Intza Fernandez: "Gogoko dut olatuekin arraun egitea; hasteko irrikaz nengoen"

Adrian Garcia 2017ko ira. 15a, 13:15
Ziabogan izandako arazoak gorabehera, gustura dago Fernandez Kontxako Banderako emaitzarekin. Onartu du Donostiarraren lehen urtea "gogorra" izan dela

Arraunlari gaztea da Intza Fernandez (Lasarte-Oria, 1996), baina dagoeneko bi Kontxako Banderetan lehiatu da. Ez da lehiaketa garrantzitsuagorik arraunean, eta uneaz gozatu du Fernandezek. Gainera, ahazteko zaila izango du Kontxan jokatuko bigarren txanda, olatu dantza baten erdian arraun egin baitzuen Donostiarra traineruan.     

Berezia izan behar du Kontxako Banderan lehiatzea, ezta? Bitan egin duzu dagoeneko. Zer sentsazio eragiten du horrelako estropada batean aritzeak?  

Oso desberdina da. Gure estropadetara jende gutxi joan ohi da ikustera. Baina Kontxakoa izugarria da, gertutik nabaritzen duzu jendearen babesa. Denboraldia amaitzen dugu Kontxan, eta sari baten antzekoa da. Urte osoa gaude Kontxako Banderari itxaroten. 

Aurtengo estropada denbora luzez gogoratuko da, batez ere, bigarren txandan izandako itsaso zakarragatik.  

Niri gustatzen zait horrelako itsasoarekin arraun egitea. Beldurrik ez nuen, irrikaz negoen estropada jokatzeko. 

Proba bertan behera uzteko zorian egon ziren. Urduritasun uneak izango ziren haiek, ezta?

Bai, baina ni nahiko seguru nengoen jokatuko zela. Ez zitzaidan burutik pasa bertan behera utziko zutela. 

Zure ustez, ongi egin al zuten proba bertan behera ez uzten? 

Nire ustez, bai. Itsasoa arriskutsua zegoen, baina segurtasun neurri asko hartu zituzten. Traineru bakoitzaren atzetik sorosleak zihoazen, txalupa batean. Trainerua iraultzea oso zaila da, baina arriskutsua da patroiarentzako, zaila duelako orekari eustea. Gogorragoa ere bada estropada, ziabogara iristea gehiago kostatzen du. 

Baten batzuk kexatu ziren itsasoa arriskutsuegia zegoela eta. 

Iaz jokatu genuen estropada bat horrelako baldintzetan, Zumaian. Gainera, bandera irabazi genuen.  

Ziabogan arazo batzuk izan zenituzten joan den igandean.   

Ziaboga iritsi aurretik, barrutik ematera gindoazen. Urduritasunagatik edo, patroiak ez zituen aginduak behar bezala eman: ababorrak tiratzeko esan zuen, baina istriborrak tiratu behar zuen. Geldi egon ginen, eta kanpora atera behar izan genuen. Gainera, aurrekoari  [ziabogan bira ematen laguntzen dionari] arrauna hautsi zitzaion. Zabalegia egin genuen ziaboga. 

Horrelako itsasoarekin, ezinbestekoa izango da patroiaren eta arraunlarien arteko erabateko koordinazioa.   

Bai, eta aurreko arraunlariak lagundu egin behar dio, trainerua gehiegi ez desbideratzeko. 

Zer moldaketa egin behar zaizkio traineruari itsaso txarrarekin aritzeko?  

Palka handiago bat jarri behar izan genion, ur gutxiago sartzeko brankatik. Gero, seigarren postuko bi arraunlariak gerrikoarekin lotuta joan ziren. Aldeetatik ere babesak jarri genituen, ur gutxiago sartzeko, eta, ur-ponpak, ura ateratzeko. 

Azkenean, zazpigarren geratu zarete. Gustura al zaudete emaitzarekin?

Balorazioa ona da. Kontuan edukita ziabogan eduki genuen geldialdi hori, ez da postu txarra. Gustatuko zitzaigukeen bosgarren-edo sailkatzea, baina baldintzak ez dira eman. 

Gasteizen ikasten duzu. Nola uztartzen dituzu ikasketak eta entrenamenduak? 

Elikagaien Zientzia eta Teknologia ari naiz ikasten. Neguan entrenamendu fisikoak izan ohi dira, gimnasioan egitekoak. Bakoitzak bere kontura entrenatzen du, eta nik entrenatzaileak bidaltzen dizkidan entrenamenduak egiten ditut. Gero, asteburuan ateratzen naiz uretara taldekideekin. Udaberri aldean ostegunetan saiatzen naiz itzultzen, eta soilik bi entrenamendu galtzen ditut. Gimnasioan egiten dut haiek uretan egiten dutena. 

Entrenamendu batzuetara huts eginda ere, arraunlari finkoa zara traineruan.  

Bai, eskarmentu handienetarikoa duen arraunlaria naiz. Normala da finkoa izatea. 

Aurten seigarren urtea duzu arraunean. Zerk bultzatu zintuen paladak ematera?   

Kontxako estropadak ikusten ari nintzen, eta bat-batean okurritu zitzaidan. Beste kirolak ez zaizkit gustatzen, eta proba egitea erabaki nuen. 

Zer da arraunetik gehien gustatzen zaizuna? Zerk erakartzen zaitu?    

Inoiz ez da guztiz ikasten ondo arraun egitea. Beti dago zerbait hobetzeko. Horrek behartu egiten zaitu zure buruari gehiago eskatzera, eta harrapatu egiten zaitu horrek. 

Getaria-Zarautz taldean ibili zinen iaz, taldea desagertu zen arte. Une zailak izan al ziren haiek?   

Bai, zeren bloke indartsua egin genuen, eta pena izan zen taldea uztea, emaitza gero eta hobeak lortzen ari baiginen. Baina gero erraza egin zitzaidan taldea aurkitzea, Donostiarrak emakumeen taldea atera nahi zuelako. 

Traineru berria da Donostiarrarena. Nolako urtea izan da?    

Nahiko gogorra. Azkenean lortu dugu nahiko maila ona erakustea, baina ez da erraza izan. Jendeak ez zuen esperientzia handirik, eta lanak izan ditugu entrenatzeko trainerua osatzeko. Halere, espero genuena baino maila hobea eman dugu.

Gainera, emakumeen trainerua dela eta, giroa gaiztotu da Donostiako taldeen artean. 

Saiatu gara albo batera geratzen, eta kasu gehiegirik ez egiten polemikari. Saiatu naiz horretaz ez hitz egiten, baina azkenerako erreta amaitu dut. Kanpotik asko astindu gaituzte.  

Hurrengo urteari begira, zer helburu dituzu?    

Arraunean jarraituko dut, baina ez dakit non. Getaria-Zarautz utzi nuenean, banuen buruan maila altuagoko traineru batean hastea. Jakin arren zaila izango dela postua irabaztea, gustatuko litzaidake lehia horretan sartzea, gehiago ikasteko.