Irene Urruzola: "Beste jokalari batzuk haien irudia gehiago saldu zuten"
Ondarroako Udalak sustatuko beka baten bitartez Juanito Urkizu Sustaeta 'Katugorri' futbol jokalari eta entrenatzailearen 50 urteko kirol ibilbidea jaso du lasarteoriatarrak

Juanito Urkizu Sustaeta  Katugorri (Ondarroa, 1901-1982) futbol jokalari eta entrenatzaileari buruzko liburua argitaratu berri du Irene Urruzola Arratibelek (Lasarte-Oria, 1972). Hainbat taldetan ibili zen Urkizu, eta besteak beste, Athleticen lau liga eta zazpi kopa eskuratu zituen. Liburua Ondarroan dago, salgai, baita Lasarte-Oriako Carretero liburu dendan ere. Katugorri-ri eta liburuari buruz solastu gara Irenerekin.

Nor da Juanito Urkizu Sustaeta Katugorri?
Juanito Urkizu ondarroarra zen. Familia onekoa. Bera eta futbola garai berekoak dira. Horregatik, liburuan Estatuko futbolaren sorrerari buruz ere ari naiz. 

Hasieran futbolean ez zen edozein ibiltzen. Hauek Orduñako jesuitetan ikasi zuten, eta hara ezin zen edozein joan. Ingalaterrarekin lotura zegoen bertan, eta horrela hasi zen futbolean. Berak jarraitu zuen futbolean, orduan amateurrak ziren, ez profesionalak. Futbola beste era batera bizitzen zen eta ez zegoen gaur egungo profesionaltasun hori, ezta hainbesteko dirurik ere. Afizioagatik egiten zuten. Gaur egungoarekin ez zuen zer ikusirik. Bai jokalari, baita ikustera joaten zirenentzat ere beste gauza bat zen. Futbolaren hasierak ziren. 

Osasunan hasi zen. Futbolaren sorrera ulertzeko ondo dago, ze ez da gaur egun bezala. Berak Osasunan bost urte egin zituen, baina tarte horretan Espanyolekin Ameriketara jira bat egitera joan zen eta beste bat Real Madrilekin. Esaterako, Realarekin ere jokatu zuen partida bat. Gaur egun hori ez da ulertzen. Orduan taldeak beste taldeetako jokalariekin indartzen ziren. 

Garai horretan, euskal futbola eta katalana zeuden; eskolarik garrantzitsuenak ziren. Eta Madrilen zegoen beste eremua. Hiru gune horiek zeuden. Horien artean zegoen Estatuko garailea. Ez da gaur egun bezala. Bertako jendearekin jokatzen zen. Garai horiek dira pixka bat kontatzen direnak.

Garai hartako abenturak ere kontatzen ditut. Ameriketara egin zuten bidaia jarraitzen duzu eta bidaiko komeriak ezagutu ditzakezu. Gero han mugitzeko… irakurtzen duzu eta gaur egun ordu gutxitan egiten den zerbait, orduan pentsa…

Futbolaren garapena amateurretik profesionalera bizi zuen, ezta?

Real Madrilen profesionalizatze bide horretan hasten dira; 1927tik 29ra da hori. Berak lortzen du Athleticera bueltatzea. Berak etxe ondoan egon nahi zuen. 1929an da hori. Horiek dira Atheticen garairik onenak. Entrenatzailea mister Petland zen eta, Urkizu jokalarietako bat izan zen. 1935era arte izan zen jokalari.

Horren harira, futbolean baloreak nola aldatu diren ere ikusi daiteke. Orduan ez zegoen oraingo handi nahirik edo aurrekonturik, galtzerdi soil batzuekin jokatzen zuten. Lehiakortasuna handitzen joan zen heinean, egurra ematen hasi ziren eta orduan zango-babesak erabiltzen hasi ziren.

Noiz hasi zen entrenatzaile lanetan?

