazi dituzu, beraz.

Oso pozik nago egindakoarekin, egia esan. Baita harrituta ere. Egia da Sopelan topera nengoela, baina bertan irabazi eta bi astetara lesioa eduki nuen. Bost aste egon nintzen geldirik Adinak ere ez du barkatzen, eta gorputzak gehiagotan eskatzen dit atseden hartzeko.

Datozen hilabetetara begira, ze erronka dituzu?

Aste honetan Debako triatloiean hartuko dut parte, oso gustuko dudan froga batean. Bizikletarekin egin beharreko zatia gogorra da, eta hori ondo datorkit niri. Helburu nagusi bezala, ordea, Zarauzkoa dut, ekainaren 10ean egiten dena. Hura ikustera joan nintzelako hasi nintzen ni kirol honetan, eta horregatik berezia da niretzat. Udaran alabak oporrak hartzen dituenez, konpetiziorako tarte txikiagoa dut. Forma mantentzen saiatzen naiz, ezin baitiot entrenatzeari utzi. Aurten, Bilbokoa (maiatzak 20) eta nire amaren Valladolideko herriko duatloia (Villabañez, hilaren 27an) ere egingo ditut. Gerora, gorputza nola daukadan ikusi beharko dut, eta aukera suertatuko balitz, momentuan erabakiko nuke.

Noiz hasi zinen triatloietan lehiatzen?

2011n. Zarauzko triatloia ikustera joan nintzen, eta kirolak liluratu ninduen. Korrika aritzen nintzen ni eta orduantxe hartu nuen bizikletan eta igerian egiteko erabakia. Batez ere, hurrengo urteko edizioan parte hartu ahal izateko. Hortik aurrera ez naiz gelditu, eta badira bost urte hasi nintzenetik.

Aurretik ze kirol egiten zenituen?

Gaztetan saskibaloian jokatzen nuen, eta lehenengo mailan urtebete egitera ere iritsi nintzen CBN taldearekin, Iruñean.  Lanean hasi ondoren, korrika egiten hasi nintzen, denbora gutxiago nuelako. Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko hasi nintzen lasterka, eta hala ibili naiz triatloia ezagutu dudan arte.

Aipatu duzu igerian ibiltzen zarela makalen. Non zaude erosoen?

Bizikletan. Egia da korrika betidanik egin dudala, baina ez dakit zergatik, txirrindarekin hasi nintzenetik oso indartsu ikusi naiz. Orain arteko triatloietan, bi gurpilen gainean aritu naiz hobekien.

Desberdin prestatzen dituzu hiru modalitateak?

Egia da bizikletan entrenatzeko denbora gehiago behar duzula, bi edo hiru ordu gehienez. Korrika ordubeterekin nahikoa izaten da. Igeri, bestalde, Buruntzaldea IKT taldearekin entrenatzen dut astean hirutan.

Jarraibide zorrotzak dituzu entrenamendurako?

BPX taldearekin hasi nintzenetik prestatzaile fisiko baten laguntza dut. Elikadura zaintzeko ere dietista batengana jo dut. Emaitza hobeak eduki ditut ordutik.

Egindako zein froga gogoratzen duzu bereziki?

Lehenengoa, adibidez. Zarautzen atera nintzen eta itsasoko eremua egiteko ordubeteko tartea ematen dute. Beranduago iritsiz gero, kanporatzen zaituzte. Ez nintzen ondo moldatzen igerian, eta oso urduri negoen hasi aurretik. Justu gainditu nuen, eta amaitzean, nire familia osoa zegoen helmugan eta oso une hunkigarria izan zen.

Irabazi duzun bat?

Agian azkena, Benidormekoa. Erdi lesionatuta joan naiz, eta oso pozgarria izan zait bertan irabaztea. Familiarekin joan nintzen hara, eta animo asko eman zizkidaten.

Lasarteoriatar asko dabil azken aldian triatloietan parte hartzen. Indarra hartzen ari da kirola?

Bai Lasarte-Orian baita emakumeen artean orokorrean. Getarian, esaterako, 60 emakume inguru atera ginen, eta hori duela urte batzuk pentsaezina zen. Nik behintzat nabaritzen dut Lasarte-Orian gorakada, triatloiean eta beste hainbat kiroletan ere.