"Indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira haurrak"

Adrian Garcia 2018ko aza. 25a, 10:00
Seme-alabak babesten jarri ditu indar guztiak Garazi Uribek. "Ez dituzte biktimatzat hartzen". Haren arabera, sistemak huts egin du:"Astero hiltzen dituzte emakumeak"

Negar asko egin du, eta oraindik ere kosta egiten zaio malkoei eustea pasatako amesgaiztoa gogora ekartzean. "Negar egiteak ez du esan nahi ahula izatea". Hain justu, emakume indartsua eta ausarta da Garazi Uribe. Horiek ez dira bere benetako izen-abizenak; indarkeria matxistaren biktima da, eta ez dio lotsarik ematen aitortzeak. "Lotsa aspaldi galdu nuen. Ixilik geratu banintz ez nintzen bizirik aterako". Baina seme-alabak ditu haren kargu, eta haiek babestearren erabaki du anonimotasuna gordetzea. "Umeak dira biktima zuzenak, bizi izan duten guztiagatik, baina ez dira horrela kontutan hartzen". Hasieratik onartu du elkarrizketa ematea txintxarri-ri, bere egoera berberean dauden emakumeei lagungarria izango zaielakoan. 

Zergatik ez duzu zure izen-abizenak publiko egiterik nahi? 

Nik ez dut arazorik aurpegia emateko. Lotsa galdu dut, ez naiz berriro ezkutatuko. Nire seme-alabengatik egiten dut. Nahikoa sufritu dute, ez dut nahi orain haien amari buruz hitz egitea korridoreetan. 

Biktima izateagatik lotsa izan duzu? 

Bai. Harekin [erasotzailearekin] bizi nintzenean, kalean bururik ez nuen altxatzen, inor ez agurtzeko. Bakartu egiten duzu zure burua, ez duzu nahi inork galdetzea zer moduz zauden, agian negarrez hasiko zarelako.  Lotsa ematen dizu onartzeak zure bizitza hutsegite handi bat izan dela. Erruduna sentitzen zara. 

Nolako pausoa izan zen zuretzat tratu txarrak salatzea? 

Kontatzen duzun unean bertan egia bihurtzen da. Indarkeriaren biktima zarela zalantzan jartzen duzu, baina publiko egitean, egia bihurtzen da. Nik ez nuen sinetsi nahi benetakoa zenik, eta bi urte egon nintzen salaketa jarri nuen arte. 

Bi urte denbora asko da.  

Bi urte infernuan bizitzen? Bai, denbora asko da. 

Zergatik horrenbeste denbora? 

Tratu txar emaileek oso txikia sentiarazten zaituzte. Horren txikia, ezen zure buruaz zalantza egiten duzun, erotu egin zarela sinetsi arte. Zurrunbilo izugarri batean sartzen zara; beldurrez akabatzen zaude. 

Zeren beldurrez? 

Eta gero zer? Zer egingo dut? Askotan esaten zidan: "Banatzen bagara akabatu egingo zaitut, eta umeak nirekin eramango ditut". Bertigo handia ematen du. Batzuetan nahiago duzu denak berdin jarraitzea, horri aurre egin beharrean. 

Emakume ausarta eta segurua dirudizu. Biktimek ba al dute profil jakinik? 

Ez. Edozein izan daiteke; pertsona normalak gara. Babak eltzetik atera ditut beti, ez dut nire bizitza gidatuko duen gizonik behar izan inoiz. Antza denez, ez dut biktimaren profila  betetzen, jenio txarra dudalako. Nire amak eta beste emakume askok esan izan didate: "Baina ez zaitu jotzen, ezta? Zerbait egingo zenion". Baina pertsona horrek txikia sentiarazten nau. Ikusten dudan bakoitzean pixa egiten dut galtzetan. 

Zerk bultzatu zintuen bi urteren ostean salaketa jartzera? 

Haren senitarteen aurrean mehatxatu ninduen, hil egingo ninduela. Bere anaiak esan zidan: "Edo nirekin batera zatoz salaketa jartzera, edo ni bakarrik joango naiz". Hernaniko polizia etxera joan nintzen. 

Nola sentitu zinen? 

