Korrikalariekin batera, lasterketako irteeran hasi ohi dute euren krosa, kazetariek ere; beste erritmo batera, baina lasterketa ederra izan ohi da eurentzat ere urriko azken igandeko hitzordua.
Lasterkarien denborak, eta korrika saioak une izoztu bihurtu, eta Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian gertatutakoak herritarrei ahalik eta finen kontatzeko ahaleginetan, probaren bozgorailu izaten dira, eta lan horren aitortza gisa, aurtengo omendu gisa aukeratu ditu Ostadar SKT-k Txintxarri aldizkaria, eta Txema Valles Diario Vasco-ko kazetaria.
Omenduekin izan da Txintxarri ekitaldiaz solasean.
Nola jaso duzue 1 zenbakidun dortsala ematearen notizia?
Iñigo Gonzalez: Niretzako sorpresa handia izan da, baita harro egoteko motibo bat ere. Zalantzarik gabe, Lasarte-Orian urtean zehar egiten diren ekitaldi handienetariko bat da, lasarteoriatar bati zirrara gehien sortzen dion ekitaldietako bat.
Gogoan dut Txemaren bitartez jakin nuela 1 zenbakidun dortsala eramateko eskaintza egingo zigutela. Sorpresaz hartu nuen berria, emozioz.
Txema Valles: Sorpresa handia izan da. Krosaren berri ematea gure lana da. Herrian gertatzen denaz informatzeko gaude, eta nola ez, krosaren berri ematea ere badagokigu.
Zerbaitetan eragingo al du lehen zenbakiarekin joateak? Diferentea izango litzateke beste edozein zenbakirekin korrituko bazenute?
I.G.: Omenaldi eta eskertza gisa 1 zenbakidun dortsala emateak lasterketan korrika egitera bultzatu nau. Azken batean, urte osoan herriarentzat hainbeste lan egiten duten komunikabideen errepresentazio gisa aterako gara, biok elkarrekin.
T.V.: Aurtengoan, 1 zenbakidun dortsala eman izanak berriz ere krosa korri egitera bultzatu nau, zazpi urte eta gero. Belauna apurtua daukat, eta ezin dut korrikarik egin, baina salbuespen bat egingo dut, entrenatu, lasterketa korritu eta atletismotik erretiratzeko.
Nola doaz prestaketak?
I.G.: Nik entrenamendu espezifikoak kroserako ez ditut egin. Futbolean aritzen naiz, eta saio horiek aprobetxatzen ditut. Astean hiru egunetan entrenatzen dugu ordu eta erdiz, eta asteburuetan izaten ditugu norgehiagokak. Pasa den urtean ere horrela joan nintzen lasterketa korritzera, eta sentsazio onak izan nituen.
Egia da orain arte lesio bat izan dudala, eta, ez dut aurreko urteetan bezala aurre denboraldirik egin, eta zertxobait justuago ibili naiteke agian aurten, baina lasterketa osoa egiteko espero dut nahikoa izatea.
T.V.: Nire burua ondo ikusten dut. 1 zenbakidun dortsala eramango nuela jakinarazi zidatenetik hasi naiz entrenatzen. Pare bat korrika saio luze egin ditut, eta eguna iritsi aurretik, beste pare bat egitea aurreikusten dut.
Dena den, belauna hautsi nuenetik pare bat urte daramatzat spining egiten, eta horri esker sasoian mantentzea ondo lortzen dut.
Lehia egongo da elkarren artean?
I.G.: Kronometroak alde batera utzita, gozatzea izango da helburua. Gu bion artean ez dut uste lehiarik egongo denik, baina lasterketan zehar, lagunen artean, lehia sanoak egongo dira, bai.
T.V.: Lehiarik ez. Iñigo izango da nire erritmoa kontrolatu, eta nik lasterketa behar bezala amaitu ahal izateko esku bat botako didana. hamar kilometroko lasterketa honetan, erraz atera diezazkidake 5-10 bat minutu Iñigok, baina frenoarekin joango dela pentsatzen dut, elkarrekin joateko.
Emozioz beteriko lasterketa bat izango da; historikoa. Hau behin gertatuko da, ez da bueltatuko.
Elkarrekin egingo duzue lasterketa orduan...
T.V.: Bai. Politena lasterketa elkarrekin egitea izango da. Kasu honetan ez goaz elkarren artean lehiatzera. Gauza sinboliko bat da aurtengo gure parte hartzea, eta beraz, logikoena elkarrekin korritzea da.
Denborak izango al du garrantzirik zuentzat?
I.G.: Hasiera batean behintzat ez. 1 zenbakidun dortsala eramateko aukeraz gozatzea izango da garrantzitsuena.
Zenbatgarren aldia da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiean parte hartzen duzuela?
I.G.: Bigarren aldia izango da aurtengoa niretzat. Iragan urtekoa korritu nuen lehen aldiz, Txintxarri-rentzako. Krosa baino pare bat aste lehenago lasterketa barruko ikuspegi bat eskaini genezakeela bururatu zitzaigun. Herriko lasterketa hau behingoz korritzeko izugarrizko gogoak nituen, eta horrela egin nuen. Iragan urtean egin nuen debuta, eta izugarria izan zen. Entzunda nuen ikusten ari den jendearen animoek bultzada handia emetan zutela, baina bizitzen den arte ezin da hala dela ziurtatu, eta nik, hala bizi izan nuen lehengo urtean.
