Joxe Mari Agirretxe, Kontxu Iartza, Maider Oiartzabal eta Alex Tellok azaldu ziguten Kukuka antzerki eta dantza eskolaren ibilbidea. Udalak omenduko du herriko antzerki eta dantza eskola eta halakorik espero ez zutela aipatu arren, oso pozik daudela diote.
Urteetako lanari aitortza izateaz gain, “erakundearen aldetik Kukukak egiten duen lanaren aldeko apustu bezala ere ulertzen dugu” aipatu dute. 21 urte inguru dira Zabaletako guraso talde batek auzoan antzerki tailerra martxan jarri zuela.
“Haurrei aukera eskaini nahi izan genien antzerkia egiteko eta horrela hasi ginen antzerki tailerrak egiten. Bi talde osatu ziren, haur eta gaztetxoena. Auzoan, guraso eta auzo elkarte bezala oso pozik geunden bi taldeen lanarekin.
Guretzat positiboa zena herriarentzat ere positiboa izango zela pentsatu genuen eta aldapan behera geneukana eskaintzea bururatu zitzaigun”.
Landaberrin eskaintza
Orduan Zabaletako haur gehienak Landaberri ikastolan ikasten zuten eta bertan an-tzerki tailerra egiteko aukeraz hitz eginda, zuzendaritza zein gurasoek begi onez ikusi zuten eta martxan jarri zen. Antzerki tailerra egiteko aukera eskaini zen lehenengo ikasturtean, bost antzerki talde osatu ziren, tartean gurasoena bat.
Antzerkiarekin hasi zen baina dagoeneko ikastolan euskal dantzak lantzen zirela aipatzen dute Kukukakoek. Hala ere, “haurrak 7 urte betetzen zituztenean, ·arazoa sortzen zen, batez ere mutilekin. Kirolarekin hasi eta dan-tza egiteari uzten zioten gehienak. Hor abiatu genuen hausnarketa bat dantzaren esparruari dagokionez”.
Aurretik ordea, Maider Oiartzabalen lana ezagutzen zuten. Herriko dantzaria Donostiako Zurriola Ikastolan zebilen irakasle. “Zabaletan geundela, “Irla horia” an-tzezlana prestatzen ari ginela, dantza bat behar genuen, erritmo afrikarrak ziren eta ez genekien nola lortu, Ane Arteagak Maiderrekin harremanetan jarri gintuen eta eskaera horren aurrean prest azaldu zen laguntzeko. Emaitzarekin oso pozik geratu ginen”.
Zurriola eredu
Hasiera haietan Zurriola Ikastolako antzerki eskolara jo zuten, Joserra Fatxado zegoen han eta antzerki eskolen artean erreferentzia zen. Kontxu egon zen Joserrarekin lana nola egiten zuten ikasten.
Antzerkiaren barruan, formazio bezala, dantzaren urtea zen Zurriolan DBH2koei eskaintzen zitzaiena eta hor zebilen Maider Oiartzabal irakasle. Horrela ekarri genuen Landaberrira, azken batean gurea hasieran ere antzerki eskola zen, baina gazteek oso ondo pasa zuten eta aukera eman nahi izan genien jarraitzeko. Gazteen artean ikusita dantzak zuen indarra eta potentziala erabaki genuen eskaintza zabaldu behar zela, horrela antzerki eta dantza eskola jaio zen.
“Guraso ginen, eta seme-alabei ahalik eta aukera zabalena eskaini nahi genien beraiek gero gustukoena aukera zezaten. Eskaintza zabala, irekia eta aberatsa izan zen helburua hasieratik. Dantzaren esparruan sartzea, oso pauso logikoa eta beharrezkoa izan zen. Apustua zuzena izan zela dakigu orain eta asko irabazi dugu”.
“Hausnarketa ere derrigorrezkoa izan zen kontutan izanda adin batera iritsi eta batez ere mutilek, euskal dantza uzten zutela kirolarengatik”.
“Euskal Dantza Berrituz deitu genion hasieran, orain euskal dantza sorkuntza da.”Maiderrek bereziki azpimarratu nahi izan zuen eskolak dantzarekiko izandako eskuzabaltasuna. “Niretzat Kukuka ez da beste bat izan, eskola honetan dantzarekiko izan duten eskuzabaltasuna aipatu nahi nuke. Antzerki eskola izatetik, dantzari bere bidea egiten utzi zaio eta, Kukuka eta Lasarte-Orian pertsonalki jaso dudana ez dut inon jaso. Oso nirea sentitzen dudan egitasmoa da, asko jaso dut urte hauetan guztietan”.
Ikastolatik herrira
Ikastolan urte batzuen eboluzioa egin ondoren, Sasoetara eta Institutura saltoa eman zuen antzerki eta dantza eskolak, eta gerora helduen taldeen artean, Ttakunekin solaskideen talde bat sortu zen ere. Euskararen erabilera sustatzeko asmo sendoarekin ere.
“Oso gustura sentitzen gara ikastetxe guztietan eskaintza bat egiten ari garelako, solaskideekin ere ari garelako eta beste bat gehiago sentitzen garelako herriko elkarte mugimenduan. Oso pozik gaude egiten ari garenarekin, asko daukagu ikasteko oraindik, hori dauka handitasunak, baina gureak sentitzen ditugu ere herriko beste elkarte eta taldeekin egiten ditugun ekintzak, lehenik eta behin euskaratik ari garelako eta besteekin elkarlanean, herri bizi bat, koloretsua eraikitzen gure aletxoa jartzen dugulako”.
