Julen Basterra Garmendia: "Poesiak bide bat ematen du egia esateko"

Adrian Garcia 2017ko abe. 1a, 10:40
Basterraren bi obra saritu ditu Lasarte-Oriako Literatura Sarietako epaimahaiak: 'Jainkoa eta Egoa' poesia eta 'Nire kontzientziari ipini nion izena' mikrokontakizuna. Ideiak askatzeko tresna du poesia

Noizean behinka idazten du Julen Basterrak (Lasarte-Oria, 1993), "beharra" sentitzen duenean. "Bat-batean etortzen zait. Ez dut idazten helburu batekin. Idaztea bera da helburua". Terapia moduan erabiltzen du literatura:  "Batzuetan lasaitu egiten nau, batzuetan atsegina ematen dit, batzuetan animatu egiten nau, batzuetan askatu". Aurretik irabazia zuen Lasarte-Oriako Haurrentzako Literatura saria, eta aurte ere parte hartzea erabaki du. Bi sari irabazi ditu: poesiarena eta mikroipuinarena. 

Jainkoa eta Egoa izena du saritutako poesiak. Zer adierazi nahi izan duzu? 

Gatazka bat adierazi nahi nuen. Kontrakoak diren bi ideia. Jainkoa kontzeptu korapilatsua da, definizio asko eman baitira hari buruz. Jainkoa zentzu panteistan ulertzen dut nik. Alegia, dena da Jainkoa. Hori da gizakiaren hasierako abiapuntua. Nik Jainko bezala ulertzen dut natura. Baina gizartean, gure inguruak eta aurreiritziek, pentsamenduek azken finean, gatazka sortzen dute. Eta ez gara konturatzen egoera horretan gaudela. Egoak ere sortzen du gatazka hori. Jainkoa eta Egoa nahi ditut kontrajarri. Egoa gatazka sortzaile bezala; pentsamenduaren bidez sortzen du gatazka bat: gizakiaren berezko izatea desbideratzen du eta batasuna hausten. 

"Hasiera-hasieran zer ginen? Bakea ederra zen unean, ezertxo ere ez", diozu. Egorik gabe bakean bizi ginen? 

Ez genuenean pentsatzen, ez geniekeenean egoa ginenik, hau da, ez dakigunean Adrian, Julen… garela, bakea ederra da. Zentzu horretan, ez ginen ezer. Bagara zerbait, baina ez dugu pentsatzen garen horri buruz, horregatik dago bakea. 

Berri Txarrak taldeari ere erreferentzia egiten diozu poesian.

Bai, izenak ematen digu izana, eta nahi dugu izan gure izenaren arabera. Baina hasieran ez genuen izenik; orduan hor ezina sortzen da. 

Oteiza ere aipatzen duzu.  
Berak poesia liburu bat du Existe Dios al noroeste [Jainkoa existitzen da ipar-mendebaldean]. Zergatik koordenatu hori? Ipar-mendebaldea bihotzean dago. Zergatik? Hor daukagulako indar immanente hori. Baina, azken finean, bihotza ere metafora bat da. Gure berezko izatea adierazteko modu bat.

Iparrorratz bati buruz ere hitz egiten duzu.  

Teknologia adierazi nahi dut iparrorratzarekin. Iparra non dagoen esaten dizu, baina zuk barruan indar hori baduzu, bihotza, eta ez duzu behar iparrorratzik. Eta teknologiarekin berdin. Barruan baduzu indarra, ez duzu izatez haren beharrik. 

Poesiaz gain, mikrokontakizun saria ere irabazi duzu, Nire kontzientziari ipini nion izena obrarekin. 

Niri buruzkoa da. Baina, aldi berean, saiatu nintzen pentsatzen zer pentsatzen zuen jende guztiak. Nire kontzientziari ipini nion izena da, baina uste dut jende askorena ere badela. Aipatzen ditut infinitua eta ezereza, gure kontzientzia bi eremu horien artean dagoen espazioa delako. Edo infinitura goaz, aurrera goaz, bizitzara goaz… Kontakizunean, itsasoa bezala definitzen dut. Edo, bestela, amildegira goaz, ezerezera. Gure kontzientzia horren artean dago: bizitzeko bulkada amaigabe baten eta hiltzeko nahi amaigabe baten artean. Eta gu hor bizi gara. Momentu batzuetan oreka galtzen dugu, eta amildegira edo itsaso aldera goaz. Horregatik aipatzen dut orekaren beharra. Egunerokotasunari aurre egiteko behar duzu oreka. 

Zer esan nahi du sari honek zuretzako?  

Sariak ez zaizkit gustatzen, baina aitorpen sozial bat egotea ondo iruditzen zait, barruan daukazun hori esan izana saritzea. Egia saritu egin behar da, eta poesia bide bat da egia esateko.