Iban Muñoz: "Auzoko beharrei modu bateratuan erantzuteko bada etorkizuna"

maddi-noriega 2017ko urr. 6a, 12:00
Ate joka dira Lasarte-Oriako Sasoeta auzoko festak. Ostiralean, arratsaldeko txupinazoak emango die hasiera jaiei, eta igande eguerdira bitarte, hamaika ekintzaz gozatzeko aukera izango da, auzoan. Sasoetaren alde lan egiteko orain bi urte sortu zen auzo elkartea

Ibilbidea hasi berri du Lasarte-Oriako Sasoeta Sasoian auzo elkarteak. Orain bi urte, auzoko  beharrei erantzuteko asmoz elkartu zen bizilagun talde bat,  eta orduz geroztik, lan talde ezberdinetan bilduta, auzoaren alde ari dira lanean. Elkarteko kide da Iban Muñoz (Lasarte-Oria, 1972), eta Txinxtarri-rekin izan da auzo elkartearen eta aurtengo jaien berri emateko.

Noiz eta nola osatu zenuten Sasoeta Sasoian auzo elkartea?   

Elkartea 2016ko maiatzean sortu zen. Auzoaren alde zerbait egiteko gogoa zuten bizilagun talde txiki batez, eta bertako biztanleez bultzatua.

Zein behar asetzeko erabaki zenuten elkartea sortzea?

Auzoaren alde lan egiten zuen elkarte zahar bat zegoela bagenekien, besteak beste, festak ere antolatzen zituena, eta talde horren espiritua jaso nahi genuen. Gure elkarteak Sasoetako biztanleen eskubideak eta interesak bermatzea, eta bizilagunen arteko adiskidetasuna eta elkartasuna bultzatzea du helburu.

Garai batean egiten ziren Sasoetako jaiak. Urte batzuetan geldiunea izan da, eta hori berriro ere martxan jartzeko asmoz ere osatuko zenuten elkartea, ezta? 

Elkarteak festak baino helburu gehiago baditu ere; jaiak ospatzea auzoan aurkezteko eta elkartearekin hasteko modurik errazena zen. Garai batean irailaren bukaeran ospatzen ziren eta data hori ahalik eta gertuen mantentzea aukeratu genuen. Hala ere, elkarteak batzorde desberdinetan egiten du lan; hirigintza, kultura eta sozioekonomikoa, besteak beste.

Belaunaldi berriek hartu al zenuten lekukoa iragan urtean?

Baietz esan daiteke, behar baino denbora gehiago berandutu bagara ere. Edozein modutara, auzora jende gaztea eta umeak etorri izanak bultzatu du elkartearen sorrera, auzoaren alde altruista gisara gauzak gogoz egiteko.

Non biltzen zarete?  

Momentuz ez dugu toki finkorik, udalera eskaera egina badago ere. Gaur egun, kultur etxeko aretoetan, tabernetan edo elkarte gastronomikoek utzitako tokietan biltzen gara.

Zenbat kidek osatzen duzue auzo elkartea? Jende gehiagoren laguntza behar duzuela uste duzue?

Azken zenbaketara arte 110 bazkide ginen, baina azken egunotan jende gehiago apuntatu da, festetako ekintzetan parte hartzearen ondorioz. Ahalik eta laguntza gehien behar dugu, eta auzokide guztiek izena ematea gustatuko litzaiguke. Guztiz dohakoa da bazkidetza, eta lan taldeetan, batzordeetan edo norberak nahi duen taldeetan parte hartu daiteke.

Zenbateraino inplikatzen dira bizilagun eta komertzioak?

Ekintza desberdinen antolaketan,  aktiboki parte hartzen duen bizilagun talde bat dago. Egitarauaren ekintzak antolatzeko boluntario asko beharrezkoak dira, baina baita behar samurretarako ere, txosnaz arduratzeko, garbiketa lanerako, besteak beste. Iaz, auzoaren konpromisoa ekintzetan galanta izan zen, eta aurten handiagoa izatea espero dugu. Beti eskuzabal diren bizilagunen dohaintzak ere goraipatu behar dira, baita auzoko merkataritza gune guztien inplikazioa ere. Auzokide eta bertako merkataritza guneekin oso pozik gaude, eta hemendik gure eskerrak luzatu nahi dizkiegu.

Auzoko festez gain, beste ekintzarik antolatzen al duzue urtean zehar?

Urtean zehar ekintza desberdinak antolatzen dira, bai, aurrekontuak eta kideon denborak baldintzatuta. Ekitaldi nagusia auzoko festak badira ere, kirol ekintza desberdinak antolatu ditugu urtean zehar;  txirringa irteerak, Jose Martijaren oroimen ekiltaldia, umeekin museoetara bisitak, azoka solidarioak, eta San Pedro jaietan edo ihauteri konpartsan parte hartzea bezalako ekintzak, besteak beste. 

Era berean, beste erakunde batzuekin ere kolaboratu dugu, adibidez udalarekin, erregeetako kabalgatan, Extremeña elkartearekin, eta San Silvestreko antolatzaileekin. Hau guztia auzoa, bertako merkataritza guneak eta bertako biztanleak dinamizatzeko asmoz.

Bigarren urtez antolatuko dituzue festak aurten. Nola doaz prestaketa lanak?

Azken txanpan gaude eta gehiena prest dugu. Danborradarako eta Sorgin Dantzarako saioak martxan daude, egitarauaren ekintzak kontratatuak daude, eta orain,  ostirala iristeko zain gaude, ikuskizuna hasteko irrikitan.

Nolako festak izango dira aurten Sasoetan? Izango al da berrikuntzarik?

Berrikuntza nagusia da, festak igande eguerdira arte luzatu ditugula, bestela ez zegoen nahi genuen guztia egiteko denbora. Bestela, iaz arrakasta handia izan zuten ekintza nagusiak mantendu dira; danborrada, herri bazkaria, txiki diskoa eta kontzertuak. Eta beste hainbat nobedade gehitu dira, puzgarriak, zezesuzkoa eta sardina jate herrikoia, besteak beste.

Festak antolatzeko diru zorroak jarri zenituzten. Jakin ahal izan dugu horiek lapurtu dizkizuetela. Zer gertatu da?

Bakoitzak ahal duen neurrian diru laguntzak uzteko, merkataritza gune desberdinetan jartzen diren itsulapikoak dira. Iaz ere jarri genituen, baina ez zen inongo arazorik egon. Aurten berriz hiru lapurtu dizkigute, eta, ondorioz ,hauek aseguratu behar izan ditugu.
Ekintza tamalgarria izan da, baina zerbait puntuala dela iruditzen zaigu.

Auzo elkarte gisa, zein behar sumatzen dituzue?

Behar duguna da bilerak egiteko areto bat, gutxinaka lortzen goazen material desberdina gordetzeko. Aspalditik udalera egiten ari garen eskakizuna da, baina orain arte ez dugu zorte onik izan. Auzoan erreferentzia gune bat izateak, ekintza gehiago antolatzeko bultzada emango liguke, eta bizilagunak hartzeko aukera emango liguke. Egun, hau da falta zaiguna.

Zein etorkizun du auzo elkarteak?

Etorkizuna, ilusioz ikusten dugu; gauza onetarako, festetarako, arazoei irtenbideak bilatzeko, auzokideen beharrak eta kezkak modu bateratu batean adierazteko etorkizun baduela uste dugu.