Ez nekien zer egin, zer zen hoberena nire seme-alabentzat. Etxean [erasotzailea] edukitzea ona izango zela uste nuen, eta kontrakoa izan zen: neure burua zigortu dut horregatik. Zaila da hitzak jartzea horri guztiari; nahaste handi batean sartuta nengoen. Salaketa jartzean amildegira jauzi egin banu bezala sentitu nintzen: eta orain zer? 

Zer kontatu zenien poliziei? 

Hori da bestea: zer esango diet, jotzen ez banau? Bultzada bat edo kamisetatik heldu gehienez, baina nik ez nituen jipoiak jasotzen. Mehatxuak, bai: "Inork aurkituko ez zaituen toki batean lurperatuko zaitut; istripu bat izango duzu gutxien espero duzunean...". Orduan hasi nintzen benetan beldurra izaten. Niri zerbait gertatzen bazait, nork zainduko ditu nire seme-alabak?. 

Beraz, erasotzailearen familia ere jakitun zen tratu txarrez. 

Bai. Hiru hilabetez eraman zuen arrebak bere etxera. Baina sekulakoak egiten zituen; gure kontutik dirua gastatzen zuen, eta egunetan ez zen etxetik pasatzen. Azkenerako, bere arrebak ere etxetik bota zuen. Eta nork jaso zuen kale gorrian ez egoteko? Nik. 

Zergatik hartu zenuen berriro etxean?  

Uste nuelako nire eginkizuna zela bera salbatzea. Pertsonalitate bikoitza izango balu bezala zen. Urteetan ondo ibili ginen, baina azken haurdunaldian gauzak okertzen joan ziren; droga kontsumitzen hasi zen, eta berriro mendean erori zen. Nik, azken batean, ezagutu nuen beste pertsona hura bueltatzea nahi nuen. Baina konturatu nintzen hura salbatu nahian ni ari nintzela hondoratzen. 

Zer moduz portatu dira zurekin erakundeak? Babestuta sentitu al zara? 

Hutsegite asko izan dituzte nirekin. [Erasotzailea] Etxean nuela, 2.000 euroko transferentzia bat eginarazi zidan, eta oporrak hartuta hamabost egun eman zituen parrandan. Beldurrak akabatzen eman nituen egun horiek, etxera noiz eta zer egoeran etorriko zain. Udaleko Gizarte Zerbitzuetara deitu nuen, eta abuztua zenez, esan zidaten ezin nuela etxetik alde egin, etxebizitza abandonatzea litzatekeela. Alegia, nire kalterako izango zela. Irailera arte eusteko gomendatu zidaten, eta nire senarra itzuliko balitz, asko ez hitz egiteko, gehiegi ez haserrarazteko. 

Etxebizitza abandonatzea? Gehiegi ez haserraraztea? 

016 telefonora deitu nuen, eta esan zidaten arropa prestatu eta lehenbailehen etxetik alde egiteko. Etxebizitzaren abandonoa ez da existitzen. Bere erasotzailearen beldur den emakumeari ezin zaio esan etxean eusteko, eta are gutxiago Gizarte Zerbitzuetatik. Ez dut pentsatu nahi zer gertatu zitzaidakeen kasu egin izan banie. 

Salaketa jartzean zer gertatu zitzaien haurrei? 

Urruntze agindua jarri zioten berari, eta aste barruan bitan bisitatzeko aukera eman zioten, eta egun batez asteburuan. Baina ez zen ondo portatzen; haren lagunen etxera eramaten zituen. Ezagutzen ditut zeintzuk diren, eta ez dira konpainia onak umeekin ibiltzeko. Ezin nuen hori onartu. 

Zer egin zenuen? 

Urruntze agindua zuenez, nire gurasoekin geratzen zen haurrak hartzeko. Horietako batean, oihuak entzun nituen, eta ikusi nuen haurrak modu zakarrean sartzen zituela autoan. Aurre egin nion, eta kolpe batez baztertu ninduen; haurrak eraman zituen ziztu bizian autoan. Ondoren atxilotu egin zuten. Bisitak galdu zituen orduan. 

Arnasa hartuko zenuen, ezta? 