Gerra izan zen eta jendea sakabanatu egin zen. Gerra ondoren, Roberto Echevarriak hartu zuen taldea eta oso gutxi iraun zuen. Juanitori deitu zioten taldea hartzeko eta berak osatu zuen aurrealde mitikoa: Iriondo, Zarra, Panizo… 

Hauek guztiak Athleticeko garairik onenak dira. Gerra aurrekoak eta ondorengoak, lau liga eta zazpi kopa.

Ostean, Barakaldo, Oviedo, Murtzia, Aurrera, Levante, Ourense, Alaves... Aurreran esate baterako, nahiz eta historial handia izan, doan egon zen. Herriko taldeari laguntzeko egin zuen. Garaiak desberdinak dira, gauza bakoitza bere testuinguruan ulertu behar da. 50 urte egitea ez da erraza.

Zergatik deitzen zioten Katugorri?

Mister Petlandek jarri zion ezizena dirudienez. Ile gorria zen Juanito eta oso mugitua. Aurpegia ere gorri jartzen omen zitzaion eta horregatik ezizena. Guri Katugorri bezala iritsi zaigu; garaiko prentsan Gato rojo.

Nola sortu zen liburuaren proiektua?

Ondarroako Udalak ekimen bat sortu zuen, urtero beka bat emateko kirolarien memoria biltzeko eta horietako bat izan zen Juanito Urkizurena. Deialdia 2014an egin zen eta 2015ean aurkeztu nuen lana.

Egile eskubideak nire esku egon direnean guztia mugitzen hasi naiz. Horrelako lana egin eta gero, pena da emaitza ez ikustea. Ero moduan liburua nola argitaratu begiratzen izan naiz. Autoekoizpena izan da. Duela hamabost egun argitaratu zen. Emaitzarekin oso gustura nago

Nola jakin zenuen deialdiari buruz?

Nik pertsonaia ezagutzen nuen. Ondarroarekin harremana dut eta beka atera zenean, komentatu zidaten. Proiektua aurkeztu nuen eta irabazi nuen.

Zenbat denboran egin behar izan zenuen lana?

Sei hilabete izan nuen egiteko. Sei hilabete zertarako den arabera denbora asko da, baina informazioa oso sakabanatua zegoen, talde pila askotan egon zen entrenatzaile eta jokalari bezala eta zoramena izan zen. Astelehenetik igandera topera bukatzeko.

Batetik bestera ibili zara, orduan?

Bai, horrela da. Talde guztietako artxiboak pasa ditut, ze liburuetan ez dago gauza handirik Urkizuri buruz. Gauzaren bat aurkitu dezakezu, baina datatan ere ez dira ados jartzen. Horrela ezin nuen ezer egin eta iturrietara jo behar izan nuen. Ze eskolatan ibili zen, udalak… pentsa noizko kontuak diren. 

Liburua biografia da. Koherentzia bat emateko datak eta datuak zehatzak izateko, horrela egin behar zen. Deusto, Osasuna, Real Madril, Euskal Selekzioa, Espainiako Selekzioa, Athleticen ditu urterik garrantzitsuenak jokalari eta entrenatzaile bezala, Athleticeko historian titulu gehien dituen pertsona da. Erretiroa hartu arte Ondarroako Aurreran jarraitu zuen.

Paperezko iturriak jaso zenituen bakarrik?

Artxiboez gain, bera ezagutu zuten ahal zen pertsona gehienekin hitz egin nuen. Abenturak eta gauzak ezagutzeko. Entrenadore bezala bere jokalari izan zirenak, horiek dira bizirik daudenak, 40eko hamarkadan jaiotakoak, futbolaren inguruan dabilen jendea, Ondarroako jendea eta familia. Lan polita, oso polita izan da.

Bere bizitza pertsonalari buruz ere hitz egiten duzu, orduan?

Bere bizitza pertsonalari buruz gutxi dago. Hasieran sarrera moduko bat dago, testuingurua kokatzeko, bere familia herrian kokatzeko. Ze garai horretan, esan bezala, nor hasten zen futbolera jokatzen. 

