Iker Uson: "Bizikidetzan bide polita egin du Lasarte-Oriak"

Adrian Garcia 2019ko urt. 28a, 11:00
Irene Gantxegi adituarekin batera, mahai ingurua egingo du tolosarrak datorren asteazkenean, Mirentxuenean. Gazteak eta memoriaren transmisioa izango ditu hizpide

Ongi ezagutzen du Lasarte-Oria Iker Usonek (Tolosa, 1979), bertako Bizikidetza Mahaiko dinamizatzailea izandakoa baita. Baketik fundazioko koordinatzailea da, eta gazteek gatazkan izandako eskubide urraketaz dakitena ikertu du. Hain justu, Gazteria, memoria eta transmisioa mahai ingurua gidatuko du, Irene Gantxegi adituarekin batera, datorren asteazkenean, 19:30ean, Mirentxuenean. "Garrantzitsuena da gazteek ulertzea zer gertatu zen, gertatutakoa ez errepikatzeko". 

Arazo bat al dago gazteei memoria transmititzean? 

Beharrezkoa da arazoa bezala ez hartzea; erronka bat da. Arazoa orain gutxi arte izan dugu, indarkeria oso presente zegoenean. Oraindik arazotxo batzuk baditugu, baina lehen genuen sufrimendu maila asko baretu da. Oro har, memoriaren inguruan dugu erronka, eta hor belaunaldi guztiak sartzen dira. 

Etorkizuneko belaunaldiei memoria transmititzeak zer nolako garrantzia du? 

Haiek esango digute berraskidetzeak edo elkarbizitza berriak arrakasta duen edo ez. Alegia, nire semeak 10 urte ditu. Baina beste 20 bat dituenean, pentsatzen badu proiektu politiko-sozial-ekonomiko bat aurrera eramateko indarkeria erabili ahal dela, esan nahiko du gure belaunaldiak ez duela lana ondo egin. Kontua ez da Euskal Herriaren edo Espainiaren aldeko borrokan ez erabiltzea indarkeria. Baizik eta gai nazionalaz aparte, beste edozein gaietan bitarteko horiek ez erabiltzea. 

Unibertsitateko ikasleekin ikerketa egin duzu, gatazkari buruz duten ezagutza aztertzeko. Zer emaitza atera dituzu?

Badaudela zer egiteko garrantzitsu batzuk; hutsuneak badaude jakindurian. Dena ondo jakiteak bermatzen al du gertatutakoa ez dela errepikatuko? Ez. Baina errazagoa da gertatzea ez badira ezagutzen giza eskubideen bortxaketen ondorioak. 

Zer nolako hutsuneez ari zara? 

Gertakari latz batzuetaz galdetzean, ez dakit/ez dut erantzuten asko topatu ditugu. Miguel Angel Blanco edo Lasa eta Zabalari buruzko galderetan handia zen erantzuten ez zutenen kopurua. Nire interpretazioa da jakinduria faltagatik dela. 

Larria da unibertsitateko ikasle batek gertakari horiei buruz ez jakitea.  

Bai. Hitzaldian datu gehiago emango ditut. Miguel Angel Blanco ETAk hil zuen? galdera egitean, %40k ez zekiten edo ez zuten erantzun nahi. %53k aukera zuzena egin zuten. Zure ustez zer da Lasa eta Zabala kasua? galdetzean, %32k aukeratu zuten ez zekitela edo ez zutela erantzun nahi, baina %13k hautatu zuten ETAk bahitu eta hil zituela. Hipercorren inguruan, %50k ez zekiten edo ez zuten erantzun. 

Kopuru handiak dira horiek. 

Ez da gainera, denbora iragan delako, baizik eta ez delako ezagutzera eman. Historiako beste pasarteei buruz, esaterako, Normandiako lehorreratzea, Auschwitz... horrelako gertakariei buruz zerbait ikasi genuen. 

Hutsune horiek interes faltaren ondorio al dira? 

Interesa ez da izugarrizkoa. Genero indarkeria edo beste egoera sozial batzuk interes gehiago sortzen dute. Baina interesa badago. Halere, ez badira eskaintzak aurkezten, interes hori desagertu egiten da. 

Erronka horiek nola landu behar dira? Zer pisu du hezkuntzak? 

Eskola ez da informazio iturri bat, ikerketan agertu denez. Hezkuntzan ez da ezer landu. Momentu gogorrenetan zaila izan da, orain ere polemika handia sortu du azken ekimenekin. Hezkuntzak badu zer egiteko; ez transmisio objektibo edo zehatza egiteko, aukerak emateko baizik, ikasleek irakurtzeko edo entzuteko. Ez dago kontakizun bakarra, egi bakarra. Baina testigantzak bildu daitezke, eta espiritu kritiko batekin ikasleen aurrean jarri, haiek gero bere ikuspuntua lantzeko. 

Lasarte-Oriako Bizikidetza Mahaia dinamizatu duzu. Herri anitza izateak bultzatzen al du elkar ulertzera?

Pertsonek egiten dute errazagoa edo zailagoa bizikidetzarako espazioak sortzea. Lasarte-Orian dozena bat pertsona prest zeuden arriskuak hartzeko, eta jende ezberdinekin parte hartzeko. Gipuzkoako herri txikiagoetan egon naiz, bi nortasun politiko nabarmen zeudenak, biak abertzaleak. Eta Lasarte-Orian baino zailagoa zen askotan. Oso bide polita egin du Lasarte-Oriak, bai EH Bildurekin, baita orain PSE-EErekin ere. Alkateek asko egin dute, Pablok [Barriok] eta Jesusek [Zaballosek], baina baita atzean lan egiten dutenek, isilpean.