Eta bigarren parte hartzea, ba begira nolakoa! Aurtengo omenduak izanda korrika egitea berezia izango da oso. Hemendik aurrerako parte hartzeak ezingo dira hobetu!
T.V.: 2008. urtera arte egin diren lasterketa guztiak korritu ditut. Urteren batean zuntz-hauste baten ondorioz uste dut ezin izan nuela korrikarik egin, baina ez naiz ondo gogoratzen. 2009an belauna hautsi nuen, eta ordutik hona ezin dut korrikarik egin.
Nolako esperientziak izan dira?
I.G.: Iragan urtekoa oso esperientzia polita izan zen niretzat, eta aurtengoa ere bereziki ona izatea espero dut.
T.V.: Oso onak! Niretzako Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia eta Behobia-Donostia lasterketa kirol osasuna, eta osasun mentala mantentzeko pizgarri izan dira beti. Kirola egiteko motibazioa izan behar da, eta niretzako, urteroko motibazioa Behobia-Donostia lasterketa prestatzea izaten zen, eta prestaketa horrek Lasarte-Oriako krosa barne hartzen zuen.
Atletismoko festa handia da Lasarte-Oriako krosa.
Berezia da lasarteoriatar batentzat krosa korritzea?
I.G.: Lasarteoriatar guztientzat oso berezia da, bai. Azken finean, denborak lortzera etortzen diren korrikalariak aritzen dira, baina baita herriko jendea ere. Korrikalari profil ezberdinak biltzen dituen kirol proba da krosa. Minimo batzuen barruan, baina mota guztietako jendeari ematen dio lasterketa batean parte hartzeko aukera.
T.V.: Zure txokoan korrika egitea baino gauza hoberik ez dago, beti ere ondo bazaude, noski.
Norgehiagokak kirolaren zati politenak izan ohi dira; egindako esfortzua saritzen duten ekintzak izaten dira.
Krosaren berri ematea nolako lana da kazetaritzaren aldetik?
I.G.: Herrian hain adierazgarri izan ohi diren beste zenbait ekintzekin batera (Euskararen maratoia, festak…), Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia kubritzea oso esperientzia ona izan da niretzat, beti.
Beti duzu ardura puntu hori ere. Txintxarri-n beti aritu gara kazetari bat baino gehiago, eta koordinazio lanari esker ondo moldatu izan gara beti.
Alde batetik bestera korrika ibili behar da, lasterketako ahalik eta puntu gehienetara heltzeko, eta izerdi gehiago bota izan dut kazetari lanetan aritu naizenetan, lasterkari gisa atera naizenetan baino.
Honekin batera, jendearekin ematen den tratua ere polita izaten da. Senitartekoen argazkiak erakusteko eskatzen dizute, eskerrak ematen dizkizute, eta hori ere polita izaten da oso. Beste zenbait kasutan, ilunpean gera liteken lana azaleratzen da egun horretan. Kazetari batentzat oso atsegingarria da jendea pozik, eskertua ikustea.
T.V.: Saltsa barruan sentitu izan naiz beti. Lanean edo korrika, beti sentitu izan naiz lasterketaren parte. Hor ibili izan naiz beti, erdian.
Beste lasterketaren batean parte hartu duzue inoiz?
I.G.: Txikitan parte hartu nuen zenbaitetan, baina gerora, futbolean zentratu naiz eta horrekin aritu naiz gehienbat.
T.V.: Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaz gain, 22 Behobia-Donostia eta hiru Donostiako maratoi korritu ditut. Horrekin batera, beste zenbait kros herrikoietan ere parte hartu izan dut, Herrerakoan, besteak beste.
Aurtengo berrikuntzen artean, ibilbidean izango dira zenbait aldaketa.
I.G.: Ibilbide aldaketek beti eragiten dute inpaktuaren bat lasterketa hauetan. Kros honetan gainera, orain arteko ibilbidea urte luzeetan zehar mantendu da, eta jende ugari egongo da erreferentziak hartuta edukiko zituena.
Hala ere, ibilbide aldaketa honek kros herrikoiaren garapenaren isla ere badela esango nuke. Izan ere, kirol diziplina gehiago hartzen ditu Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiak, eta horren erakusleiho ere bada ibilbide aldaketa.
T.V.: Azkarragoa izango da aurtengo krosa, baina horrek ez du esan nahi errazagoa izango denik. Denborak lortzera doan jendearentzat lasterketa azkarrak okerragoak izan ohi dira, izan ere, jendeak estutu egiten du. Horrek erritmo bizkorrean korri egitea dakar, eta esfortzu handiagoak egin behar izaten dira.
Beste urteetan izan ez den zailtasunen bat izan liteke aurten?
I.G.: Ez dakit zein puntutaraino identifika ditzakedan egon daitezkeen zailtasunak, baina nire kasuan, lehengo urteko esperientzia kontuan hartuta, sentsazioak ezberdinak izango dira ibilbide aldaketarekin. Hau parte hartzaile askori gertatuko zaiola uste dut.
T.V.: Ez… azkarragoa izango da. Jaitsiera eremu dezente izango dira, eta niretzako igoera zatiak baino okerragoak dira jaitsierak. Belaunentzako eta hankentzako okerragoak izan ohi dira, izan ere, jaitsierak lesio gehien sortzen dituzten eremuak izaten dira. Gorputza gehien zigortzen dute jaitsierek.