Familiak laguntzen dizu eta etxekoek nola bizi izan duten jakiteko haiekin hitz egin nuen, baita berak nola bizi izan zuen jakiteko ere. Prentsa pila dago, baina familiarekin hitz eginda bakarrik jakin dezakezu, esate baterako, 70 urterekin ehun baino gehiago flexio egiten zituela. Kirol diziplina zuen pertsona bat zen eta oso barneratua zuen hori. Horrelako xehetasunak familiak bakarrik eman ditzake, zail izango da hori prentsan aurkitzea.

Aipatu duzunez, Juanitori buruz ez dago informazio askorik...

Bera ez da izan oso protagonista, beste entrenatzaile edo jokalari batzuk bere irudia gehiago saldu zuten. Berak Athletic maite zuen izugarri. Izan zen talde guztietan utzi zuen bere arrastoa, baina berari gustatzen zitzaiona zen bere herrira joatea eta arrantzan ibiltzea. Beste batzuk bizitza paralelo bat egin zuten, publizitatea edo beste istorio batzuetan sartu ziren, baina berak garbi zeukan herrikoa zela.

Hitzaldia ere eskaini behar izan zenuen lana aurkeztean, ezta?

Lanak eskatzen zuen aurkezpena egitea herriaren aurrean. Eta egindako lana eta topatutakoa jendeari erakutsi genion. 

Lana aurkeztu nuenean 40 minutuko dokumental batekin batera egin nuen. Baina dokumentala ez da argitaratuko. Hitzaldian erakutsi genuen. 

Elkarrizketak dira Athleticeko jokalariei, familiari, Ondarroako jendeari edo herriko bere jokalariei egindakoak. Horiek kontatzen dute: “Jo ba hau eta hau egiten zigun entrenatzaile zenean”. 

Baina ez da Juanitoren bizitzan oinarritu duzun bideo lan bakarra izan, ezta? Hako hako dokumentala ere egin zenuen.

Bai, horrela da. Thinking Football Film Festival jaialdian parte hartzeko aukera sortu zen eta Hako hako dokumentala egin nuen. Arte Ederrak ikasi nituen eta liburuzaina naiz. Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian egiten dut lan. Herri txiki bateko liburutegia da, baina ez da ohiko liburutegia. Arte erakusketak, tailerrak… antolatzen ditugu. Bertan bideoak ere egiten ditugu eta hortik etorri zen dokumental motza egitearen ideia. 

Nire lan ibilbidearekin eta lan hau egiterakoan izandako esperientziekin konturatu nintzen hainbat gauzetaz. Ondare pila bat dago. Horren atzean bilketa lan handia. Artxiboak sortzen lana dago. Ez bakarrik dokumentu fisikoak, baita ahozko lekukotzak ere. Ez badira jasotzen, gero jende hori hiltzen denean galdu egiten da. 

Eta niri hori gertatzen ari zitzaidan nire lanean. Gauza asko bildu ditut, baina pertsona batzuk 80 bat urte dituzte eta orain ez bada hau egiten hori dena galdu egingo dela konturatu nintzen. Eta horrekin lotutako zerbait egin nahi nuen Hako hakon.

Hortaz aparte, Hako hako Ondarroako esamolde bat da, Aspaldi, aspaldi esan nahi du. Ondarroako hiztegia oso aberatsa da, lan handia egiten ari dira euskararen inguruan eta oso polita iruditu zitzaidan hori ere islatzea.

Zer ikusi daiteke bideoan?

Bi minutuko topea genuen. Ume bat ateratzen da garaiko patata-soro batean. Ze lehengo futbol zelaiak ez ziren oraingoen antzekoak, eta guztiek diote patata-soroak zirela. Bere aitonak beste garai bateko kontuak kontatzen dizkio, bera saiatzen da guztiak gogoratzen, baina aitonari gauzak ere ahaztu egiten zaizkio. Eta inork ez baditu gauza horiek biltzen, iritsiko da momentu bat, non izar horiek guztiak galduko diren, ez direnak ezagunak izango. 