Haurrak salbatzea izan da beti nire helburua. Besterik ez dut buruan. Kolpea ondo jasota egon zen, horixe lortu nuelako. Ez zituen haurrak berriro hartuko.  

Azken finean, haurrek horrelako egoeratan asko sufritzen dute.  

Ez egin zalantzarik. Haurrak indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira, baina justiziak ez ditu kontutan hartzen. Garrantzitsuena haurrak babestea da. Ama gaizki tratatzean, haurrari ematen zaizkio tratu txarrak. Infernu batean sartzen dituzu. Eta babestu ordez, bultzatzen dituzte erasotzailearekin elkartzera. 

Zer eragin izan du honek guztiak zure seme-alabengan? 

Zaharrena errudun sentitzen da. Bestea ez da gai fardelak uzteko, eta badu horretarako adina. "Aita, ama, pupa", errepikatzen zuen denbora batez.

Elkartze puntuan bisitak izan dituzte haurrek

Bai. Erasotzailearentzat oso erraza da hori. Ordubetez itxurak egin behar ditu gizarte hezitzaileen aurrean. Baina hori ere gaizki egin zuen. Ez zen saioetara joaten, edo drogen eraginpean joaten zen. Garrasi egiten zien haurrei... Bisitak kendu zizkioten azkenean.

Urruntze aginduak nola funtzionatzen du? Eraginkorra al da? 

Nahiz eta debekatuta izan, herrira etortzen zen, eta ni hilko ninduela esaten zion jendeari. Ertzainek esaten zioten joateko, baina ez zitzaion beste ezer gertatzen. Amesgaiztoa izan zen; ezin nuen herritik ibili, berarekin topo egiteko beldur. Sanpedroak etxean pasa genituen; pentsa zer haserrea hartu zuten haurrek.  Eraginkorrak al diren? Ez al duzu ikusten hiltzen dituzten emakume mordoa?  

Nola lortu zenuen urruntze agindua hausten zuela frogatzea? 
Pertsona zintzo asko ere badaude, zorionez. Eta horietako batek ohartarazi zidan halako tabernan zegoela, goizean goiz, mozorrotuta. Ertzaintzari deitu nion, eta preso eraman zuten. Laugarren aldiz harrapatu zuten urruntze agindua hausten. 

Nola aldatu da zure bizitza erasotzailea kartzelan sartzean? 

Orduan hasi nintzen bizitzen. Sekulako uda pasa genuen. Nahi nuen tokira joan nintekeen, askatasunez. Plazan egon nintekeen, lasai. Haurra urrundu zitekeen hogei metro lagunekin jolastera, ni kezkatu gabe. 

Alegia, pertsona arruntek egiten dutena egin zenezakeen azkenean. 

Ez zara benetan ohartzen zenbateraino zauden preso, benetan aske izan arte. 

Kartzelan posible al du haurrak ikustea?

Elkartze puntura bueltatzeko epaileak desintoxikatzera behartu zuen. Nik ez nuen nahi elkartze puntura itzul zitezen, haurrak babestearren. Baina ez dira biktimatzat hartzen, eta, beraz, ez diete haurrei galdetzen. Ez dituzte haien beharrak kontutan hartzen, aitaren edo amaren txostenetan oinarritzen dira baimenak emateko. 

Eta haurren txosten psikologikoak zer zioen elkartze puntura joateari buruz?

Haurrek ez zekiten kartzelan zegoela. Zentro batean sendatzen zegoela esaten nien. Psikologoak txosten bat egin zuen, baina Gizarte Zerbitzuetan faltsutu egin zuten; nire aurkako gauzak jarri zituzten, eta ez zuten haurren egoeraren berri eman. Psikologoarekin hitz egin nuen gero, haserre. Baina konturatu ginen bi txosten desberdin zeudela. Bere txostena moldatu zuten, eta bere sinadurarekin bidali zuten. 

Legez kanpokoa da hori. 

Irregulartasun handiak egon dira. Bai, delitua da. Gizarte Zerbitzuetan  esan zuten "laburpen bat" egin zutela. Kontua da txosten hori gaizki zegoela, eta epaileak beste bat eskatu zuen. Baina beste horretan ere, ez zituzten kontutan hartu umeak, eta elkartze puntura bidali zituzten. Horretan gaude orain. 

