Joxe Krutz Labaka: "Ikaragarria da urtero jendeak erakusten duen prestutasuna"

Adrian Garcia 2018ko mai. 5a, 11:00
Orain urte batzuk hasi ziren bertsolaritza herriko beste diziplinekin jorratzen, jende gehiagorengana hurbiltzeko. Egun Udaberriko Bertso Saioa ekitaldi indartsua da

Urte dezente daramatzate Udarriko Bertso Saioa egiten. "Hamar bat bai", Joxe Kruz Labakaren arabera. Hasiera-hasieratik egon da antolaketa lanetan murgilduta, eta saioaren bilakaeraren lekuko zuzena izan da. Hasieran sanpedroetan egiten zuten gazteekin bertsolaritza ekitaldi bat, baina ez zuten asmatu jendea erakartzen, eta udaberrira aurreratzea erabaki zuten. "Orduan proposatu zuten herrian egiten ziren beste jarduerak bertso saioan txertatzea". Ordutik izaera berezia hartu du. Dantza, bakarrizketak, abestiak, eta beste diziplinak nahastu izan dituzte. Aurten Kukuka Antzerki eta Dantza Taldeak parte hartuko du, antzerkia bertsolaritzarekin ezkonduko baitute. 

Asmatu zenuten Udaberriko Bertso Saioaren formatuarekin. Egun saio indartsua eta erakargarria da.  

Bai, erreferentzia diren bi bertsolari etortzen dira beti, eta gero Ane [Labaka], herrikoa delako. Xabi Paya etorri izan da ere; oso ongi moldatzen zen mota honetako saioetan. Ez da saio tradizionala; herrian beste diziplinetan gauzak egiten dituen jendearen ikuskizunak txertatzen ditugu. Ez da bertso saio soila.

Erakusleiho moduko bat bada bertsolaritzarentzat, bertsozaleak ez direnak erakartzeko, ezta?   

Horrexen bila ibili gara, hain justu. Agian badago baten bat bertso saio batera joango ez dena, baina tartean beste diziplina bat sartuz gero, bertsoak gustura entzungo dituena. 

Gainera, diziplinen uztarketa horrek eman du gero beste proiektu eta elkarlanerako oinarria. 

Orain urte batzuk Semblante Andaluzekin egin genuen bertso saio bat elkarlanean, bertsoak zuzenean itzultzen. Besteetan dantzarekin egin izan dugu, aurrekoan trikitiarekin, literaturarekin... Orain bi urte bakarrizketekin egin genuen. Hortik sortu zen Erradikalak gara ekimena. Anek eta Bea Egizabalek ikusi zuten sakondu zezaketela, eta Euskal Herrian bueltaka dabilen ikuskizuna sortu zuten. 

Nola izaten da beste diziplina aukeratzeko prozesu hori? 

Urte hasieran elkartzen gara zer gai jorratuko dugun aztertzeko. Askotan gai bati buruz hasten gara pentsatzen, baina beste puntan bukatzen dugu. Baina gaia edozein dela ere, nabarmentzekoa da jendearen prestutasuna. Oso gutxitan inork eman digu ezezkoa. Alde batetik normala da, jendea urte osoan aritzen baita bere kontuetan, eta horrelakoetan lana ikustarazteko aukera dute. Edozeinengana joan, eta denak daude irekiak ekarpenak egin eta laguntzeko. Ez dakit beste herrietan nola gertatzen den, baina hemen izugarria da herritarren inplikazioa. 

Bertsolaritzak eskaintzen ditu aukera asko beste diziplina askorekin uztartzeko.  

Bai. Agian lehen bertsolaritza bere jardunera mugatua zegoen. Baina orain beste esparruetara ari da zabaltzen, eta ongi etortzen zaio. Herrian bertan, adibidez, Literatur Txokoak urtero egiten du saio bat idazleekin batera. Emakume bertsolariak ere ari dira beste kontu batekin. 

Umeak ere izaten dute lekua udaberriko saioan. Aurten Kukukako gazteak arituko dira.  

Bai, baina aspaldiko kontua da hori. Ostadarreko futboleko nesken kadeteak sartu izan ditugu oholtza gainera baloiarekin txorakeriaren bat egitera. Beste batean igo genituen Beltzak taldearen mutil koskorrak. Dantzan beti egon dira haurrak. Idazleetan gaztetxo bat ere bagenuen. Aurten ere izango dute zeregina. 

Antzerkiari egokitu zaio aurten saioan parte hartzea. Nola antolatu duzue? Zer aukera ematen ditu antzerkiak?  

Esketx txikiak egin, eta batzuetan gaia bera izango da. Beste batzuetan gai jartzailea eramango du bat proposatzera.

Jorratuko al da antzerkigintzan bat-batekotasuna? Agian aktoreak ohitura gutxiago izango dute horretarako. 

Pare batek-edo zerbait inprobisatuko dute, baina lehendik landuko dituzte esketxak. Guri ere komeni zaigu nolakoa izango den jakitea, gai jartzaileak saioa bideratu dezan. Bertsolariek inprobisatzearekin nahikoa dugu. 

Andoki Egaña eta Maialen Lujanbio izango dira Lasarte-Orian. Urte askotan parte hartu dute. Nolakoa da haien harremana saioarekin?  

Oso gustura etortzen dira, haientzako ere oso saio desberdina delako. Deitutako guztietan parte hartzen dute. Urte batzuetan bertsolariak mozorrotuarazi eta haien roletik aterarazi ditugu. Eta, halere, etortzen jarraitzen dute. Harreman estua dute herriarekin; urtean hiru bat aldiz-edo etorriko dira. 

Ane Labakak ere ez du hutsik egiten. 

Herrikoa da, eta berari ematen zaio beste herrietan izaten ez duen aukera. Gainera, beste biekin batera saio batean aritzea ez da egoten bertsolari askoren eskuetan.

Larunbateko saioaren inguruan zerbait aurreratzerik posible al da? Aktoreek kartzelako saioa egin behar dutela zabaldu da. 

Froga bat egingo dugu. Bertsolari bati antzerkitxo bat egingo diote, eta hori izango da berarentzako kartzela gaia. Gero hurrengoa etorriko da, hari ere ahal den pieza antzekoena antzeztuko diote, eta ea hari zer iradokitzen dion. Ikusiko dugu antzerki berdintsua ikusita zer sortzen duten bertsolariek.