Aipamen berezia lortu zenuen lanarengatik eta San Mamesen ikusi ahal izan zen.

Bai, birentzat eman zizkiguten gonbidapenak. Oso hunkigarria izan zen San Mamesen bideoa ikustea. Oso polita izan zen. San Mamesera bueltatu zen Urkizu. Oso sinbolikoa eta polita izan zen.

Durangon autoekoizleen gunean izan zara. Zer moduzko esperientzia izan da?

Erakusleiho bat da guretzat, ezezagunak garen jendearentzat, lehen diska edo liburua argitaratzen dugunentzat. Eta pozik nago jendearen erreakzioarekin ere.
Jende pila ezagutzen duzu ere, zuk bezala proiektua ateratzen dutenak, dendetako jendea, etab.

Esperientzia oso polita de eta hor egon behar da. Bertatik pasatzen den jende guztiari zure lana ezagutzera ematen diozu.

Orokorrean azokara jende pila hurbildu zen eta gure erakusmahaira ere. Saltzea zaila da. Famatuek saltzen dute gehien.

Pozik nago ere antolakuntzak bere aldetik egiten duenarekin. Gu prentsan agertzeko egiten duen lana… Oso gustura sentitu naiz. Erosle bezala joan izan naiz eta orduan ez duzu pentsatzen atzean dagoen lana. Baina beste gauza bat da zuk barrutik bizitzea.

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Gazteen entsegu-lokalei buruzko bilera
    Lasarte-Oriako Udalak Gaztelekuan dauden entsegu-lokalen eskaera egin dute taldeak uztailaren 27an, arratsaldeko 18:30ean bilera bat egitera deitu ditu. Bileran lokalen erabilerari buruzko azalpenak eta entseguen egutegi eta ordutegia osatuko da.
  • Lasartearra elkarteko bazkidearen eguna
    Lasartearra elkarteak bazkidearen eguna antolatu du uztailaren 31n, San Inazio egunean: 11:30ean, txakolina edango da elkartean. 11:45ean, zendutako bazkideak gogora ekarriko dituzte ekitaldi xume batekin. Ostean, txupina eta auzoko tabernatan poteoa egingo dute, trikitilariek lagunduta. 14:30ean, bazkaria izango da elkartean. Bazkarian parte hartzeko bazkideek izena eman eta 20 euro ordaindu behar dituzte. Inskripzioa uztailaren 26a baino lehen egin behar da Lasartearra elkarteko bulegoan.
  • Hernani bidea itxiko dute
    Aurrera doaz Zabaleta Berriko lanak. Jarraitzeko, ordea, Hernaniko bidea itxiko dute. Lanen zuzendariak Txintxarri-ri azaldu dionez, hurrengo astetik aurrera itxiko dute bide hori. Hain zuzen, Pepenea baserria eta Hernaniko muga bitartean egongo da itxita. Baimena eskatu dute dagoeneko udalean, eta jaso bezain pronto itxiko dute errepidea. Ondorioz, astelehenean edo, beranduenez, asteartean ezin izango da errepide hori erabili. Bide alternatiboak jakinarazteko seinaleak jarriko dituzte. Hilabete pare bat behintzat egongo da itxita. Lanetako zuzendariak azaldu duenez, baimena iraila bukaera arte eskatu dute, baina litekeena da lehenago amaitzea.
AZKEN PDFa
1430 ( Uztailak 20 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Acha-Orbea ( Larunbata)
Hipodromo etorbidea 6
Tel: 943 363549
ASTEA
    • Acha-Orbea ( Igandea )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • De Miguel ( Astelehena )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Lasa ( Asteartea )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Gil ( Asteazkena )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Acha-Orbea ( Osteguna )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Gandarias-Uribe ( Ostirala )
      IƱigo de Loyola 9
      943 019521
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48