Hutsegite asko izan dituzte Gizarte Zerbitzuetan.  

Eta gehiago egon dira ere. Nire gizarte langileak ez dit sekula ezertan lagundu, ez dit inoiz ezertarako deitu. 

Diru laguntzen berri ez dizute eman?  

Erasotzaileak miseria betean utzi gintuen. Ez hipoteka ordaintzen, ez beste ezertan ez digu lagundu. Diru laguntza baten berri eman zidaten, eta nire gizarte langileari galdetu nion; niri ez zegokidala esan zidan. Gasteizera deitu nuen, eta argi esan zidaten: indarkeria matxistaren biktima guztientzako da. 

Berriro joan zinen Gizarte Zerbitzuetara?  

Bai, eta esan nion bazegokidala. Hark berriro ezetz, eta Gasteizera deitu zuen, bozgorailua jarrita. Nire aurrean erantzun zioten eskubidea nuela diru laguntza horretarako. Gizarte langileak bazekien dirurik ez nuela; seme-alabei jaten emateko ere ez nuen. Laguntzari esker, 7.000 euro eman zizkidaten segituan. 

Nola da posible? Horren kontra zerbait egitea pentsatu duzu?

Ez dut ezer egiterik. Arkakuso bat naiz erakunde erraldoi baten aurka. Gizarte Zerbitzuek ez didate ezertan lagundu; dena nik bakarrik lortu dut. Nire bizitza ekonomiko guztia zaindu besterik ez dute egiten; laguntzak zertan gastatu ditudan kontrolatzen dute uneoro. Faktura guztiak erakutsi behar ditut. Emakume biktimaren kontrola izugarria da; bakarrik nago, nire seme-alabak aurrera atera nahian, mehatxatuta naukan mamu bat atzean dudala. 

Erakunde publikoek bakarrik utzi zaituzte? 

Hala sentitzen naiz. Ez didate inoiz deitu ezer eskaintzeko. Sekulako aktorea bihurtu naiz. Lur jota egon naiteke, baina gai naiz umeen aurrean itxurak egiteko eta haiekin jolasteko.

Bi urte pasa dira salaketa jarri zenuenetik. Zer moduz zaude? 

Errusiar mendi emozional batean bizi naiz. Ondo nago, haren [erasotzailearen] berri izaten dudan arte, eta orduan itzultzen zaizkit mamu guztiak. Medikazioa hartu beharra dut. Lehen ohetik ateratzeko ere gogorik ez nuen izaten askotan. Lo egiteko ere hartzen dut zerbait. Halere, amesgaiztoak izaten ditut. 

Eta zer moduz daude haurrak? 

Bi urte hauetan ez diet haurrei esan haien aitak egin duena. Kokatu beharra dute aita, eta nik esan diet sendatzen dagoela zentro batean, nahiz eta kartzelan egon. Txikiena ez da gogoratzen elkartze puntuan izan zituen istiluez, eta arazoak ditu eskolan, beste umeek esaten diotelako aitarik ez duela. 

Elkartze puntura itzuli dira haurrak? 

Bai. Donostiako elkartze puntua, Prim kalekoa, zabor hutsa da. Ez dago haurrentzat pentsatuta. Oso leku ilun eta itsusia da; soto zahar bat. Sartzen garenean, gainera, nire erasotzailea entzuten eta ikusten dut. Ez dago lekurik, eta ordu txarrak ematen dituzte. Prozesu honetan guztian ez dira kontutan hartzen haurren beharrak. Tamalgarria da. 

Zer moduz doakie haurrei? 

Nire seme-alabak ez daude ondo, baina bisitak haien aitarekin ez doaz gaizki. Ongi ikusi dute. Baldintza asko jarri dizkiote: gizarte hezitzaile baten presentzia eduki behar dute, eta hainbat gairi buruz ezin dute hitz egin, niri buruz, adibidez. 

Nahitaezkoa al da umeak elkartze puntura joatea? 

