Iraia Iparragirre: "Historia egin dugu, eta parte sentitzen naiz"
Denboraldi hasiera zaila izan du lasarteoritarrak, baina ongi borrokatuta lortu du tokia egitea hamaikakoan. Igandeko partida ez du berehalakoan ahaztuko: "Izugarria izan da"

Urrats asko daude egiteko, baina tarteka albiste pozgarriak izaten dira; joan den igandean Anoeta bete zen, Realaren eta Athleticen arteko derbian. Lehen aldiz jokatu zuten emakumeek estadio horretan, askok mugarritzat jotako partidan. Denboraldia erdipurdi hasi arren, bigarren itzulian Iraia Iparragarrire (Lasarte-Oria, 1995) ezinbestekoa izan da talde txuri-urdinean. 90 minutuak jokatu zituen partida historiko horretan. 

Nolakoa da Anoetan jokatzea 21.500 zaleren aurrean? 

Izugarria da. Aspaldi ez nituen horrelako sentsazioak eduki, Realean debutatu nuenetik. Horrenbeste jende emakumeei animatzea historikoa da. 

Horrenbestez, bi partida izan dira zuretzako bereziak, debutarena eta igandekoa. 

Esaten da batzuetan tximeletak izaten direla sabelean. Sentsazio hori eduki nuen igandean. 

Alderaketak ez dira beti egokiak izaten, baina Xabi Prietoren agurrean baino jende gehiago erakarri zenuten. 

Bai, entzun dut denboraldian ez dela horrenbeste bete. Historiaren parte izan da. Jendea etorri da emakumeak animatzera Anoetara, gizonen futbol zelai batera. 

Mugarri bat izan al daiteke aurrerantzean Anoeta soilik mutilen zelaia ez izateko? 

Pauso txikiak ematen ari gara, eta hau oso handia izan da. Ez dut esan nahi honekin Anoetan jokatuko ditugunik partida guztiak. Baina espero dut norgehiagoka garrantzitsuak, derbiak eta partida bereziak, hor jokatzea. 

Emaitza bakarrik falta izan zen. 1-4 galdu zenuten. 

Zer esan dezaket… Athleticek oso talde ona du, eta ez du bat bera ere barkatzen. Oso ondo ari ginen aurre egiten, baina kasualitatez iritsi zen gure atean sartu genuen gola. Ez genuen merezi horrenbeste gol jasotzea. 

Espainiako Kopan berriro izango zarete aurrez aurre larunbatean. 

Jakin nuenean haien kontra jokatuko genuela, errebantxa gogo izugarria sartu zitzaidan. 

Igandeko partidara bueltatuta, diozu pauso txikiak ematen ari zaretela. Baina oraindik badago bidea egiteko. Adibidez, Realaren ereserkiak ez zaituztete aipatzen. 

Klub guztietan gertatzen da gauza bera. Azken finean, mutilen lehen  taldeak ematen dio guztia, bai ekonomikoki, baita beste gauza askotan ere. Mutilen ligak diru asko mugitzen du. Bere garaian ereserkiko kanta egin zenean haiengan bakarrik pentsatu zuten. Badago beste bat mutilak eta neskak hartzen dituena kontuan: Porrotxen Itsaso txuri-urdina. Nire ustez, hemendik gutxira aldatzea posible izango da.

Orain bi urte TXINTXARRI-k eginiko elkarrizketan baikor agertu zinen, pausoak emango zirelakoan. Bete al dira pauso horiek? 

Bai, asko gainera. Gaur egun emakumeen ligan askoz ere lehia handiagoa dago. Geroz eta zailagoa da lehenengo mailan egotea. Ni horren parte naiz, eta pribilegiatu bat sentitzen naiz. 

Historia horren parte sentitzen zara? 

Bai. Eta zer esanik ez joan den igandeko partidaz. Harrobikoa naiz, eta Anoetan jokatu dut. Lehenengo derbia zen niretzako. 

Beste herrialde batzuetan profesionala da emakumeen futbola. Nola da hemengo egoera? 

Gu bagara profesionalak. Kontratu profesional bat dugu; Reala izan zen lehenengotarikoa hori eskaintzen. Baina gauza bat da profesionala izatea, eta beste bat futboletik bizi ahal izatea. Espainiako ligan badaude talde eta jokalari batzuk futboletik bizi direnak, baina beste asko ez. Hor ere pixkanaka bagoaz pausoak ematen. Gutxiengo soldata baten alde borrokatzen ari gara… Denboraren poderioz lortuko dugu. 

Zure kasuan, nola uztartzen duzu futbola bizimoduarekin? 

Gauza garrantzitsuena bezala jartzen dut futbola. Ordu asko kentzen dizkit; ia egunero entrenatzen dugu, eta gutxi gorabehera arratsalde guztia hartzen dit. Ikasketak eta lana uztartu behar ditut, zeren soldata nahikoa ez dugu; etxetik joan nahiko nuke, baina Realak ematen didanarekin ez zait iristen. 

Zazpigarren egin duzue ligan. Zer balorazio egiten duzu? 

Gauza asko ikasi ditut urte honetan. Beltzetik zurira pasa ginen bigarren itzulian. Eta guk lortu dugu, jokalariok. Entrenatzaile aldaketak izan dezake eragina, txip aldaketa delako. Baina gu gara jokatzen dugunak. Lehengo urtean baino postu hobea egin dugu. 

Ligako lehenengo zatian ez duzu jokatu.   

Beti eduki dut jarrera baikorra. Jokatu ez arren, beti borrokatu dut hamaikakoan postu bat irabazteko. Azkenean Gonzalok [Arconada entrenatzaileak] nigan egin zuen apustua Atletico Madriden aurka, eta geroztik partida guztiak jokatu ditut.

 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Xumela koruko entseguak
    Xumela koruak hasi du ikasturte berria. Euskaraz eta ongi pasatuz kantatu nahi duen guztiak ateak zabalik ditu astelehenero 19:30etatik 20:30etara.
  • Tabernei deialdia Euskal Jaietan
    Azaroaren 10ean izango dira Euskal Jaiak. Herriko taberna guztiak gonbidatzen ditu Euskal Jaien Lantaldeak festa eguneko egitarauan parte hartzera. Alde batetik, pintxo-potea eginez. Bestetik, gaua girotzeko ekitaldi bereziak antolatuz, betiere Euskal Jaien ezaugarriak kontuan hartuta.
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
IRATI
Zorionak eta muxu asko zuretzat, famili guztiaren partez.
AZKEN PDFa
1437 ( Urriak 19 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
De Miguel ( Astelehena)
Kale Nagusia 32
Tel: 943 371151
ASTEA
    • Acha-Orbea ( Asteartea )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Urbistondo ( Asteazkena )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Gandarias-Uribe ( Osteguna )
      IƱigo de Loyola 9
      943 019521
    • Orue ( Ostirala )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Lasa ( Larunbata )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Lasa ( Igandea )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48