Ilazki Zalakain: "Ibilbidea erakargarria da, eta giroa aparta"

Adrian Garcia 2018ko urr. 26a, 11:50
Talde indartsua du Irristakak; iaz hiru patinatzaile sailkatu ziren lehen bosten artean. Zalakain txapelduna izan arren, azken unera arte ez du jakingo parte hartuko duen

"Ibilbidea teknikoa da, eta lehen zatia da erabakigarria". Ilazki Zalakainek (1982, Tolosa) Lasarte-Oria Bai! kroseko patinatzaileen lasterketaren bi ezaugarri eman ditu. Lehen edizioa egin zuten iaz, baina "etorkizun oparoa" aurreikusi dio probari. Badaki zeri buruz hitz egiten duen. Hain justu, patinatzaile zaildua da tolosarra; nagusitasunez irabazi zuen iazko edizioa.  

Iazko txapelduna izango al da aurtengo irteeran? 

Saiatuko naiz, baina zaila izango dut. Oraintxe eduki berri dut ume bat, eta denbora ateratzeko zailtasun handiekin nabil. 

Iaz egin zen lehen aldiz patinatzaileen lasterketa. Nolakoa da ibilbidea patinetan lehiatzeko? 

Nahiko teknikoa da. Hasieran aldapa batzuk badaude. Urbil ingurutik joaten da lehen zatian, eta berriro herrira bueltatzean   bihurgune txar pare bat daude. Zubieta aldean ere badago zatiren bat oso ondo asfaltatu gabe, baina oro har, ibilbidea ederki dago. Erakargarria da, eta gainera giro aparta egoten da.   

Patinetan asko baldintzatuko du eguraldiak, ezta? Korrika baino gehiago behintzat. 

Bai. 90 graduko bihurgune bat, aldapa behera bustita baldin badago, oso kontuz ibili behar da. Iaz ihes eginda nindoan, abiada bizian... arriskutsua izan daiteke. 

Ibilbidea ezagututa, zer estrategia hartzea gomendatuko zenioke patinatzaile bati? 

Hasieran aldapak daude, eta, ondorioz, azkar egiten da onenen hautaketa. Hobe da zati teknikoetara onenen taldean iristea, arriskuak ez hartzeko azken orduan. 

Korrika ez bezala, haize babesak eragin handia du, txirrindularitzaren antzera.  

Hori da. Aldapa gora ez du horrenbesteko eraginik, eta hor egin daiteke hautaketa. Gero Zubieta aldera ailegatzen bazara taldetxoan, hor bai, garrantzi handiagoa du haizetik babestuta joateak, eta zailagoa da baten bat atzean uztea. 

Talde lanak garrantzi handia du orduan. Horri esker irabazi zenuen zuk iaz, ezta?  

Bai, taldekide gehiago ginen, eta oso argi genuen estrategia; eraso bat bestearen atzetik jo genuen, gure patinatzaile batek ihesaldia hartzea nahi baigenuen. Nire taldekide  batzuk ihes egin zuten, harrapatu zituzten, eta azkenean nik lortu nuen urruntzea; helmugaraino iraun nuen. 

Irristaka taldetik etorriko al dira lasterketa irabazteko hautagaiak? 

Bai. Hiru maila antzekoan gaude.  Josu Aldazek eta Iñaki Zubillagak parte hartuko dute; edozeinek irabaz dezake. Ni saiatuko naiz hor egoten, eta ahal badut haiei laguntzen, garaipena lortu dezaten.