Arrakasta
“Dudarik gabe hasi ginenean, ez genuen uste inolaz ere halako arrakasta izango genuenik”. Kukukako kideek diote ez direla oso kontziente izan urte hauetan guztietan eskolak hartu duen tamainaz. “Joan gara egiten eta egiten, dena ematen eta tamaina hartu duela ikusten duzu batez ere ikasturtetik ikasturtera. Hamargarren urteurrenean egin genuen gogoeta eta orduan konturatu ginen eskolak egindako ibilbideaz. Oso hunkigarria da”.
Kontxuk argi dauka “egitasmoa txikitasunetik joan da handitzen jendearen gogoa eta eskaerari erantzuna emanez”. “Egia da ere pazientziarekin erein dela, pentsatuz ona izango dela egindako guztia. Batzuetan ez dakizu noraino iritsiko zaren. Oso motzera geratzeko aukera ere hor egon zen, zailtasunak ere egon direlako baina apustuak egin dira eta ondo atera da”.
Eskaintza zabaltzearekin batera, “arazo handi bat genuen. Urtero joaten zitzaizkigun irakasleak eta haurren-tzat urtero zeuden aldaketak. Horrek eragina bazuela pentsatzen genuen eta orduan bertako irakasleak lortu behar genituela erabaki genuen. Irakasle finkoek sendotasun bat emango zioten eskolari. Aldi berean, kalitatea eta esperientzia aportatu zezaketen irakasleak behar genituen ere, lehenengoak etortzen Mikel Sarriegi eta Joserra Fatxado izan ziren Maider Oiartzabalekin batera”.
Egun Kukukan 600 ikasle inguru daude eta 22 irakasle. Irakasleen artean, txikitatik ikasle izan diren gazteak daude baina baita antzerkigintzan ibilbide garrantzitsua dutenak ere, Miren Gojenola dago, Asier Sota, Urki Muguruza, Iñigo Arabarri eta Alex Tello.
Antzerkia eta dantza egite hutsetik bereziki nabarmentzen dute Kukukako kideek eskolari esker sortu diren harremanak eta herriko beste elkarteekin batera jaiotako elkarlanak. Beti ere euskara ardatz nagusi izanda.
Bestalde, sorkuntzaren sustapenak bere fruituak eman dituela argi dute Kukukakoek ere. Agirretxek gogoratu bezala, Euskararen Maratoia antolatzen zenean “gazteekin tarteren bat osa-tzea oso zaila zen. Egun eurek eskatzen dute tartea prestatutako koreografiak edota an-tzerkiak oholtzan egiteko. Oso pozgarria da hori”.
Antzerki eta dantza eskolak beste balio eta gaitasun asko lantzen ditu, “komunikatzeko, sortzeko… autoestima eta konfiantza lantzen da eta asko aportzen du. Helduengan aldaketa nabarmenak ematen direla ikusten dugu eta txikitatik hasita pen-tsa. Egun eskolan dauden gazteek oholtzan nola mugitzen diren ikustearekin nahikoa da. Izugarria da duten gaitasuna eta kalitatea. Horretaz gain, familia osoak daude Kukukako talde desberdinetan lanean eta azken 12 urteak gurekin daramatzaten ikasleak ere asko dira. Hori lana ondo egiten dugulako da, gustura daudelako.”
Herritik kanpo eskaintza
Zabaleta, Ikastola eta herria, izan da Kukukaren ibilbidea. Baina beste herri batzuetako antzerki taldeak sortzeko pizgarri ere izan da Kukuka. Andoain, Irura, Añorga… EHAZE Euskal Herriko An-tzerkiZale Elkartearen sorreran pisua ere izan du herriko eskolak.
Erreferente bilakatu da eskola herritik kanpo ere “deitzen digute emanaldiak emateko, gure esperientziaz hitz egiteko, antzerki tailerrak kudeatzeko… oso harro gaude”.
Lan onari omenaldia
“Ikuslearen kulturatik, parte hartzearen kulturara saltoa eman nahi izan zuen Kukukak eta herrigintzatik bermatzen da parte hartze hori”. Hala ere, Kukukakoen ustetan erakundeen babesa beharrezkoa da bide honetan aurrera egiteko.
Omenduak izatea “guretzako urte hauetan egindako lanari errekonozimendu bat da baina ulertzen dugu baita ere, Udaletik egiten den elkarlanerako apustu bezala”.Bide batez aipatu nahi izan dute “faltan botatzen dugu adibidez, hilabeteroko programazioan, antzerki eta dantza amateurra euskaraz herrira gehiago ekartzea. Harremanak baditugu beste herrietako taldeekin, gu ateratzen gara beste herri ba-tzuetara emanaldiak ematera eta taldeak ekarri nahiko genituzke”.
Bestalde, Udalarekin “hi-tzarmen bat lortu dugu lehenengoz legealdi honetan eta aurrera begira hitzarmen horretan sakontzea gustatuko litzaiguke”.Oso pozik daudela aitortu dute Kukukakoek, Kontxu eta Maider joan ziren udalera eta eurek jaso zuten omenaldiaren berri, “lokal baten eskaera aspaldi egin genuen eta eman behar zigutela pentsatzen genuen. Ez genuen omenaldia espero”.
Deialdi irekia
Omenaldian parte hartzeko deia luzatu nahi dute Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideek. Izan ere, aitortza denontzat da ikasle, irakasle, guraso… eskola osoa da omendua. Eguerdiko txupinazorako, 11:15ean kultur etxean hitzordua egin nahi dute eskolako kide guztiekin eta handik kalejiran abiatu udaletxe zaharrera. Bertan eskolaren dantza egingo dute. “Denak gonbidatu nahi ditugu kalejiran parte hartzera guraso, ikasle eta irakasleak. Eskolako kamiseta edota berdez jantzita gerturatzea hobe”.