Bai. Zaharrenari zorabio bat eman zion sartu aurretik, eta esan zidaten salbuespen bat egin zezaketeela, ez sartzeko. Baina arrastaka bada ere, sartu egin behar dituzu. 

Txikienak hobeto eraman zuen?  

Ez zuen aita ezagutzen, eta berarekin ongi egon zen, jolasten. Egia da txikienak kalean aurkitzen duen edozeinekin jolastu dezakeela. 

Nola eragin die haurrei aita berriro ikusteak?  

Zaharrenak gaizki pasa izan du elkartze puntuan, iraindu eta garrasi egin izan baitio aitak. Orain ondo dagoenez, nire aurka egiten du. Egunero hitz egiten dut haiekin; zaharrenak esaten dit ez zaiola ezer gertatzen, baina badakit eragina izan duela aita ikusteak. 

Psikologoak laguntzen al du horretan?  

Hori da gertatu zaigun beste gauza bat: azken boladan gurekin egon den psikologoa kasutik baztertu dute. Gizarte Zerbitzuetan dago, baina ez digute guri egokitu. Elkartze puntua hasi aurretik deitu eta deitu egin behar izan nuen psikologoarekin hitzordua hartzeko. 

Nola hartu duzu psikologo aldaketa?  

Lotsagarria da. Nire seme-alabak ez dira espediente zenbaki soil bat. Psikologo horri ireki zitzaion nire seme-alaba zaharrena, eta harekin hasi zen hitz egiten. Berriarekin ez du hitzik egiten. Baztertu ziguten psikologoa, baina erregutu nien sikiera saio bakar bat edukitzeko, agur moduan. Dena ukatu didate. Patetikoa da. 

Nabaritu duzue aldaketa?  

Berriro fardela erabiltzen hasi da txikiena. Eta saioetan oraindik ez dute hitz egin horri buruz. Izua dio komunera joateari. Gizarte Zerbitzuek zigortu egin naute. Ni ez; nire seme-alabak. 

Zenbat denbora geratzen zaio kartzelan erasotzaileari?  

Hirugarren graduan sartu da orain. Gero zaintzapeko askatasuna izango du. 

Nola daramazu hori?

Gaizki. Beldurra sentitzen hasi naiz berriro. Ertzaintzak zaintzen ditu berriro ere ni ibiltzen naizen inguruak. 

Bizkarzainak jarri dizkizute? 

Nire ordutegiak eta errutinak galdetzen dizkidate, haurrak ikastolatik jasotzen ditudan orduak, eskolaz kanpoko jarduerak... Baina niri ezin didate eman informaziorik nire erasotzailearen inguruan, nondik ibiltzen den jakiteko; hara ez joateko behintzat. Hori al da konponbidea? Emakumea zaintzea? Sistema ez dabil ondo. Astean zenbat emakume akabatzen dituzten besterik ez da ikusi behar. 

Beldurra ematen jarraitzen dizu?

Marra bat sartzen duen unean, eta jakiten duenean bikotekidea dudala, nire bila etorriko da. Erotu egingo da. Haren abokatuaren bidez jakin izan dut familia berreskuratzeko asmoa duela. Pasatakoa eta gero... Harrikada ederra du. 

Nolakoa izan da zure gertukoen erantzuna jakitean biktima zarela? 

Denetatik. Batzuk uko egin diote epaiketan deklaratzeari, nahiz eta mehatxuen lekuko izan. "Ni ez naiz bikoteen kontuetan sartzen", esan izan didate. Bikotea? Urruntze agindua du eta. Baina, oro har, jendea oso ondo portatu da. Erakundeak ez, baina bai jendea. Asko lagundu didate. Badakite diruz justu nabilela, eta haurrentzako arropa eskaintzen didate. Irakasleak, hezitzaileak, jangelakoak, herritarrak... izugarri ondo portatu dira denak gurekin. 

Urruntzeko agindua izango al du kartzelatik ateratzean? 

Bai. Bost urtez ezin du Lasarten sartu. Baina hor ez da bukatzen. Etxea enbargatu nahi izan didate, hark utzitako zorrak ordaindu behar ditut-eta oraindik. Amesgaiztoa ez da sekula bukatuko, ez behintzat bera bizirik dagoen arte.