Lorena Zabala: "Erreginaren Kopa lehiatzeko moduan gara"

martin-vicioso 2017ko mar. 24a, 12:00
Sailkapeneko hirugarren postuan da CD Sumendi Emakumezkoen Izotz Hockey Ligan. Lorena Zabala defentsa herritarraren lehenengo urtea da talde gasteiztarrean.

Pasioarekin hitz egiten du Lorena Zabalak bere kirolari, izotz hockeyari, buruz. Gasteizko Sumendiko jokalaria da lasarteoriatarra eta denboraldi bikaina egiten ari da, hirugarren postuan baitaude ligan.

CD Sumendin aritzen zara. Nolakoa izan da talde aldaketa? 

Ona. Donostiako Kazkabarran, talde erdia gasteiztarra zen. Haiek ere etorri dira Sumendira eta, beraz, taldearen oinarria lehendik ezagutzen ginen. Ni ere Gasteiz aldera etorri naiz lanera, eta talde aldaketa ondo etorri zait. Gustura nago bai hirian baita taldekideekin ere.

Entrenatzeko eran eta partiduetan aldaketarik nabaritu al duzu? 

Bai. Donostian talde askok entrenatzen zuen izotz pistan eta ordutegi txarrena egokitzen zitzaigun guri, gaueko 23:00tatik aurrera. Orain, berriz, 21:00etan hasten gara eta denbora gehiago dugu entrenatu ahal izateko. Gorputzak ikaragarri eskertzen du, eta partiduetan hori somatu dela uste dut.

Hirugarren postuan zaudete, partidu onak egiten. Zer nolako balorazioa egiten duzu? 

Uste baino hobeto ari gara. Oso eboluzio azkarra izan dugu, kontuan hartuta lehenengo urteko jokalari dezente ditugula. Irailean hasi ginen entrenatzen eta urria aldera maila onean jokatzen geunden. Oso partidu onak egin ditugu, eta momentu honetan, sailkapenean hirugarren joatea pozgarria da.

Sailkapenean aurretik dituzuen bi taldeek puntu dezenteko aldea dute. Diferentzia handia dago zuen artean?

Puntuei dagokienez, bai. Majadahondaren eta Barcelonaren kontra ez dugu irabazterik izan, baina  itxura ona eman dugu, lehenengo partiduan izan ezik. Taldea guztiz bat egin gabe zegoen orduan. Irabazten ere joan izan gara haien kontra, baina markagailuari buelta ematea lortu izan dute. Ez dugu zorte handirik izan. Gure arteko desberdintasun nagusia prestakuntza da. Nahiz eta jokalari gazteak dituzten, umetatik daramate jokatzen eta nabari da gu baino entrenamendu gehiago egin dituztela. 

Hiru jardunaldiren faltan zaudete. Zer dator ondoren? 

Erreginaren Kopa. Lehenengo lauak sailkatuko dira, eta  seguru aski bertan izango gara. Majadahondan jokatuko da maiatzaren 20ko asteburuan. Lehenak laugarrenaren aurka jokatuko du eta hirugarrenak bigarren aurka, partidu bakarrera. Gu topera joango gara, aukerak ikusten baititugu.

Gizonezkoen izotz hockey talde batzuek azaldu dute materiala (stick-ak, patinak…) eskuratzeko dituzten zailtasunak, askotan haiek ordaindu behar dituztela. Zer nolako zailtasunak izaten dituzue? 

Are okerrago gaude. Gure ekipazioak oso garestiak dira. Gama erdi edo baxuko patinak oso garestiak suertatu daitezke. Horri gehitu babeserako material guztia. Denboraldi amaierarako higatu egiten da, eta aldatu behar izaten dugu. Taldeak ezin du dena kosteatu. Bidai batzuk ordaintzen dizkigute, baina ez denak. Gehienetan, gure kabuz mugitu behar izaten gara, gure autoetan. Hala ere, izotz hockeya maite dugu eta aurrera jarraituko dugu.

Europako beste herrialde batzuetan egoera bestelakoa da.

Egia da, izotz hockeyak herrialde batzuetan sekulako jarraipena du. Kirol nagusia ere bada zenbait tokitan. Erraztasun handiagoak ematen dizkiete jokalari eta taldeei txikitatik, eta egoera konparaezina da.

Zein urrats eman beharko lirateke?

Traba nagusiena ekonomikoa da. Beraz, kirol hau garatu nahi badute, diruz lagundu beharko da. Oso garestia da gure materiala, eta haur batek hockey-an jokatzen hasteko 300-400 euroko materiala behar du. Futbolean eta beste kirol batzuetan askoz merkeagoa da dena. Honi gehitu pista alokatzea, mantentzea, bidai luzeak…

Euskal selekzioarekin lagunartekoa jokatu zenuen Catalunyaren aurka.

Bai. Lehenengo aldia zen halako partidua emakumezkoek jokatzen zutela, eta oso esperientzia positiboa izan zen. Tamalez, ezin izan genuen norgehiagoka irabazi, baina badakigu beste partidu bat jokatuko dugula eta errebantxarako gogoa dugu euskaldunok.

Halako deialdietan sartzea lan ona egin duzun seinale da.

Egia esan, asko eskertzen dut. Ni berandu hasi nintzen patinatzen, 18 urterekin. Besteak txikitan hasitakoak dira, eta esperientzia handiagoa dute. Deialdi hauetan egotea, beraz, oso pozgarria zait. 27 urte ditut eta oso gustura aritzen naiz hockey-ean, eta ez dut inongo asmorik uzteko, momentuz.

Etorkizunera begira zein asmo dituzu? 

Gasteizen jarraitzeko asmoa dut, Sumendin. Taldea asko hobetzen ari da, eta hurrengo urtean topera hasiko gara eta lehenengo postuak borrokatzeko asmoa dugu hasierako jardunaldietatik.